NAIZ

Pertsona bat hil da Amoroton bero boladaren ondorioz eta Osakidetzak 184 larrialdi artatu ditu

Osakidetzak bero boladarekin lotutako 184 larrialdi artatu ditu azken egunetan eta 83 ospitalera eraman behar izan dituzte. Lakuako bozeramaile Bingen Zupiriak jakinarazi duenez, Amoroton pertsona bat zendu da.

Beroari aurre egiteko beharra.
Beroari aurre egiteko beharra. (Monika del Valle | FOKU)

Euskal Herriak azken egunetan jasan duen bero boladaren ondorioz, pertsona bat hil da Bizkaiko Amoroto herrian, eta, guztira, Osakidetzak 184 larrialdi artatu ditu tenperatura altuekin lotuta.

Bingen Zupiriak, Lakuako Gobernuko bozeramaileak, zehaztu duenez, 184 larrialdi horietatik 83 ospitalera eraman behar izan zituzten, 23 osasun zentroan artatu zituzten eta gainerakoek ez zuten lekualdatu behar izan. Artatutako 83 pertsona horietatik 15 Araban izan ziren, 48 Bizkaian eta 19 Gipuzkoan.

Zupiriak zehaztu duenez, asteburu honetan izan dira asistentzia gehien: 33 pertsona artatu zituzten larunbatean, 45 igandean eta 35 astelehenean. Nabarmendu duenez, azken urteetan erregistratutako bero boladarik «luze eta garrantzitsuenetako» bat da, eta, segurtasun arloan, dena badoa, aurreikusitakoaren arabera, bihar amaituko lirateke indarrean dauden alertak.

Tenperatura altuak direla eta, uztailaren 11tik 15era bitartean, astelehena eta ostirala bitartean, 38 sute izan ziren, eta horietako 12 larritzat hartu ziren. Gehienak Araban izan dira, eta suteak 5 egunetan 300 hektarea inguru erre ditu.

Astearte honetan amaitutzat eman dira azken egunetako tenperatura altuengatiko alertak, baina Lakuako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du Araban 13:00 eta 21:00ak bitartean, eta abisu horia Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, ordu tarte berean, sute arriskuagatik.

Ricardo Ituarte Lakuako Larrialdietako eta Meteorologiako zuzendariak ebazpen bat sinatu du asteazken honetarako, suteak saihesteko aurretik ezarritako murrizketak indarrik gabe uzteko, «arrisku mailak nabarmen jaitsi direlako».

Euskalmetek biharko egun grisa iragarri du, batez ere erkidegoaren iparraldean, eta prezipitazio txikia egingo du kantauri isurialdean. Tenperaturak jaisten jarraituko du, eta hori bereziki Ebroko ardatzaren puntuetan nabarituko da, beroa itogarria izateari utziko baitio.