NAIZ

Harrobiari keinu bat egingo dio Hondarribiak bere zesta denboraldirik luzeenean

Ostiral honetatik pilotari gaztez osatutako Master bat jokatuka da eta bertako bikote garaileak abuztu erdialdean hasiko den Grand Slamean jokatuko du.

Hondarribiako Grand Slamaren aurkezpena egin dute asteazken honetan.
Hondarribiako Grand Slamaren aurkezpena egin dute asteazken honetan. (JAI ALIVE)

Zesta punta azken urtean izaten ari den goraldiari etekina atera eta azken urteetako denboraldi luzeenari ekingo dio ostiral honetan Hondarribiko Jostaldi pilotalekuak. Baina izarrez harago, herri desberdinetako pilota eskolak ere sekulako loraldia izaten ari dira eta Hondarribian bertan 50 ume inguru ari dira azkenaldian zestaren sekretuak ikasi nahian. Eta erdi bidean dauden harrobiko pilotari horiek keinu bat egin nahian, Jostaldiko udako denboraldia nobedade batekin hasiko da, ostiral honetan ekingo dioten Mastersa. Txapelketa honetan zortzi gaztez osatutako lau bikotek hartuko dute parte eta irabazleek abuztuaren 12an hasiko den Grand Slamean parte hartzea hain zuzen ere.

Master honen lehen final erdian, gainera, etxeko pilotari batek, Julen Basterrak eta Salegik Arbe eta Lekueren aurka jokatuko dute. Finalerako beste txartela Hornaetxea-Aimarrek Olha eta Del Rioren aurka jokatuko dute. Bi kanporaketa hauetako irabazleek abuztuaren 5ean jokatuko dute Masterraren finala eta, bide batez, Hondarribiko Grand Slamean jokatzeko aukera.

Aurrera egitea lortzen duen bikotea Grand Slameko A multzoan arituko da Erkiaga-Irastorza eta Barandika-Lopezekin batera. Goikoetxea-Zabala, Beaskoetxea-Lekerika eta Olharan-Etcheto izango dira, ligaxka eran, B Multzoan arituko direnak. Multzo bakoitzeko bi bikoterik onenak urriaren 1ean jokatuko diren finalerdietarko sailkatuko dira eta finala astebete beranduago jokatuko da, urriaren 8an. Lehen sei jardunaldiak ostiral arratsaldeetan jokatuko dira eta irailetik aurrera larunbatetara aldatuko dira.