Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Urrian eztabaidatuko du Erresuma Batuko Gorenak Eskoziak galdeketa antolatzeko eskumena duen

Urriaren 11 eta 12an entzungo ditu Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak Edinburgo eta Londresen argudioak, lehenak galdeketa berri bat antolatzeko dituen eskumenen inguruan.

Johnson eta Sturgeon, Edinburgon egindako aurreko bilera batean. (Duncan McGlynn / AFP)
Johnson eta Sturgeon, Edinburgon egindako aurreko bilera batean. (Duncan McGlynn / AFP)

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, ostegun honetan jakinarazi duenez, urrian bista bat egingo du Edinburgoko Parlamentuak Londresen baimenik gabe Eskoziaren independentziari buruzko erreferendum berri bat deitzeko legeak egin ditzakeen erabakitzeko.

Auzitegiak urriaren 11n eta 12an entzungo ditu Holyrood-ek, Dorothy Bain prokuradore nagusiaren bitartez, independentziari buruzko kontsulta baten legezkotasuna ezartzeko aurkeztu dituen argudioak, Gobernu britainiarraren oniritzirik gabe.

Eskoziako Alderdi Nazionalistaren (SNP) buru eta ministro nagusi Nicola Sturgeonek Eskoziako Aktaren 30. Aginduaren (1998) baldintzak negoziatzeko eskatu zion duela gutxi Gobernu britainiarrari. Agindu horrek Westminsterreko Parlamentuak Edinburgokoari galdeketa egiteko boterea aldi baterako transferitzen dio, 2014an egin bezala.

Hala ere, Boris Johnson jarduneko lehen ministroak dagoeneko jakinarazi dio Sturgeoni ez duela transferentzia hori onartuko.

Sturgeonek independentziari buruzko erreferendum berri bat egiteko plan baten berri eman zuen, eta 2023ko urriaren 19ko data proposatu du kontsulta horretarako. Honen arabera, erreferenduma behartzeko bide judizialak eta hauteskundeetakoak aztertzen ari dira, espero zen bezala Londresek baimena ukatu ostean.

SNP-ko buruak aurre hartu zion Londresen helegiteari eta zuzenean jo zuen Gorenera. Aste honetan bertan jakin denez, Johnsonen Gobernuak Gorenari kasua dagoeneko bertan behera uzteko eskatu zion, erreferendum legea Edinburgoko Parlamentuak ez duela onartu argudiatuta. Gorenak, baina, argudio hau errefusatu egin zuen eta bi aldeek aurkeztu beharko dituzte bere argudioak epaitegiaren aurrean.

Auzitegi Gorenak Holyroodek beste erreferendum bat deitzeko legeak egiteko eskubiderik ez duela erabakitzen badu, Sturgeonek Erresuma Batuko hurrengo hauteskunde orokorrak (2024) erreferendum gisa baliatzeko asmoa du, bere alderdiaren programaren puntu bakar bezala independentzia aurkeztuz.

Gorenean argudioak emateko datak ere ez dira nolanahikoak. Izan ere, aurreko asteburuan, urriaren 8 eta 9an, SNP-k bere urteko konferentzia antolatuko du, non gai honek hartuko duen eztabaidaren erdigunea.