Naiz irratia

Inaxio Oiartzabal (Sare): «Presoak euskal herriratzea behar-beharrezkoa da»

Ostiral honetan eman ditu lehen pedalkadak euskal presoen gerturatzea eskatuko duen Sareren bizikleta martxak. Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramailea gurean izan da ekimenaren berri emateko.

Audio_placeholder

Inaxio Oiartzabal (Sare): «Presoak euskal herriratzea behar-beharrezkoa da»

Loading player...
Etxarri izan du abiapuntu Sareren bizikleta martxak.
Etxarri izan du abiapuntu Sareren bizikleta martxak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Etxarritik abiatu eta Durangoraino heltzea izango dute ostiral honetako etaparen helburua. Larunbatean Bizkaitik Gipuzkoarako jauzia egingo dute, Azpeitiraino, eta igandean Donostian izango dute azken helmuga, eguerdi partean. Sarek antolatzen duen bosgarren bizikleta martxa izango da aurtengoa.

'Etxera bidea gertu' leloa izango du aurten bizikleta martxak. Ekimenaren mezua argia da: «Azkenaldian ematen ari diren pausuak denon lanari esker izan dira, baina pausu horiek oraindik beste pausu batzuen atzetik etorri behar dira» adierazi du Oiartzabalek, «presoak euskal herriratzea behar beharrezkoa» dela azpimarratuz.

Ekimen honen agerraldian gogoratu zuten Sanchez Espainiako presidenteak orain lau urte salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko eta espetxe politika arrunta aplikatzeko konpromisoa hartu zuela. Lau urteren ostean pausuak «nahi baino motelago» eman direla baina «pozik» daudela aitortu du Oiartzabalek: «Isolamenduak eta urrutien zeuden kartzelak atzean utzi ditugu, lehen graduak ere atzean utzi ditugu. Eta orain geratzen dena da bigarren gradu eta hirugarren graduan blokeatuta dauden baimenak ematea. Eta gerturatu bai, baina euskal herrirarzea». Oraindik salbuespen neurriak ezartzen zazkie presoei, eta hori da «guztiz kendu behar dena eta berebiziko garrantzia duena», Oiartzabalen hitzetan.

Bizikleta martxa bakarrik ez, udaran zehar hiriburuetako jaietan hainbat manifestazio izango dira eta urriaren 8an Donostiako Illunben jaialdia egingo dute. Ikasturtea «inflexio puntu» bat dela azaldu du Oiartzabalek:«Helburu nagusi bat markatu genuen, urriaren 8an Donostia txiki geratzea, denok Donostian egotea. Argi geneukan mobilizaziorako eta  jairako egun bat izan behar zela balioan jarri behar ditugulako orain arte emandako pausuak».

«Kezka» Parot eta Esnalen inguruan

Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot auziaren inguruan Sarek egiten duen balorazioa zein den azaldu du Oiartzabalek. Ostegunean jakinarazi zuten irailaren 22an jakingo dugula haien baldintzapeko askatasunaren inguruko erabakia. «Kezkaz» bizi dutela aitortu du Oiartzabalek, fiskaltzaren jarrera eta ematen ari diren ezbaiak «nahi luketenaren kontra» doazelako. Eta nahiz eta Frantzian pausu batzuk eman, azkenaldian dauden oztopo eta blokeoak direla nagusi dio, eta horri «aterabide bat ematea» besterik ez daukala frantziako gobernuak.  Espero dute berandu baino lehen erabakiak nahiko luketen norabidean hartzea.