NAIZ
Iruñea

Nafar merezimendu dekretuari zuzenketak aurkeztu dizkiote Behatokiak eta Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak nafar Gobrnuak aurkeztutako proposamenari hainbat zuzenketa egin eta erregistratu dituzte. «Euskalgintzatik ikusitako atzerapausoek bere horretan jarraitzen dute».

Agurne Gaubeka eta Paul Bilbao, nafar Gobernuaren egoitzaren atarian.
Agurne Gaubeka eta Paul Bilbao, nafar Gobernuaren egoitzaren atarian. (Kontseilua)

Uztailaren 6an jarri zuen herritarren eskura Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazio dekretua. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aurkeztutako proposamenari hainbat zuzenketa egin dizkiote eta gaur bertan erregistratu dituzte.

Nafar Gobernuaren aurrean egindako agerraldian adierazi dutenez, «herritar guztien eskubideak bermatzeko bide bakarra langile elebidunak kontratatzea da», hala ere, kontuan hartuta egun hezkuntza ez beste esparru guztietan langileen %3ri besterik ez zaiola euskararen ezagutza eskatzen, dekretu honek «garrantzi handia» hartuko duela nabarmendu du: «Badakigu euskara merezimendu gisa baloratzeak badituela bere mugak, ez dituelako bermatzen langile elebidunak, baina aukera hau ere baliatu behar da», adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Bilbaok azaldu du Gobernuak ez duela «apenas aldaketarik» egin urtarrilean sindikatuei aurkeztu zien dokumentutik: «Euskalgintzatik ikusitako atzerapausoek bere horretan jarraitzen dute, duela bi hamarkada euskararen eta euskaldunen kontrako politika bortitzetan hartutako erabakiei jarraipena ematen die. Aukera izan du herritarren arteko bereizkeria saihesteko aldaketak egiteko, baina ez du halakorik egin», gehitu du.

Aurkeztutako zuzenketetan euskararen ezagutza lanpostu guztietan gehiago baloratzea eskatu dute: «Kontziente gara egungo lege-markoak zaildu egiten duela legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskararen ezagutza baloratzea. Horrexegatik, zuzenketa guztietan bi aukera eskaintzen dizkiogu Gobernuari», jakinarazi du Bilbaok. Horrekin batera, artikulu berri bat txertatzea proposatu dute, zeinaren arabera edozein lanpostutan euskararen ezagutzaren balorazioa ezin izango da atzerriko hizkuntza guztien balorazioaren batura baino baxuagoa izan: «Uste dugu oinarrizko eskaera hori ez onartzeak agerian utziko duela, beste behin, Gobernuak intentzionalitate maltzurrez jokatzen duela, euskara eta euskaldunok zokoratzeko intentzionalitatea».

Era berean, Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka oso gogor mintzatu da dekretuaren edukiaren inguruan: «Duela zenbait aste eraikin honetan bertan ehunka eskaera erregistratu genituen, Gobernuak Nafarroa osoko herritarrei erreparatzeko moduko dekretua prestatzeko. Erantzun ere ez digu egin, eta ehunka herritar horien eskaerei entzungor egin die. Are gehiago, maiatzean milaka herritarrok Iruñeko kaleak bete genituen, eta horri ere ez dio jaramonik egin. Hortaz, ezin esan daiteke Gobernua herritarren mesedetan dagoenik. Inondik inora ez», adierazi du.

Horrekin batera deitoratu du dekretua bera uztailaren 6an argitaratu izana: «Hiru urte izan ditu dekretua publiko egiteko, eta Iruñeko aste berezienean argitaratu? Horrek erakusten du, lehen Paulek esan bezala, intentzionalitatea izan duela Gobernuak dekretuaren eztabaida publikoa saihesteko».