NAIZ

Donostiako piratek aste osoko jai eta eraldaketarekin ospatuko dute 20. urtebetetzea

Pandemiak zeharkatutako bi urteren ondoren, aste osoko egitaraua berreskuratuko dute Donostiako piratek. Ez da faltako abordatzea ere, mugimenduaren ikur. Haiek bezala 20 urte bete dituen Bilgune Feministak botako du jai herrikoi, euskaldun eta feminista hauen txupinazoa.

Donostiako piratek 20. Aste Nagusi Piratako xehetasunak eman dituzte kaian.
Donostiako piratek 20. Aste Nagusi Piratako xehetasunak eman dituzte kaian. (Jon URBE | FOKU)

«Hogei urte igaro dira behe-lainozko egun batez itsasora jauzi egin genuenetik. Mastan mila koloredun bandera jarrita, zutik, gizarte eredu berri baten itsasoetara murgildu ginenetik», oroitu dute Donostiako piratek ostegun honetan kaian egindako aurkezpenean. «Iraultzea sortzea da; eta sortzea irautea. Enbatek eta arrokek jarraitu arren gertutik, bi hamarkada oso aritu gara festa, dantza eta goza, oztopo adina ezpata, arrotza zaigun Dono$tia abordatuz eta bizigarriagoa zaigun hiri baten alde gure ekarpena eginaz».

«Edozer dugu posible» sinetsita urte mordoz nabigatu duten arren, «oraindik ere berdinetan gaudela» ikusten dute: «Festa da gure tresna Donostiatik bota nahi gaituen Dono$tia honi aurre egin eta komunitatea indartzeko». Hortik aurtengo leloa: ‘Biba festa! Biba eraldaketa!’.

‘Aurtzaka goaz’ abestia

Kantatzea, dantzatzea, istorioak kontatzea eta elkarrekin zurrutean aritzea itsas kultura zabaltzeko eta komunitatea iraunarazteko marinelen jardueretako batzuk ziren. Eta Donostiako piratek ere sortu dute beren soinu banda. 2004an ‘Abordatzera’ kantua kaleratu zuten, eta 2012an, hamargarren urtebetetzean, ‘Mundu berri baten mapa’. Bada, ‘Aurtzaka goaz’ da 20. urteurrena dela-eta aurkeztu duten abestiaren izenburua.

Benat Antxustegi Goikoetxeak egin du; Markel Ormazabal eta Eneko Sierrak ipini dizkiote hitzak; eta Physis versus Nomos taldeak moldatu du. Antxustegik hiriko beste artista batzuen ahotsak izan ditu lagun: Sara Zozaya, Garazi Esnaola eta Gartxot Unsain. Eta Joseba Parronek ondu du bideoklipa.

Txupinazoa

Aurten ere Ezkila eta Mattik euren txalupa Donostiako kaian amarratuko dute jai herrikoien aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko. Urtero lez, Mattik gai bat eramango du besapean, Aste Nagusi Pirataren balioekin bat datorrena. Martuteneko auzo elkartea, Etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, abortuaren aldeko mugimendua, Irutxuloko Hitza, Errefuxiatuak, Izar eta Sara Majarenas, Altsasuko Gurasoak edota Donostiako gaztetxeetako ordezkariak izan dira aurreko urteetan txupinazo pirata bota dutenak.

Aurten, Bilgune Feministako kideak batuko dira. Haiek ere badute zer ospatua; izan ere, 2022an, 20 urteko jarduna beteko dute Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.

Jai feministen alde

Badira urte batzuk Donostiako piratek eraso sexistei erantzuteko protokoloa eta horren baitan puntu morea martxan jarri zituztela erasoak salatzeko eta artatzeko. Erreferente izatea lortu dute. Horren erakusgarri da 2019ko Aste Nagusian piraten gunetik kanpo gertatutako eraso matxista ugari salatu eta artatu zituztela bertan.

«Piratok aurten Donostiako Udalari eskaera eta proposamen konkretua egitea erabaki genuen: zenbait erreferentzia gune martxan jartzea, non lehen-arretan arituko diren profesionalak bermatuko diren. Hilabetetako elkarlana eta gero, Udalak lehen aldiz artatze eta salaketa beharrei erantzungo die, Bulebarrean izan ohi duen informazio gunean», nabarmendu dute.

«Piratok kontziente gara planteamenduak badituela hutsuneak (hirian gune bakarra izango da, profesional gutxirekin) baina, hala ere, argi utzi nahi dugu koordinazio eta gunearen osaketan laguntzeko konpromisoa dugula».

Aste osoko egitaraua

Egitarauari dagokionez, aste osoko proposamena berreskuratu dute, azken Aste Nagusi arrakastatsuen ildo beretik. Askotariko ekintzak izango dira Flamenkan zein beste zenbait txokotan: Muxikoak, bertso saioak, kalejirak, elektrotxaranga, jolasak, herri bazkariak, playback lehiaketa, bizifesta, kantujira...

Eta, nola ez, abuztuaren 15ean, baltsak hartuta, abordatzea egingo dute. Haurrek ere izango dute aukera partxea jantzi eta pirata sentitzeko, haientzat propio antolaturiko egitaraua izango baitute ostegunean.

Flamenka eta Trini guneetako gauak musikak girotuko ditu. Bertako musikariei lehentasuna emanez, programazio anitza, euskalduna eta parekidea osatu dute.

Batetik, urteetan bidelagun izan dituzten taldeak izango dira; esaterako, La Jodedera, agur biran dabilen Skakeitan, eta urteurren berezi hau ospatzeko berriro elkartu den 3gabe2. Bestetik, berriki osatutako Merina Gris zein Alargun Beltzak taldeek joko dute, eta Herenegun eta Onki Xin gisako banda gazteek.

Ohiko kontzertu eredutik aldenduta, Broken Brothers Brass Band, DJ Miau eta Lagunak eta Bravaren ikuskizunez gozatzen ahalko da.

Bestetik, Trinitate Plaza proposamen txikiagoen zale diren piraten gotorleku bilakatuko da. Gaueroko kontzertuez gain, hainbat musikariren emankizun akustikoak eta bertso saioak izango dira.