Maite Ubiria
Baiona

Haurren oihuei esker loaldi luzeenari amaiera eman dio, azkenean, Leon erregeak

Erregeari bi urtez luzatu zaion loaldiari amaiera ematea ez zen gauza erraza baina, haurren oihuek, alde batetik, eta kanpai hotsek bestetik, lortu dute bestezaleen zaindari den Leon iratzartzea. Haurren eguna da gaur Baionan.

Leonen loaldi luzea amaitu da, haur eta nagusien zoramenerako.
Leonen loaldi luzea amaitu da, haur eta nagusien zoramenerako. (Patxi BELTZAIZ)

Lehen gaualdiak utzitako ajeari aurre egin behar izan diote baionar askok. Horrendako, agian, guraso gazteak baino gehiago aitatxi-amatxi anitz ikusten ziren goizean goiz Baionan.

Diana eta gaiteroen soinuekin esnatu da Lapurdiko hiriburua. Bestak abiatu aitzin 8.000 bestazalek ospakizun osasuntsuaren aldarri egin bazuten, gaur goizean Askatasun Plazan Qi Jong saioa gorputza zein burmuinaren oreka berreskuratzeko baliatu dute hamarnaka lagunek.

Alta, haurren esku gelditu da kirol arriskutsuen atala. Peto urdina soinean zezenen bihurrikeriei ihes egiten jardun dute ehunka bestazale gaztek entzierro ttikia kari.

Susto bat edo beste izan bada ere, korrikaldi lanjerosak ez dituztelako saihetsi bi urteko geldialdia izan arren, forman direla erakutsi duten hainbat lasterkarik eta ekimena amaituta nehor ez da zauritua izan. Jokoek hartu diote erreleboa zezen aurreko lasterketari.

Gauzak horrela, Betisoak peñak eskainiriko txokolatearekin indarrak hartu ondoren, haur eta familien uholdeak Askatasun plazarako bidea hartu du.

Besteak-eko kideen agindupean danborradak, ohi bezala, bidea zabaldu du, hala Ttipi Tapa peñakoek, beraien aldetik, ahal izan dute erregearen Gorteko kideak bere nagusiarengana bertaratu jendearen artean hala hola aurrera eginez.

Eguerdian, «jaiki zaitez, jaiki zaitez Leon» -«debout, debout, debout Leon» oihuek bere emaitza eman dute eta kanpai hotsekin batera erregeak agurtu du balkoitik Askatasun plaza soilik ez, Sainduzpiritu auzora daraman ondoko zubia zuri-gorriz jantzi duen herritar andana.