Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

1.500 errealitate

Zaila bezain txalogarria da 1.500 lagun elkartzea halako helburu batekin, edozein ekimenetarako boluntarioak topatzea gero eta zailagoa bihurtu den garaiotan.

1.500 lagun inguru bildu dira auzolanean jaialdia aurrera ateratzeko.
1.500 lagun inguru bildu dira auzolanean jaialdia aurrera ateratzeko. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Oraingoan bai. Bi urte eta erdi baino gehiago igaro dira azkenekoz Hatortxu behar moduan antolatu ahal izan genuenetik eta, azkenean, asteburu honetan eman ahalko zaio forma pilatutako elkartasunari. Hatortxuk 23 urte daramatza bere ekarpena egiten euskal preso politikoen dispertsioaren aurkako borrokari, jai eremutik. Eta pandemiak gizartea astindu duen epe luzea ez da desberdina izan jaialdian antolatzen duen taldearentzako.

Hatortxu oasi bat dela entzun ahal izan dugu behin baino gehiagotan, edonon auzolanerako edo militantziarako garai zailak zirenean, milaka lagun batzen zituelako elkarlanean. Oasi bat agian bai, baina irla bat ez. Eta pandemiak ere bere eragina izan du jaialdian. Gogoan genuena baino zailagoa izan da festibala posible egingo duten 1.500 boluntarioak biltzea. Izan uda garaiagatik, izan norberaren denboraren eta aisialdiaren garrantziaren gorakadagatik edo izan, orokorrean, desaktibazioagatik.

Hala ere, ez izerdi gutxi botata, ateak irekiko ditu gaur Hatortxu Rocken 26. edizioak. 1.500 errealitatek bat eginen dute beste milaka pertsona askok jaialdiaz goza dezaten eta, batez ere, zentzua (inoiz izan baldin bazuen) erabat galdu duen dispertsio politika ankerrari azken kolpeak eman asmoz. Zaila bezain txalogarria da 1.500 lagun elkartzea halako helburu batekin, edozein ekimenetarako boluntarioak topatzea gero eta zailagoa bihurtu den garaiotan.

Azken Hatortxu egin genuenean baino ia 70 euskal preso politiko gutxiago daude espetxeetan. Baina oraindik 180 dira. Zigor luzeetara, dispertsiora eta ahanzturara kondenatu nahi izan dituztenak. Eta 70 gutxiago badira, Bilbon elkartzen ziren 100.000 lagunei esker izan da, baita auzoko bertso afarian biltzen ziren 30 pertsonei esker ere. Bide luze horren amaiera gertu, gero eta gertuago, dagoela ezin dugu ukatu. Baina denoi dagokigu Autonomia kaleko argazkian ateratzea, bertso afariko postrea prestatzea edo Hatortxun segurtasun txanda egitea. Horrela bakarrik mugiaraziko ditugu geldirik erosoago daudenak.