Jon Ormazabal

Mariezkurrenak eragindako haizearen aurka nabigatzen akitu dira Altuna eta Imazen indarrak

Partida oso gorabeheratsu eta gogor batean, Ezkurdiak eta Berriozartarrak euren bigarren puntua eskuratu dute. Altunak kolpe txar bat eraman du bizkarralde-sorbalda inguru horretan defentsan pilota bat eramatera bere burua botata frontisaren aurka jota.

Jon Mariezkurrenak partidaren aginte makila eraman du zatirik handienean.
Jon Mariezkurrenak partidaren aginte makila eraman du zatirik handienean. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Elkanoren lurretan hasi da Mastersaren hirugarren jardunaldia eta hark bezala, haizea aurka dutela nabigatzea zein nekeza den ikusi dute Jokin Altuna eta Ander Imazek. Jon Mariezkurrena izan da, hein handi batean, bere kolpe fresko eta ikaragarriarekin, gipuzkoarrei partida oso maldan gora jarri diena eta, erabat hustu diren arren, oiartzuarrak nekez amaitu du zutik, ezin izan dute porturatu eta Ezkurdiak eta Berriozartarrak lortu dute garaipena, oso partida gogor eta gorabeheratsuan. Garaipen honekin arbizuarrak eta Mariezkurrenak euren bigarren garaipena eskuratu dute txapelketan eta gaurko euren aurkariak harrapatu dituzte, Mastersak eurentzat aste pare bateko atsedena hartuko duen honetan. Bestelako partidarik ere izango badute ere, urrunera joan gabe Azpeitian San Inazio egunean, geldialdia ongi etor dakioke ezker sorbalda aldean kolpe gogor bat eraman duen Jokin Altunari.

Partidaren lehen erdi luzeak protagonista bakarra izan du; Jon Mariezkurrena. Berriozargo atzelariak sekulako hasiera eman dio lehiari, pilotakada bakoitza gozatu eta Ander Imazi etengabe bizkarra erakutsiz. Getariko pilotalekua ohikoak baino bizkorragoa den arren, atzelari nafarra bikain egokitu da eta Jokin Altunari jokoan sartzen ez uzteaz harago, oiartzuarrari ikaragarri sufriarazi dio, bizkarra sarri errebotetik gertu izanda.

6-0ekoan lehenengo eta 11-3koan gero, Joseba Ezkurdiak errematean egunik onena ez bazuen ere, partida gorriek eroso aterako zutela zirudien, baina Jokin Altunaren aurka inoiz, edo ia inoiz bederen, ez da lan errazik. Jokoan euren gustuko pilota bat jarrita, Mariezkurrenak ez du halako zulorik irekitzerik izan eta zalantzak hasi zaizkie gorriei, Ezkurdiak zulorik bilatu ezinda jarraitu badu. Amezketarrak, aldiz, behartuta hartutako atsedenaldiaren ondoren, sekulako joko maila hartu du eta oso gutxi behar izan du markagailua orekatu eta 12-13koan lehen aldiz aurretik jartzeko.

Kolpea Altunak

Partida gorabeheratsu honek ordea bazuen beste bueltarik. Lehenengo, Altunak, izan duen errematerik errazenean pilota txapara bota eta gorriek euren pilota jokoan jarrita berriz ere hartu dute partidaren agintea. Eta defentsan aritu behar izan duen horietako batean, Jokin Altunak sekulako kolpea hartu du bizkarraldean frontisaren aurka Ezkurdiaren bolea bat altxatzeko asmoz bere burua lurrera bota duenean.

Eta aurretik urdinek 9 tanto segidan eginak bazituzten, Ezkurdia-Mariezkurrena izan dira gero 6 egin dituztenak. Ander Imaz hasieran baino hobeto defendatu den arren, Jon Mariezkurrena izan da berriz ere zuloak ireki dituena, baina oraingo honetan Ezkurdia askoz eraginkor baten laguntza hobearekin.

Baina ez dute Altuna-Imaz partidatik ateratzea lortu. Besteren artean, bere aurrelariaren distirarik gabe, Ander Imazek ere sekulako partida jokatu baitu, ia beti baldintza desegokietan, baina beti  aurpegia eman eta ia akatsik egin gabe, indarrak akitu zaizkion arte. Tanto bakoitzean dena ematen duen horietakoa da oiartzuarra, gaur ere hala egin du, baina azkenerako amore eman behar izan du.

 

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia-Mariezkurrena: 22

Altuna III.a-Imaz: 20

Pilotakadak: 665. Iraupena: 69,44 minutu. Markagailua: 6-0, 6-3, 11-3, 11-5, 12-5, 12-14, 18-14, 18-17, 19-17, 19-20, 22-20. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 2 Altuna III.ak. Egindakoak: 8 Ezkurdiak, 5 Mariezkurrenak, 9 Altuna III.ak eta 1 Imazek. Galdutakoak: 5 Ezkurdiak, 4 Mariezkurrenak, 3 Altuna III.ak eta 4 Imazek. Gorabeherak: Sarrera polita baina betekadarik gabe Getariko Sahatsaga pilotalekuan.