NAIZ

1.700 emakumek pairatu dute bikote edo bikote ohiaren eraso bat EAEn urteko lehen seihilekoan

Guztira, 1.730 emakumek jasan dituzte erasoak bikote edo bikote ohiaren aldetik EAEn aurtengo urtarriletik ekainera bitarte. Emakumeen aurkako indarkeria mota horrek eragindako salaketen kopurua %13,7 hazi zen lehen seihilekoan joan den urteko alderatuta.

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Joan den ekainera arte, 1.730 emakumek izan zituzten erasoak EAEn bikotekidea edo bikotekide ohiaren eskutik. Hau da, iaz baino %11,4 gehiago, Europa Press agentziak jasotako Emakunderen datuen arabera. Iazko aldi berean zenbatutako indarkeria mota horren 1.553 biktima zenbatu ziren.

Herrialdeka, Araban %8 hazi da bikotekideak edo bikotekide ohiak erasotako emakumeen kopurua urteko seigarren hilabetera arte. 253 emakume izan dira urtarriletik ekainera bitartean, aurreko urteko 234 erasoekin alderatuta.

Gipuzkoan ere igo zen bikotekideak edo bikotekide ohiak erasandako emakumeen kopurua, kasu honetan %31, 579 biktima izan baitziren, aurreko urteko lehen sei hilabeteetako 442 biktimak baino 137 gehiago.

Gutxiago hazi zen Bizkaian. Hala ere, %2,4 igo zen emakume erasotuen kopurua: joan den urteko urtarriletik ekainera 877 biktima izan ziren, eta aurten 898.

Emakumeen aurkako indarkeria mota horrengatik EAEn egindako salaketen kopuruari dagokionez, %13,7 hazi zen lehen seihilekoan, iazko aldi berarekin alderatuta, 2.125 biktima zenbatu baitziren, 2021eko urtarriletik ekainera arte 1.869 salaketen aldetik.

11.000 gizon baino gehiago prestatu ditu Emakundek

Emakundek 2007an gizonek berdintasunaren alde duten inplikazioa sustatzeko helburuarekin Gizonduz programa sortu zuenetik haren prestakuntza programetatik 11.500 gizon igaro dira. Gizonduz sentsibilizazio eta prestakuntza programa doakoa da, eta presentziala, online edo mistoa izan daiteke.

«Gizonduz funtsezko erreferentea izan da arlo honetan pertsona eta erakunde publiko eta pribatu askorentzat, bai gure erkidegoan, bai erkidegotik kanpo. Horren erakusgarri dira erakunde askok programa ezagutzeko edo berdintasun-jardunbide egoki gisa aurkezteko egindako eskaerak», azaldu du erakundeak ohar batean.