NAIZ
Donostia

Salbuespen politikak salatuko ditu Etxeratek igande honetan hamabost hondartzatan

Ohi bezala, giza kate jendetsua egingo du euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak igande honetan Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzatan. Elias Miner eta Jon Ijurko Etxerateko bozeramaileek «euskal gizartearen» inplikazioa eskatu dute.

Etxeratek agerraldia egin du Donostian hondartzetako mobilizazioak aurkezteko.
Etxeratek agerraldia egin du Donostian hondartzetako mobilizazioak aurkezteko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Etxeratek elkarretaratzeak deitu ditu igande honetarako Euskal Herriko hainbat hondartzatan, «salbuespeneko espetxe politikaren» amaiera eskatzeko helburuarekin.

Zehazki, elkarretaratzeak Bizkaiko zortzi udalerritan, Gipuzkoako seitan eta Hendaian egingo dira. Gehienak 12.00etan hasiko dira, Bakion (12.30), Mundakan, Ean (13.00etan) eta Hendaian (11.00etan) izan ezik.

Elias Miner eta Jon Ijurko Etxerateko bozeramaileek «euskal gizartearen» inplikazioa eskatu dute astearte honetan Donostian egindako prentsaurrekoan.

«Ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron blokeoak eta eskubideen urraketak gainditzeko. Ezin dira euskal herritarrak kondenatu bizikidetzaren eraikuntza atzeratzera. Ez gara onurez ari. Sine die atzeratutako eskubideak dira eta hau euskal gizarteak onartu ezin duen zerbait da», salatu dute.

Egoera «nabarmen hobetu» dela onartu dute, izan ere, euren datuen arabera, «180 euskal presoetatik 110 Euskal Herriko espetxeetan daude», eta «behar baino gutxiago badira ere, hirugarren gradura egiten ari dira progresioak».

Hala ere, gaur egun 53 preso Euskal Herritik kanpo daudela azpimarratu dute, «espetxe periferikoetan eta Espainiako beste espetxe batzuetan, eta beste 17k Frantziako kartzeletan» jarraitzen dutela ere gogoratu dute.

«Legedi arrunta aplikatuko balitzaie, 151 preso baimenekin atera beharko lirateke, baina 6 bakarrik ateratzen dira egun; 122k hirugarren graduan egon beharko lukete, baina 27 daude solik», salatu dute.