NAIZ

Donostiako Basozabal golf zelaiari urteko 70 milioi ur litroko kontsumoa baimendu diote

Eguzki talde ekologistak ohartarazi duenez, Ura Agentziak urtero 70 milioi litro ur kontsumitzeko baimena eman dio Donostiako Basozabal golf zelaiari. Ura zelaien ureztatze lanetarako erabiliko dute.

Donostiako Basozabal golf zelaiko pistak.
Donostiako Basozabal golf zelaiko pistak. (Jon URBE | FOKU)

Eguzki talde ekologistak asteazken honetan salatu du URA Agentziak Donostiako Basozabal golf zelaiari urtero 70 milioi litro ur kontsumitzeko baimena eman dion bitartean, Arantxa Tapia, Lakuako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, herritarrei ur eta energia kontsumoa murrizteko eskatzen dabilela.

Zehazki, ondokoa dio uztailaren 28an argitaratutako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak: «Real Nuevo Club San Sebastian Basozabal S.A enpresari dagokion emakida eman zaio Donostia/San Sebastian udal-mugartean (Gipuzkoa), Amarako gainaren eta Martutene auzoaren artean dauden hiru putzuetako (Hoyo7, Green 15 eta Calle 15) 70.000 m³/urte deribatzeko. Ur horrek ureztatzeko erabilera izango du».

Beraz, baimenaren arabera, golf zelaiak hiru putzutatik erauzi ahalko du ura bere instalazioetako berdeguneak edo greena ureztatzeko.

Eguzkik ez du baimena bera kritikatu, baizik eta kutsu honetako baimenak ematen diren bitartean, herritarrei kontsumo ohiturak murrizteko eskatzen zaiela: «Baimen horren berri izan genuen egun berean, entzun genion Ekonomia Garapeneko sailburu Arantxa Tapiari berriz ere esaka, ura aurrezteko eta, herritarrok kanila itxi egin behar dugula hortzak garbitzen ditugunean eta antzekoetan».

Hori horrela, afera honek zenbait herritarrengan izan dezaken eraginaz ohartarazi dute ekologistek, «herritarren zati batek bere buruari galde diezaioke: Zertarako ibiliko naiz kanila ixten hortzak garbitzean? Golf-zelaia ureztatzen jarrai dezaten?».

Ildo beretik, Eguzkik erakundeen «propaganda berdea» deitoratu du. Izan ere, bere hitzetan, «erakundeek, alde batetik, herritarroi erantzukizuna eta ingurumena babesteko keinuak eskatzen dizkigute, baina, bestetik, jarraitzen dute sakontzen krisi klimatiko, ekologiko, sozial eta energetikoa ere sortu duten politiketan».

2.000 pertsonaren urteko kontsumoa

Bestetik, Eguzkik INEk argitaratutako Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako ur kontsumoaren inguruko datuak gogorarazi ditu URA eta Lakuari egindako kritika berresteko: «EAEko etxeetan, uraren batez besteko kontsumoa 97 litrokoa da biztanleko eta eguneko. Kalkulu txiki bat eginez, ondorioztatuko dugu golfa ureztatzeko baimendu berri duten ur kopurua 2.000 pertsonek urte osoan kontsumitzen dutenaren adinekoa dela. Hau da, gutxi gorabehera Añorgaren neurriko auzo bateko edo Ataunen neurriko herri bateko bizilagunen kontsumoa».

Hori horrela, gaineratu du urtean 70 milioi litro ur aurrezteko, Donostian erroldatutako 188.102 bizilagunetako bakoitzak bere kontsumoa «361 litro murriztu» beharko lituzkeela, ia litro bat urteko egun bakoitzeko.