Miren Jone Lizarzaburu

Osasungintza lodifoboan ezin kabitu

Euskal Herriko Lehen Jardunaldi Lodiak egingo dira Gernikan.
Euskal Herriko Lehen Jardunaldi Lodiak egingo dira Gernikan. (Getty)

Gernikan izango dira irailaren 9tik 11ra Euskal Herriko Lehen Jardunaldi Lodiak: “Ezin kabitu! Jatunaldiak”. Loditasuna afera politiko gisa lantzeko antolatu dira tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak eta bertso saioak. Antolatzaileen hitzetan, “Jatunaldiak” hiru eguneko irla bat izango dira Euskal Herri lodifoboan.

Lodiok irla baten beharra dugu, gorputz lodia gure gizartean subjektu itsusi, gaixo eta immoral gisa ulertzen delako, eta ondorioz, lodiok ere gure burua horrela ikusten dugulako. Hondartzako begirada lodifoboak, gure gorputza ispiluan ikustean sentitzen dugun nazkak, parranda bukaerako ligoteoaren dinamikek edo edozein herri bazkaritako kamiseten neurriak argi uzten digute ez garela kabitzen normalitateak diseinatuta daukan mundu konfigurazioan. Baina lodi errebeldeek aho batez erantzuteko aukera dugu Gernikan; kolektiboki elkar indartuko dugu argi adierazteko: ez dugu kabitu nahi!

Erresistentzia lodiaren aurrean altxatzen diren ahots kontserbadoreek maiteen duten argudioa osasunarena da; normalean formulazioa honelako zerbait izan ohi da: «Ni ez nabil estetika edo politika kontuez, osasunaz ari natzaizu; lodi egotea ez da osasuntsua». Osasunaren bandera irmo defendatzen duten mezulariak “Kinoa, zelulitisaren aurkako aliatu onena “ edo “Galdu 15 kg 15 minututan” gisako tratatu medikuetan oinarritzen dira normalean, eta osasuna diotenean bolumenaz dabiltza ez baitute osasun mentalari, ginekologikoari edo odontologikoari buruz ezer esateko. «Osasuna bai, baina politika ez» dioen profila haurren obesitate tasekin eskandalizatzen da, baina ez dio batere axola Osakidetzaren pribatizazioak. Profil horren arrakasta zientziak duen objektibazioa aprobetxatzea da lodifobia zabaltzeko.

Medikuntza zientzia garbi gisa ulertzen dutenek uste dute gaixotasuna definitu daitekeela koordenatu biologiko edo naturalen bitartez, balioen inguruko epaiak alde batera utzita. Baina homosexualitatearen eta transexualitatearen patologizazioaren aurka borrokatu diren transfeministek argi erakutsi digute salto txikia dagoela kontzeptu deskribatzaile-teorikoetatik biologia normatiboa egitera. Bitartean, loditasunaren diskurtso biologizistak biolentzia ezberdinen elementu legitimatzaile gisa jokatzen jarraitzen du, oinarri biologikoa eskainiz lodiok bizi dugun ikusgarritasun faltari eta produkzio kulturaleko burlari, diskriminazio laboralari, bazterketa afektibo-sexualari edo indarkeria zuzenari eta bullyingari.

Loditasuna anomalia biologikoa da estatistikoki. Kontua da estatistikek ez dutela banakoaren osasun egoera adierazten, erakusten dituzten desbiderapenek ez dute zertan luzarorako biziraupen batekin talkan egon. Funtzio edo egoera biologiko bat izan daiteke anomaloa baina ez disfuntzionala. Adibidez, gizaki batek hiru belarri izatea anomaloa da, baina ez du zertan patologikoa izan. Hots, anomalia oro ez da patologia.

Lodia ez bada subjektu gaixoa, despatologizatu egin behar dugu, borroka homosexual eta transekin egin dugun modu berberean

 

Ez dut lerro hauetan zehaztuko lodiok gaixoak edo anormalak garen; bi bideek irekitzen dituzte aukera interesgarriak. Lodia ez bada subjektu gaixoa, despatologizatu egin behar dugu (borroka homosexual eta transekin egin dugun modu berberean), osasunaren ideia zabaldu eta demokratizatuz.

Dena den, gure borroka ezin da izan ez-gaixoen taldean sartzeko eskaera soila. Hasteko, ez dugulako nahi aniztasun funtzionaldunak, autistak eta ihesdun marikak barnebiltzen ez dituen talde bateko kide izan. Jarraitzeko, loditasun politikoarentzat estrategikoa delako mugimendu crip-arekin aliantzak egitea gorputz normala, gaitua, produktiboa eta autonomoaren mugak batera arrakalatu ditzakegulako. Eta azkenik OMEk dioenez loditasuna ez den arren gaixotasuna, arrisku faktore garrantzitsua da eta nahitaezkoa ez den arren ohikoa da arazo kardiobaskularrak, diabetesa, lokomozio aparatuan arazoak edo minbizi mota zehatz batzuk pairatzea loditasunaren ondorioz. Izendatu ditudan ezberdintasun horiek guztiek lodien eta argalen artean arrakala mediko bat sortzen badute, berbera konpontzeko ez dugu behar bazterketa, kulpa, marjinalizazioa eta zerbitzuen murrizketa baizik eta medikuntza espezifiko, publiko eta espezializatua.

Borroka antilodifobora batu beharko da osasungintza. Bere lana egin beharko du, ez baldin badu nahi loditasunean jokatu arraza zientifikoaren naturalizazioan edo LGTBI+ komunitatearen patologizazioan jokatu duen rol berbera. •