NAIZ

Aste Nagusi herrikoi, euskaldun eta feministarako egitaraua aurkeztu dute Bilboko konpartsek

Aste Nagusiko programazioa aurkeztu dute ostiral honetan Bilboko konpartsek. Plaza Barrian emandako prentsaurrekoan, Idoia Ugalde eta Ioritz Varona bozeramaileek azpimarratu dute 160 ekitaldi antolatu dituztela txiki eta gazteentzat eta 533 jarduera adin guztientzako jendearentzat.

Bilboko Konpartsen agerraldia Plaza Barrian, Aste Nagusiko programazioa aurkezteko.
Bilboko Konpartsen agerraldia Plaza Barrian, Aste Nagusiko programazioa aurkezteko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Hiru urte igaro dira baina, azkenik, heldu dira konpartsak Bilboko Aste Naguisko itzuleraren atarira. Idoia Ugalde Bilboko Konpartsen eledunak adierazi duenez,  «aurtengo gure leloa da ‘NAGUSIA izango da’, itzulera handi bat. Hiru urte ostean, poza berreskuratzeko unea. Poza, Aste Nagusia konpartsakide moduan bizitzeak ematen diguna, eta edonori eman diezaiokeena, konpartsok betidanik ateak irekita baitugu».

Ugaldek zehaztu duenez, «aurtengoa nagusia izango dela diogun arren, umeentzako ekitaldi mordoa prestatu dugu, kontraesana badirudi ere». Izan ere, azaldu duenez, «jakin badakigu, umeek eta nerabeek eremu piloa galdu dutela azken urteotan, plazetan, kaleetan, parkeetan, ikastetxeetan eta abarretan, elkarrekin  jolasean eta olgetan ibiltzeak ematen duen konfiantza, partaidetza eta kolektibotasuna higatu eta kamusturaino, kasu batzuetan».

Horren aurrean, konpartsel Aste Nagusian, orotara, 160 ekitaldi antolatu dituzte txiki eta gazteentzat eta horiei gehitu behar zaizkie Jai Batzorde Mistoaren barruan laguntzen duten beste ekimen mordoa.

Jarduera horietan ez dira faltako dagoeneko umeen oso lagun diren hiru pertsonaia: Gargantua, Karpatxo eta Mekanitxin. Konpartsakideek gogorarazi dutenez, Gargantua 2019an bueltatu zen Arriagara eta aurten ere bertan izango da, «hurbilduko diren ume denak irensteko prest».

Karpatxo parrandazaleak eta Mekanitxin arduratsuak, berriz, patinete gainean gidatuko dituzte, ziztu bizian, txikiak Aste Nagusirako jada abian dituzten egundoko hainbat ekintzatan parte hartzera: goitibehera tailerra, zapi serigrafia, sortu zure txosna edo umeen kalejira…

533 jarduera

Aste Nagusiko ekimenak prestatzean, «ohi legez, kalitatea, doakotasuna, parte-hartzea eta adin eta gustu denak asetzea bilatu» dutela azaldu dute Ugaldek eta Varonak, «kantitatea ez aipatzearren». Hala, publiko guztiak kontuan hartuta, 533 jarduera antolatuko dituzte konpartsek, jada ate-joka dagoen Aste Nagusirako, Jai Batzorde Mistoaren baitan elkarlanean antolatutakoez gain.

Hala, «beste behin, jai-eremua umeen irribarrez, kulturaz eta kirolaz beteko» dutela nabarmendud ute, jendearen lanari eta parte-hartzeari esker. Izan ere, konpartsakideen ustez, «bilbotarrak dira jai erraldoi hauek posible egiten dituztenak».

Aurten ere, adin denetako bilbotarrek goitibeheren jaitsierari ekin ahal izango diote, lehenengo aldiz Euskal Inertzia Koparako puntugarria izango den proban. Lehenengo igandean, edonork izango du Zabalbide kaleko bihurgunetatik maldan behera botatzeko aukera, errodamenduzko eta egurrezko goitibehera tradizionalez zein Bat Formulakoez. Gainera, Konpartsakidetu! ekimenaren barruan, goitibehera-tailerra izango da San Antonen; bertan, txikienek nork bere goitibehera egin ahal izango dute, egunean bertan jaitsiera txikian estreinatzeko.

Bestalde, konpartsakideek azpimarratu dute Erripan egingo dituzten jarduerak, «Udalak interes pribatuen alde ipinitako oztopoak oztopo». Diotenaren arabera, aurten ere beteko dute Erripako kaia uraren, kirolaren eta umeen inguruko jarduerez: piraguen igoera, waterpoloa, ur-jokoak, umeen ekimenez eta 3x3 basket txapelketa, besteak beste.

Lehiaketa eta jarduera gastronomikoak ere hizpide izan dituzte. Abuztuaren 10ean datu gehiago emango badituzte ere, ziurtatu dute ekimenak txiki zein nagusientzako proposamen gustagarriak dakartzala: «Aski ezagunak dira gure artean Areatza lapikoz eta koadrilez betetzen dituzten patata-tortilla, txipi, bakailao, marmitako, buztan gisatu eta patatak saltsa berdean», gaineratu dute. Horrekin batera, ohiko gastrotxiki-gunea izango da, eta baita hainbat dastaketa eta tailer ere.

Gorputza astintzeko aukera ere izango da, «parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak»

Horrelako otordu oparo eta mahai-inguru luzeen ostean gorputza astintzeko aukera eta gogoa duenak ere izango du aukera kirolari ekiteko. Ugalderen ustez, «badaude parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak, hala nola hamaika kategoria desberdinetan izena eman duten ia bi mila korrikalarik kolorez jantziko duten Hiri Krosa». Ez da izerdia botatzeko ekimen bakarra, klasikoak bueltan baitaude: aerobithoia, igel-toka, xakea, musa edo herri-kirolak kasu.

Musika eta kiroletik aparte jaiak ere badirela «frogatuko» dute aurten ere, publiko fidela daukaten hainbat ekintza patxadatsuen bidez. Mahai-jolasek ere izaten dute bere lekua Aste Nagusian. Lehenengo igandean Blood Bow eta Open Magic jolas ezagunetan jolastu ahal izango da.

Ezer gal ez dezaten, Bilboko Konpartsak app-a prestatzen dabiltza aurten ere, telefono mugikorretan egitaraua eta Aste Nagusian gertatzen den guztiaren berri edukitzeko. Laster izango da eskuragarri musutruk Google Play-n. Bertan, aurkitu ahal izango dira konpartsa bakoitzak eta Federazioak antolatutako ekitaldi guztiak.

Programazioa aurkeztu ostean, atzera begira ere egin dute konpartsek: Aste Nagusirik gabeko hiru urteko tartera. Ugaldek eta Varonak gogorarazi dutenez, «pandemian, elkartasun sareak bultzatu genituen, uste baitugu elkartasuna eta auzolana bilbotarron eta, beraz, gure DNAn dagoela. Geroago, lanak eman dizkigu normaltasunera itzultzea kontzeptuak, askotan normaltasun horrek, itxaropena beharrean berarekin dakartzalako bidegabekeriak, prekarietatea, pribatizazioa eta etsipena».

«Argi daukagu ez dugu halako normaltasunera itzuli gura, hura irauli baizik», adierazi dute konpartsek

 

«Argi daukagu ez dugula halako normaltasunera itzuli gura, hura irauli baizik. Bestelako ereduen bidean, badira Bilbon, abuztuan, bederatzi egun berezi, hiria oso bestelakoa izan daitekeela gogorarazten digutenak, gozamenez, askatasunez eta elkartasunez. Hala, jai esparruan ez dugu onartuko inolako erasorik: xenofobia, arrazakeria, LGTBIQ+fobia, matxismoa edota bestelakorik», gehitu dute.

Azkenik, konpartsakideek agindu dute beste behin ere eraikiko dituztela jai herrikoi, alai, euskaldun eta feministak. Horretarako kontatzen dute Itziar Lazkano pregoilariarekin eta Iratxe Palacios txupinerarekin, zein beste bilbotar denekin.