Jon Ormazabal

Sorbaldan lesio larririk duenik baztertu du Altunari egindako erresonantzia magnetikoak

Larunbatean froga bat egingo du bere sorbalda nola dagoen ikusteko eta lesioaren garapenaren arabera erabakiko du Amezketako pilotariak Gasteizko jaietako jaialdian jokatuko duen edo ez.

Jokin Altunak ez dio uko egin nahi Gasteizen jokatzeari.
Jokin Altunak ez dio uko egin nahi Gasteizen jokatzeari. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Oraindik kantxetara noiz itzuliko den ziur esaterik ez badu ere, Jokin Altunak kendu du aurreko ostiraletik gainean zuen «kezka puntu hori» bere sorbaldaren egoera jakiteko egin zioten erresonantzia magnetikoak edozein lesio larri baztertu eta hasierako diagnostikoa berretsi baitu; kolpe gogor bat. Aspek igorritako txosten medikuaren arabera, amezketarrak «kolpe gogor bat du ezker sorbaldako deltoide inguruko giharretan» eta guneak bere onera itzultzen behar duen denboraren araberakoa izango da bere itzulera.

Lehen egunetan izandako eboluzioaren arabera, Jokin Altunak berak oso zailtzat, «ia ezinezkotzat» jo zuen asteburuan jokatzeko moduan egotea, ezkerrez ezin baitzion pilotari saihetsetik jo, baina larunbat goizean beste proba bat egingo du igandean Gasteizko feriaren barruan, Ogetan jokatzeko moduan den ikusteko. Kezkaz harago, pena ere handia zuen aurrelari gipuzkoarrak, denboraldi batez geldirik egon ostean, bere joko mailarik onena berreskuratua zuelako azken partidetan, baina behin lesio larri baten mamua uxatuta, lasai har dezake ondo osatzeko behar duen denbora.

Iñaki Artolarentzat beste aukera bat

Andra Mari Zuriaren esku pilota feria gaur gauean hasiko da eta bertan, sanferminetakoan ordezko gisa sartu eta torneoa irabazi ostean, Iñaki Artolak beste aukera bat izango du bere maila erakusteko. Gasteizen ere ez zen titular izatekoa, enpresak Jon Ander Peñaren aldeko apustua egina baitzuen, baina tolosarra ere min hartuta dagoenez, alegiarra izango da Jon Ander Albisuren aurrelaria. Erronka latza izango dute aurrean bi gipuzkoarrek Laso-Imazen aurka jokatu beharko dutelako. Atzelarientzat horren zaila den pilotaleku batean, Jon Ander Albisuren baitan egon daiteke partida. Imaz dominatzea lortzen badu, asko izango dute aurreratuta.