NAIZ

Oihana Azkorbebeitia, garaile Norvegiako Tromso Skyrace lasterketan

Oihana Azkorbebeitia bizkaitarrak irabazi du Norvegiako iparraldean lehiatzen den Tromso Sky Race lasterketa. 2019an aritu zinen bertan estreinakoz eta orkatila bihurrituta, ezin izan zuen ganoraz disfrutatu. Sandra Sevillano santurtziarra izan da bigarren sailkatua.

Oihana Azkorbebeitia Tromsoko helmugan.
Oihana Azkorbebeitia Tromsoko helmugan. (@SKYRUNNING_COM)

Tromsoko Skyrace txapelketan nagusi izan dira euskal lasterkariak. Oihana Azkorbebeitiak denboraldiko bigarren garaipena erdietsi du Norvegian, Skyrunne World Serieseko zirkuitoan. Tromso Skyrace txapelketan azkarrena izan da abadiñoarra, 9 ordu, 4 minutu eta 48 segundo behar izan ditu 57 kilometroko ibilaldia osatzeko. Bigarren sailkatua ere beste euskaldun bat izan da, Sandra Sevillano santurtziarra, hain zuzen ere (9:23:24). Johanna Gelfgren suediarrak osatu du podiuma, Azkorbebeitiak baino kasik ordu bat beranduago bukatuta (10:02:29).

Aipatu hiru lasterkariak hasiera hasieratik nabarmendu dira, hiruak izan baitira azkarrenak lehendabiziko gailurrera iristen. Tromsdalstind mendiko gailurra izan da lehendabizikoa eta Sandra Sevillano izan da lehendabizikoa tontorra egiten, abadiñoarrak gertu jarraitzen ziola (hiru segundora, alegia).

Segituan hartu du aurrea Azkorbebeitiak eta bigarren gailurrera iristen lehena izan da, Sevillano minutu gutxiko atzerapenarekin zegoela. Hala, bizkaitarraren garaipena zalantza ezina izan da bukaeran.

Urteko bigarren garaipena pilatu du Munduko Kopan eta hori gutxi balitz, arantza kentzea lortu du. Gogoan ondo iltzatu zuen lasterketa zen Tromsokoa, estreinakoz aritu zenean (2019an), orkatila bihurritu eta ezin izan zuelako ganoraz disfrutatu; azkenean, 36 kilometro eginda, erretiratu egin behar izan zen. Aurten gogotsu joan da hitzordu honetara eta garaipen eder batekin biribildu du lasterketa.

Gizonezkoetan, Luison Coiffet frantziarra gailendu da (7:10:36), honek ere bigarren sailkatuari alde nabarmena aterata. Hogei minutu beranduago helmugaratu da Raul Butaci errumaniarra (7:32:17), lasterketa osoan Erland Eldrup norvegiarrarekin lehia estua bizi ostean (7:36:41). Etxeko lasterkaria aurretik joan da ia lasterketa osoan baina azken txanpan aurrea hartu dio Butacik, bigarren postua erdiesteko.