Arnaitz Gorriti

Finalean igandeko maila ematen badute Ezkurdiak eta Zabaletak, Gasteizko errege izango dira

Altuna III.a eta Rezusta 1-6 aurretik jarri badira ere, Zabaletaren joak eta Ezkurdiaren lanak buelta eman dio partidari (22-13). Neurketa gogoangarria izan da, aurreneko erdian batez ere, baina aurreneko atsedenalditik aurrera, bikote gorria gehiago izan da.

Ogetako partidan Zabaletaren lan bikainak markatu du aldea.
Ogetako partidan Zabaletaren lan bikainak markatu du aldea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nekez aterako dira pilota partidak igande honetan Ogeta frontoian atera diren bezain ederrak. Asteartean finalerdietan bezain egoki aritzen badira finalean Ezkurdia eta Zabaleta, Lasok eta Imazek nahikoa lan izango dute 22ra iristen. Edo bestela esanda, badakite non dagoen langa eta horraino iritsi beharko dute Andre Mari Zuriaren torneoa eraman nahi badute.

Hala ere, kosta behar zaie Ogetako irabazleei ere igande honetako maila berdintzea. Eta hori 1-6 atzetik topatu dutela beren burua hasi eta berehala. «Ez nekien nola jokatuko nuen, astebete daramadalako ia pilotarik ikutu gabe, baina oso sentsazio onak izan ditut hasieran eta dena asmatu dut», onartu du Jokin Altunak, arazo fisikoak atzean laga eta sekulako jokoarekin kantxetara itzuli den aurrelariak.

Izan ere, Amezketakoak airean erabili du bikote gorria partidaren hastapenean. Pilota astun xamarra jarri dute jokoan Altuna IIIak eta Rezustak eta Zabaletak kendu airea ezin izan dionez, aurrelari gipuzkoarrak nahieran erabili du pilota eta baita aurkariak ere. «Jokin Altuna!» izena abestu dute harmailetan, «I love you, baby», Paul Anka handiaren melodiarekin. Baina kanta hartako aurreneko ahapaldia izango zuten akaso buruan: «You're just too good to be true!»; alegia, «onegia zara egiazkoa izateko».

Baina magia horrek ezin zuen iraun nonbait, are gutxiago Zabaleta hain inspiraturik egon delarik. Etxarrengo atzelariak zazpi! tanto egin ditu, bere aurrelariak baino bakar bat gutxiago –eta bakarra galdu–, eta maila oso ona eman duen Rezustaren gainetik pasa da azkenean.

Neurketaren unerik gogoangarrienak aurreneko atasedenaldira bitartekoak izan dira, 12-9ra arte alegia. Izan ere, gorriek, Zabaletaren bitartez batik bat, 1-6tik 8na berdintzea lortu baitute, eta baita 11-8 aurretik jarri ere. Ezkurdiak ere, noski, Zabaletak eman duen maila kontuan hartuta, aurrean nahi beste aukera izan ditu tantoak amaitzeko, eta urdinen defentsa oso ona izan den arren –Bergarako atzelariaren soldata kilometroko izango balitz, ez legoke munduan Rezustari ordaintzeko dirurik–, bada ezin izan dute aurkarien atzetik aurrerako lan aparta.

Rezustak behera

Aurreneko atsedenalditik bigarrenera bitartean hautsi da finalerdia. Zabaletak erabat menpean hartu du Rezusta eta azken honek, nekeak ere erasanda, airez normalean oso gutxitan kale egiten duen pilotakada zenbait hutsegin ditu eta galdutako tanto ilara baten ostean, 18-11ko emaitzarekin iritsi dira lau pilotariak bigarren atsedenaldi luzera.

Esan beharrik ez dago Ogeta frontoiko giroa bikaina izan dela. Zaleak bestela ere kanturako eta jaien aitzakian, arratsalde aparta pasatzeko borondatearekin hurbildu dira pilotalekura, baina aurrean izan duten ikuskizuna ez da badaezpadakoa izan eta kosta behar zaie halakorik askotan berriz ikustea.

Pilotaren zorionerako, Altuna IIIak eta Rezustak ez dute etsi eta Bergarako atzelariari on egin dio bigarren geldialdiak. Piloteoak Zabaleta gehiago izan da gero ere, baina Rezustak askoz erresistentzia handiagoa erakutsi du azken aldera, atzean eta ezker paretean galdu den pilota bat jotzeko hanka horman ezarri eta jauzi eginda pilotakada jotzeko borondatea eta adorea ere erakutsi baititu –esan gabe doa zabalera edo txokora egin dituen korrikaldi askotan aurreneko botean iristeaz gain pilota atzean jartzea lortu duela–.

Ezkurdiak eta Zabaletak, ordea, ez diete aukerarik eman urdinei. Azken zati horretan Ezkurdiak berriz ere tanto eder askoak egin ditu, Altunari aurrean jokatzeko beldurrik gabe, igande arratsalde bikaina borobildu dute, azkenean 22-13 irabazi arte.

«Jokin ikaragarrizko erakustaldia hasi da ematen baina guk laneak segi dugu. Josek –Zabaletak– ikaragarri eman dio, baztertuz gainera, eta nik aurrean sentsazio oinak iuzan ditut eta tanto ederrak eginez», laburbildu du Joseba Ezkurdiak, pozarren.

«Ea zer ateratzen den asteartean», gaineratu du Arbizuko aurrelariak. Irabazi edo galdu, kosta behar zaie igande honetan emandako maila hau berdintzea. Eta hala eginez gero, kosta behar zaie Laso eta Imazi Andre Mari Zuriaren torneoa irabaztea.

EZKURDIA-ZABALETA 22 - ALTUNA III-REZUSTA 13

Iraupena: 51:25 minutu.

Pilotakadak: 427.

Sakez: 0 Ezkurdiak, 0 Altunak.

Egindakoak: 8 Ezkurdiak, 7 Zabaletak; 10 Altunak, 0 Rezustak.

Galdutakoak: 2 Ezkurdiak, 1 Zabaletak; 2 Altunak, 5 Rezustak.

Markagailua: 1-0, 1-6, 2-6, 3-6, 3-7, 3-8, 11-8, 11-9, 16-9, 17-10, 17-11, 19-11, 19-12, 20-12, 20-13, 21-13, 22-13.

Gorabeherak: Andre Mari Zuriaren Torneoko Asperen adarreko finalerdia. Betekada Ogeta frontoian. Aurreneko sakea, gorri.