NAIZ

Blusa eta Neska beteranoek festak adinik ez duela erakutsi dute

Blusa eta Neska beteranoenek Gasteizko kaleak hartu dituzte astelehen honetan parrandak adinik ez duela erakusteko. Goizean Esther Espinosari, Gasteizko Neska adintsuenari, omenaldia egin diote.

Esther Espinosa, Gasteizko neska beteranoetan beteranoena, bere 100.urtebetetzeko omealdi ekitaldian.
Esther Espinosa, Gasteizko neska beteranoetan beteranoena, bere 100.urtebetetzeko omealdi ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Blusa eta Neska beteranoek igande gauean parrandan irten ziren gazteei lekukoa hartu diete eta Gasteizko kaleak bete dituzte astelehen goizean, festak adinik ez duela erakutsiz. Gainera, astelehen goiz honetan, omenaldia egin diote Esther Espinosari, Gasteizko Neska adintsuenari, aurten 100 urte bete dituela ospatzeko.

Egunari San Miguel elizaren atarian ekin diote beteranoek. Bertan, ohorezko aurreskua eta lore eskaintza bat eskaini diote Andre Maria Zuriari. Jarraian, 9.45etan, Blusa eta Neska Beteranoen kuadrillak omenaldia egin diote Espinosari, zeinetan Gorka Urtaran alkateak parte hartu duen. Omenaldian Espinosak azaldu duenez, «bizi, luzitu eta harro ibili behar naiz». Gainera, pozez jakinarazi du ez dela «gauerarte etxera joango».

Hori horrela, omenadlia amaitu eta segidan, beteranoak Udal Musika Banda, Udal Txistulari Banda, Kirrinka fanfarrea eta giata-jotzaile, txistulari eta trikitilarien doinuen erritmora dantzatzen hasi dira. Alabaina, dantza ez da kalejirara mugatu, ondoren, ‘El Meneito Veterano’ lehiaketan gerria astintzen jarraitu dute eta.

10.00etatik aurrera, Plaza Berria tamainu eta kolore guztietako zartagin eta lapikoekin bete da otorduari eta lehiaketa gastronomikoei txanda emateko. Batzuk XVII. Gastronomia Lehiaketarako kozinatzen aritu diren bitartean, beste batzuk V. Zeledon ardo-zahato jaurtiketan buru belarri ibili dira.

Kirol eskaintzari dagokionez, Foru Plazan Andre Maria Zurietako eskuz binakako txapelketa jokatu dute Arabako Euskal Pilota elkarteak antolatuta. Pilotariak frontoiko norgehiagokan murgilduta egon diren bitartean, Foru Plaza azpiko bolatokian bolo erakustaldi bat izan da.

Irrien lagunak eta bits-jaia

Eguneko protagonistak beteranoak izan arren, haien bilobek ere jaiez gozatzeko eskaintza zabala izan dute. Ohiko gargantua, puzgarri, kirol pista, jolas eta abentura guneaz gain, txikienek apar-festa batez ere gozatu ahal izan dute hiriburu arabarreko beroa uxatzeko.

Hortaz gain, txosnaguneak antolatuta, Irrien Lagunak pailazo taldeak emanaldia eskaini du Etxanobe parkean. Entxosnazio egueneko herri bazkarian sabela bete eta gero, umeek Txan Magoaren ikuskizunaz gozatu dute.

Sua eta Soziedad Alkoholika

Eguzkia sartzean ez dago jakiterik beteranoak etxera joan edo festarekin jarraituko ote duten. Ziurtasunez baieztatu daitekeen gauza bakarra da txosnagunea, beste behin, Euskal Herriko txoko guztietako gaztez beteko dela Sua eta Soziedad Alkoholikaren kontzertuetan ahotsa urratzerarte abesteko.

Bi talde hauen ostean, DJak izango dira festaren haria eten ez dadin arduratuko direnak, eta DJ Bihotza, DJ Villatek eta DJ Sudo igoko dira oholtzara beteranoek hasitako parranda gazteenek amaitu dezaten.