NAIZ

Deustuko Unibertsitateko garbitzaileek soldaten %22ko igoera lortu dute

Ia urtebeteko mobilizazioen ondoren eta greba mugagabea deituta, Deustuko Unibertsitateko garbiketa zerbitzuaren azpikontrata den Sodexo enpresako langileek akordioa sinatu dute. Besteak beste, soldaten %22ko igoera lortu dute.

Deustuko Unibertsitateko garbitzaileen mobilizazioa.
Deustuko Unibertsitateko garbitzaileen mobilizazioa. (ELA)

Bilboko Deustuko Unibertsitateko garbiketa zerbitzuaren azpikontrata den Sodexo enpresako langileek 3 urteko indarraldia izango duen hitzarmen berria sinatu dute. Ia urtebeteko mobilizazioen ondoren eta greba mugagabea deituta, lanaldian hobekuntzak, ordu osagarrien finkapena eta lizentziak aurreikusten ditu hitzarmen berriak.

ELA sindikatuak ohar baten bitartez nabarmendu duenez, akordio hori lortzea, gainera, «aurrerapauso bat da prekarietatearen eta soldata-arrakalaren aurkako borrokan». Izan ere, %22ko soldata-igoera dakar 38 pertsonako plantilla batentzat (ia denak emakumeak).

ELAk emakume horien «konstantzia eta borroka» azpimarratu du: «haien baldintzak hobetzea lortu baitute, Eraikinen eta Lokalen Hitzarmen Probintzialeko mahaiak sinatu duenaren oso gainetik». Gainera, sindikatuaren erresistentzia-kutxa ere goraipatu du, «hau bezalako gatazka bati eusteko tresna guztiz beharrezkoa baita».

Feminizatua eta oso prekarizatua dagoen garbiketa sektoreko langileen beste garaipen bat da hau. Izan ere, Deustuko Unibertsitatetik oso gertu dagoen Guggenheim museoko garbitzaileek soldaten %20ko igoera eta kontratu partzialen desagerpena jasotzen dituen hitzarmena sinatu zuten 9 hilabeteko greba ondoren.