NAIZ

Hiru garaipen, jasotako golik ez... Denboraldi-aurreko balorazio positiboa egiten du Iturregik

Athletic hiru lagunarteko jokatu ditu denboraldi-aurre honetan. Laugarrena jokatuko du igande honetan eta hitzordu horretara sentsazio ezin hobeekin iristen da: hiru partida, hiru garaipen eta jasotako golik ez. Eibarren aurka jokatu zuen asteazkenean eta Ane Azkonaren golarekin irabazi zuen.

Iraia Iturregi, Medina de Pomarreko zelaira hurbildu ziren athleticzaleekin argazkiak ateratzen.
Iraia Iturregi, Medina de Pomarreko zelaira hurbildu ziren athleticzaleekin argazkiak ateratzen. (ATHLETIC CLUB)

«Denboraldi-aurre honetan oraingoz jokatu dugun partidarik exijenteena izan da», adierazi zuen Ane Azkonak asteazkenean Eibarren aurka 1-0 irabazi ostean, Medina de Pomarren jokaturiko lehian. Aurrelari nafarra izan zen goleatzailea, udako lehen gola eginda. Bizkaitarrek aukera onak sortu zituzten partida osoan zehar, batez ere lehen zati bukaeran eta partidaren azken txanpan, Iraia Iturregik azaldu legez, baina soilik Antsoaingo aurrelariak lortu zuen atea zulatzea (86. minutuan).

Azkonak nabarmendu legez, atea hutsean mantendu zuten eta azaldu zuen honek etorkizunean puntuak eman diezaieketela. Momentuz, denboraldi-aurre honetan oso ondo ari dira hori lortzen, hiru partidetan ez baitute golik jaso (4-0 menderatu zuten Bragako Sporting eta 0-2, Oviedo) eta hiru atezain ezberdinen erabili ditu Iturregik (Paula Esteban, Amaia Peña eta Mariasun Quiñones).

Oro har, beraz, balorazio ezin positiboagoa egiten dute Athleticeko jokalari eta teknikariek. Iraia Iturregi entrenatzaile nagusiaren esanetan, Eibarren aurka pare bat sistema ezberdin probatzeko aukera izan zuen eta pozik bukatu zuen. Are gehiago, atzean hiru defentsekin jokatzeko apostuarekin asebetetuta amaitu zuen: «Atzean hiru jokalarirekin jokatuta, bakarkako lehia asko izan ditugu, lehia horiek galtzeak arerioari gol aukera garbia ematen ziola jakitun».

Eibar oldarkor baten aurrean taldeak emandako itxura onuragarria iruditu zitzaion. Aipatu legez, bere taldeak batez ere lehen zati bukaeran eta partidaren azken txanpan eskaini zuen bertsiorik onena eta baita aukerarik onenak sortu ere.

Denboraldi-aurrean lehen aldiz, 60 minutu jokatu zituzten zenbait jokalarik eta hori ere modu positiboan baloratu zuen, hala nola postu ezberdinetan jokatzea ere: «Horretarako baitago denboraldi-aurrea».

Igande honetan, Bordeleko Girondinsen aurka neurtuko dituzte indarrak Lezaman (12.00etan).

Reala, Lerinen

Realak, bestalde, pasa den asteburuan jokatu zituen lehendabiziko lagunartekoak, Sentimendu Kopan. Levanteren aurka (3-2) irabazi ostean, Real Madrilen aurka porrota jaso zuten (3-0). Lehen taldeko 14 jokalari falta zirela jokatu zuen aipatu txapelketa Natalia Arroyoren taldeak. Aste honetan batu dira taldera Amaiur Sarriegi eta Sanni Franssi, Eurokoparen ostean merezitako oporrak eduki ostean.

Asteburu honetan beste torneo bat jokatuko dute txuri-urdinek, Lerinen. Bigarren Mailan arituko diren Eibar eta Osasuna izango dira hauen arerioak. Lehen partida 19.00etan izango da armaginen aurka eta bigarrena, 20.00etan, gorritxoen aurka.