NAIZ

Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan erabakiko da Laboral Kutxa Udako Torneoaren finala

Aurtengo udaran estreinakoz antolatu da Laboral Kutxa Udako Torneoa eta jada bere azken txanpan sartua dago txapelketa. Finalerdiak jokatuko dira larunbat honetan Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan eta irabazleek Zumaiako finalean neurtuko dituzte indarrak (hilaren 27an).

Aldai (gorriz) eta Arrizabalaga (urdinez), Emakume Master Cupen finalean; Udako Torneoko finalerdian berriro neurtuko dituzte indarrak.
Aldai (gorriz) eta Arrizabalaga (urdinez), Emakume Master Cupen finalean; Udako Torneoko finalerdian berriro neurtuko dituzte indarrak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bastidan ligaxkako azken jardunaldia jokatuta, Laboral Kutxa Udako Torneoa bere azken txanpan sartu da eta Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan (19.30) erabakiko da zein bi bikotek jokatuko duten, abuztuaren 27an, Zumaian, lehen edizio bikain honen finala.

Orain arte ikusitakoaren arabera, kirol aldetik lehen mailako jaialdi bat espero dute antolatzaileek. «Poztekoa da, era berean, Hondarribia bezalako herri bat ere emakumeen esku pilotaren zirkuitu honetara batu izana», azaldu dute. Biharkoa, gainera, Jostaldi pilotalekuan jokatuko den emakumezkoen eskuzko lehen jaialdia izango da.

Bastidan azken orduan sailkapenean izandako aldaketen ondorioz, lehen finalerdia Leire Garai-Itxaso Erasunek eta Maddalen Etxegarai-Enara Gamindek jokatuko dute, hau da, lehen fasea bigarren eta hirugarren postuan amaitu zuten bikoteek. Batzuek zein besteek behetik gora egin dute torneo honetan eta Enara Gamindek zeresan handia izango du partidaren nondik norakoan. Laukizkoa atzean erraz nagusitu eta zuloak irekitzeko gai bada, asko izango dute irabazia.

Bigarren finalerdian lehiatuko dira Amaia Aldai-Andrea Capellan eta Olatz Arrizabalaga-Uxue Oses bikoteak eta lasai asko izan zitekeen finaleko partida. Gernikarra eta oñatiarra, baina, ligaxkako azken partidan sailkapeneko azken postura erori ziren eta goi mailako bikote bati egin beharko diote aurre finalean egon nahi badute. Bi aurrelari bizkaitarren arteko demak beti dira bereziak. Azkenaldian Amaia Aldai ari da nagusitzen, baina Arrizabalaga lehiakorra da oso eta ziur ikuskizuna eskainiko dutela.