Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Ondarroak ezustekoa eman du etxean eta Oriok hatz puntekin ukitzen du Euskotren Liga

Sekulako erakustaldia eman du Ondarroak, lehen txandatik, baldintza hobeak aprobetxatuz. Cabo bigarren izan da eta Urdaibai hirugarren, lidertza sendotuz. Oriok, berriz, zortzi puntuko aldea behar du asteburu honetan Euskotren Ligako txapeldun izateko, eta bakarra falta zaio gaur irabazita.

Iñigo Larrinaga Ondarroako patroia etxeko ikurrina astintzen.
Iñigo Larrinaga Ondarroako patroia etxeko ikurrina astintzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hankaz gora jarri du Ondarroak herria. Etxean jokatutako estropadan sekulako garaipena lortu du "Antiguako Ama" ontziak, lehen txandatik, estropadarako baldintza hobeak aprobetxatuz. Beheko postuak ekiditeko borroka horretan dabiltza bizkaitarrak, eta poztasun pixkat behar zuten ondarrutarrek. Gaur lortu dute, jaitsiera postu horiek zertxobait aldendu baitituzte eta garaipenak morala igoko baitie hemendik aurrera.

Euskotren Ligan, berriz, zortzi puntuko aldea behar du Oriok asteburu honetan txapeldun izateko, eta bakarra falta zaio helburu horretan, Ondarroako uretan garaipen berri bat lortu eta gero Arraun Lagunaken aurretik. Donostiarra hirugarren izan da eta Tolosaldea, laugarren.

1. txanda: Ondarroa nagusi etxean

Berez, jakina zen 18.30ak aldera itsasoaren baldintzak gogorragoak izango zirela, ur korrontea indartsuagoa izango zela. Hori eta estropada eremua bikain ezagutzen dutela aprobetxatuta, Ondarroa garaipenaren bila abiatu da lehen paladatik. Eta ez du hutsik egin! Kontrako aldean Santurtziren egoera dago. Ondo hasi du "Sotera"k, baina beherantz egin dute bizkaitarrek. Behintzat, Aresen aurretik sartu ahal izan dira sailkapen nagusira begira.

Lehen luzean hiru traineru aritu dira bi segundoren tartean, Santurtzi lider eta Cabo laugarren zela, Aresen atzetik, segundo batzuk galduta. Baina lehen ziaboga pasa ostean dena aldatu da. Ondarroa, lider jarri da eta 4 segundoko aldea atera die "Sotera" eta Aresi. Hirugarren luze horretan sei segundo zegoen liderra eta beste hiru ontzien artean, eta Cabo, nabarmen behetik gorantz eginda, bigarren ipini da.

Galiziarrak izan dira, hain zuzen ere, Ondarroaren aurkari nagusienak azken luzean –eta estropadaren globalean ikusi denez–. Bi segundora ipini da Cabo, baina momenturen batean bi traineruen arraunak gehiegi gerturatu egin dira, bakoitza bere kalera joan den arte. Hortxe mantendu da borroka bien artean, baina bizkaitarrek eutsi egin diote lehen postuari, Caboren aurretik, txandako eta estropadako garaipena lortzeko. Santurtzik Aresen aurretik sartzea lortu du, eta azkenean bosgarren eta seigarren izan dira, hurrenez hurren.

Ohorezko txanda: Nahi, baina gaur ezin

Ligako onenak zergatik diren erakutsi nahi izan dute ohorezko txandako lau ontziek. Lehen ziabogan, Urdaibai nabarmen aurretik zela, lehen txandako Ondarroaren marka onena hobetu du –ez, ordea, Santurtzirena, txanda horretan lehena pasa baita lehen maniobra horretan segundo bat hobeagoarekin–.

Argi zegoen erritmo hau mantenduta, garaipena hemen egongo zela, Ondarroa etxeko ontziaren kalterako. Baina ez dute mantendu, eta 3 segundo motelago pasa dira bigarren ziabogatik. Joan-etorrian alde asko nabarmendu dute traineruek haizearekin. Hirugarrengoan ere ezin izan dute hobetu eta Gorka Aranberri Urdaibaiko patroia lehen kaletik hirugarrenera abiatu da azken luzean haizearen norabide naturalagoa bilatu nahian.

Atzetik Hondarribia saiatu egin da, baina azken biraketan segundo batzuk galdu ditu eta ezin izan dio buelta eman. Estropadako sailkapenean laugarren izan da behintzat, Donostiarrari puntu batzuk kenduta, Gipuzkoako hiriburukoak zazpigarren zian baitira. Orio bere atzetik sailkatu da, zortzigarren.

2. txanda: Inork ezin du Ondarroaren denbora hobetu

Itsasoaren egoera okertzen eta zailtzen zegoen jada momentu honetan, eta txanda honetan urduritasuna present zegoela erakutsi dute Kaikuk eta Zierbenak. Biak semaforoa berdea jarri baino lehen aurreratu dira eta hiru segundoko zigorra jaso dute, sailkapeneko 11. eta 10. postuetara jaitsiz, hurrenez hurren. Amaieran biziko zen helmugaratze estuaren lehen seinalea zen.

Irteera berriro eman denean, lau traineruak oso pare joan dira lehen luzean, baina Kaikuk markatu du denbora onena. Hori bai, ez du lehen txandan Santurtzik egindakoa hobetu, bost segundo gehiago bera izan baititu.

Estropadak aurrera egin du, baina lau ontziek berdintasuna erakutsi dute. Getaria, hori bai, pixkanaka atzean geratzen hasia zen, nahiz eta ondoren aurrera egin duen berriro. Zierbena, bestalde, bigarren postuan kokatu da, hasieran jasotako zigorrarengatik amorruz.

Baina amaierak ezuste nabarmena ekarri du. Izan ere, foto-finisha behar izan den helmugaratzean, Getaria sartu da lehenik, Zierbena eta Kaikuren aurretik. Lekittarra atzerago iritsi da. Hala ere, inork ez du Ondarroaren denbora hobetu eta ohorezko txandari itxoin behar izan zaio garailea nor zen jakiteko. Hori Ondarroa izan da, herrian ospatzeko gogotsu zeudela.

XXXVIII. Ondarroako Bandera
    1.    Ondarroa           19:57.94        
    2.    Cabo                 19:59.40
    3.    Urdaibai            20:03.36
    4.    Hondarribia       20:07.24
    5.    Santurtzi           20:09.80
    6.    Ares                 20.13.22
    7.    Donostiarra       20:19.62
    8.    Orio                 20:20.74
    9.    Getaria             20:21.86
    10.    Zierbena          20:24.68
    11.    Kaiku              20:25.66        
    12.    Lekittarra        20:29.62 

Eusko Label Liga - Sailkapen Nagusia
    1.    Urdaibai           138 puntu        
    2.    Hondarribia      134
    3.    Donostiarra      134
    4.    Orio                120
    5.    Getaria             80
    6.    Kaiku                75
    7.    Zierbena           66
    8.    Cabo                 62
    9.    Ondarroa           58
    10.    Lekittarra         53
    11.    Santurtzi           52
    12.    Ares                 41

Nadeth Agirre Orioko patroia taldekideak besarkatzen Liga gertuago dutenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskotren Liga: Orio, Arraun lagunak baino puntu bat gehiagoren zain

Orio hatz puntekin ukitzen ari da dagoeneko Euskotren Liga. Zortzi puntuko aldea behar du asteburu honetan txapeldun izateko eta, nahiz eta Arraun Lagunakek sekulako lana egin eta borroka handia planteatu, mirotzek indar puntu bat gehiago dutela erakutsi dute Ondarroako uretan garaipen berri bat lortzeko eta puntu bat gehiagoko aldea ateratzeko. Gauzak hala, igande honetan bertan lor dezake Liga, beti ere Arraun Lagunaken aurretik geratzen bada.

Larunbat honetan Arraun Lagunakek lehen erreferentziak markatu ditu, baina ziabogara iristeko gero eta metro gutxiago falta zirela, Oriok lidertza eskuratu du. Segundo bateko aldea atera dio maniobran Arraun Lagunaki, eta ondoren, mirotzen aurkari zuzenak bazirudien Donostiarrarekin lehiatu behar izango zuela bigarren postuarengatik. Ilusio bat besterik ez da izan, segituan hartu baitu erritmo ona, Orio bi segundora zegoela eta hiriko beste trainerua atzerago geratu dela.

Hala, Nadeth Agirreren ontziak Euskotren Liga irabazteko gerturatzen dion beste garaipena lortu du, Arraun Lagunaken atzetik. Beheko postuetarako borroka horretan, Donostiarrak kolpe handia eman du mahai gainean Tolosaldearen aurretik helmugaratuz.

IV. Ondarroako Bandera
    1.    Orio                        10:38.24        
    2.    Arraun Lagunak      10:41.48
    3.    Donostiarra            10:44.06
    4.    Tolosaldea              10:49.18

Euskotren Liga - Sailkapen Nagusia
    1.    Orio                        42 puntu        
    2.    Arraun Lagunak      35
    3.    Donostiarra            18
    4.    Tolosaldea              15