Joseba Salbador Goikoetxea
Elkarrizketa
Kattalin Mutuberria Irazoki
Sardiñerak kofradiako kidea

«Piraten mugimenduak erakutsi du beste Donostia bat posible dela»

Aurten hogei urte beteko dira Donostiako piratek beren lehen abordajea egin zutenetik. Zalantzarik ez dago gainbehera zijoan jai ereduak norabide berria hartu zuela ekimen horri esker, batezere jai herrikoiagoak eta parte hartzaileagoak sustatu zituelako.

Kattalin Mutuberria Irazoki, Sardiñerak kofradiako eta Ontziola koordinazio taldeko kidea.
Kattalin Mutuberria Irazoki, Sardiñerak kofradiako eta Ontziola koordinazio taldeko kidea. (J.S.)

Ze balorazio egiten duzue hogei urteko ibilbideari buruz? Zer irabazi du Donostiako Aste Nagusiak piraten mugimenduaren ekarpenarekin?

Hogei urte asko dira herri mugimendu batentzat eta ibilbide luze horretan momentu ahulak eta momentu indartsuak izan ditugu. Ezin dugu ahaztu, adibidez, 2014ko enbatak Flamenka gunean kalte larriak eragin zituenekoa. Hogei urteotan, beraz, gora-beherak izan ditugu, baina zalantzarik ez dago hazten joan den mugimendua dela. Ekintza eta toki zehatz batetik abiatu zen mugimendua beste espazio askotara zabaldu da, egitaraua ere asko aberastu da eta jende kopuruari dagokionez, argi dago etengabe handitzen joan dela eta kofradia desberdinetako parte-hartzea indartzen joan dela. Hori guztia kontuan hartuta, gure iritziz Piraten Mugimenduak egin duen ekarpenik nagusiena da Donostiari eraldatzeko tresna bat eman diola, hau da, beste Donostia bat posible dela erakutsi duela. Eta mugimendu honen inguruan gero eta jende gehiago egoteak erakusten du donostiarrek horretan sinesten dutela. Jendea guregana hurbiltzea ez da kasualitatez gertatzen, apustu kontziente bat dago horren atzean.

Hogeigarren urtea betetzeagatik ez ezik, aurtengoa edizio berezia izango da bi urteko etenaldiaren ondoren datorrelako. Etenaldiak hasunarketarako balio izan al du? Aldaketarik izango da aurtengo egitarauan edo aurreko urteetako bidetik jarraituko du?

Bai, bi urte hauek balio izan dute barne-hausnarketa egiteko. Eta hausnarketa horren ondorio nagusia izan da mugimendua bera indartzeko apustua egin dugula, elkarrekin ekintza gehiago sustatzeko, gure arteko aliantzak sortzeko, saretzeko… Azken batean, erreaktibazio hori elkarrekin izatea nahi dugu. Hortaz, aurtengo desberdintasun nagusia izango da ekintza guztiak elkarrekin antolatuko ditugula. Lehen, kofradia bakoitzak bere egitaraua sortzen zuen eta, ondoren, egitarau orokorrean txertatzen zen. Orain, ordea, denen arteko zerbait sortzearen aldeko apustua egin dugu, ez antolaketari dagokionean bakarrik, baita parte-hartzeari dagokionean ere. Auzoetan, adibidez, ekintza puntualak antolatu dira –Grosen, Intxaurrondon edo Urgullen adibidez–, baina Flamenkak bideratuko ditu, modu integratu batean. Modu batera edo bestera, esan beharra dago baita ere egitarauak aurreko urteetako ekintza nagusiak mantenduko dituela, Flamenka gunea (portua) eta Trini gunea (Trinitate plaza) ardatz hartuta.

Aurten ere 20 urte betetzen dituen Bilgune Feminista gonbidatu duzue txupinazo pirata botatzera.

Bai, aitortza bat egin nahi izan diegu, hogei urteko ibilbide honetan Donostiako Bilgune Feministako kideek izugarrizko inplikazioa izan dutelako Piraten mugimenduan. Horietako asko eta asko piratak dira eta beraiek gabe, mugimenduak hutsune asko izango lituzke. Era berean, azpimarratu nahiko nuke Bilgune Feministak eta mugimendu feministak orokorrean egin dituen hainbat hausnarketak izugarrizko eragina izan dutela piraten mugimenduan. Beraz, larunbata arratsaldean, Flamenka Gunean izango dira Bilgune Feministako kideak, Santa Klara ugartetik etorriko diren Ezkila Kapitaina eta Mattirekin batera Aste Nagusi Piratari hasiera emateko.

Aurtengo udan ezinbestez aipatu beharreko gaia da emakumeen aurkako eraso sexisten ugaltzea. Donostiako Piraten Mugimendua erreferente bihurtu da erasoak salatu eta kaltetutako emakumeak artatzeko orduan. Ikusitakoak ikusita, aurten neurri bereziren bat hartzeko asmorik baduzue?

Ez, ez dugu neurri berezirik hartzeko asmorik. Egia da aurreko asteetan ziztaden arazoa errepikatu dela hainbat herritan eta horrek alarmismo momentu batera eraman gaituela. Baina arazo horretatik harago, argi daukagu erasoak izango direla, gehiago edo gutxiago ez dakigu. Izan ere, erasoen gaia sistematikoa dela iruditzen zaigu eta hori errotik ez bada mozten, jaietan ere erasoak egongo dira. Horregatik, gure aldetik gure baliabide pertsonal guztiak jarriko ditugu eta ahal dugun guztia egingo dugu, baina iruditzen zaigu administrazioek gehiago egin behar dutela, baliabide profesionalak eskaini behar dituztela eta guri entzun behar gaituztela, ez indar polizialei. Aurten, hori bai, Udalak inplikazio handiagoa izango du, artatzea beraien esku geratuko da, baina horrek ez du esan nahi Piratek arretarik bermatuko ez dutenik eta eman behar diren pausu guztiak emango ez dituenik.   

Aurtengo leloa "Biba festa! Biba eraldaketa!" da. Zein da bere esanahia? Zer mezu helerazi nahi zenieke Donostiako Aste Nagusira gerturatuko diren milaka pertsonei, eta bereziki gazteei?

"Biba festa! Biba eraldaketa!" leloa hasieratik izan dugun leloa da. Izan ere, festa, gizartearen isla den neurrian, tresna gisa ere ikusten dugu gazteen arteko antolaketa sustatzeko, gauzak aldatzeko… Eta hogei urte hauetan argi geratu da eraldaketa handia egin dugula, eta eraldatzen jarraituko dugula, jendeak kontzientzia har dezan festak ez direla festa hutsa, baizik eta pertsona aktibo eta ekintzaile izateko aukera ematen digutela. Gure bidea hori da, arrotza zaigun Donostia hau eraldatzeko tresna izan dadila. Eta kanpotik etorriko direnei, festaz gozatzeko eskatu nahiko genieke, beti ere errespetuz eta maila pertsonalean ere gure filosofia horren aldeko parte-hartze aktiboa erakutsiz.