NAIZ

Virginia Diazek ezustekoa eman eta Municheko Europako Txapelketako finalean sartu da

Basque Teameko kirolariak emakumezkoen banakako scull probako bigarren finalerdia irabazi du eta igande honetako finalerako sailkatu da.

Virginia Diaz, Municheko Europako Txapelketako proba batean.
Virginia Diaz, Municheko Europako Txapelketako proba batean. (BASQUE TEAM)

Virginia Diaz arraunlaria ezin pozago zegoen Municheko estropada eremuan jokatu den gaurko finalerdia bukatzean, gertatu berri zena ia sinestu gabe. Izan ere, Basque Teameko kirolariak emakumezkoen banakako scull probako bigarren finalerdia irabazi du eta igande honetako finalerako sailkatu da.

Diazek seigarren kaletik egin du arraun eta oso irteera ona burutu du, bere esanetan, hori bere indarguneetako bat izaten ez den arren. Lehen partzialean laugarren izan da, baina behetik gora egin du probak aurrera egin ahala.

Estropadako lehen 1.000 metroak betetzean hirugarren postura pasa da, eta 1.500 metrotik pasatzean probaren azken zatiari ekin dio lehenengo postuan jarriz. Virginia Diazek nagusitasunez, eta 8:06.03ko denbora lortuta, irabazi du finalerdia. Atzetik, Tokioko Jokoetan brontzea irabazi zuen Magdalena Lobnig austriarrak, Siri Eva Kristiansen norvegiarrak, Lenka Antosova txekiarrak eta Nina Kostanjsek eslovakiarrak amaitu dute.

Diazek sailkapen-seriean baino erosoago egin du arraun, haizeak aurreko egunean baino indar gutxiago jo baitu. Bere estropada egiten saiatu da, bere lanean zentratuz eta emaitza ezin hobea izan da. Proba amaitzerakoa, harrituta zegoen gaur izan duen errendimenduarekin eta, aurreko aldietan aurre egin dion txekiar lehiakidea baino gehiago izatearekin gaurkoan.

Gogoan izan behar da Virginia Diaz banakako lehiaketan ari dela orain, berriz ere scull-era egokituta. Aurreko ziklo olinpikoan lemazainik gabeko bikoan lehiatu zen Aina Cid-ekin batera, eta seigarren postua eta diploma lortu zituen Tokioko Jokoetan.