NAIZ

Bi kideren kontra egindako «adierazpen faltsuak» salatu ditu Algortako Mugimendu Feministak

Algortako Mugimendu Feministak taldeko bi kideren aurka «egindako salaketak eta zabaldu diren gezurrak» salatu ditu. Ziztada bat jaso zuen emakume bat artatzen ari ziren bi kideak ertzainak agertu zirenean, baina poliziek diote beraien lana «oztopatu» zutela.

Algortako Mugimendu Feministaren agerraldi jendetsua.
Algortako Mugimendu Feministaren agerraldi jendetsua. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Algortako Mugimendu Feministak bere bi kideren kontra Ertzaintzak zabaldu dituen «gezurrak» argitzeko ohar bat bidali behar izan du.

Astelehen goizaldean (01.05ean) izan ziren gertakariak, Algortako Portu Zaharreko festetan: neska gazte batek ziztada bat jaso eta 112ra deitu zuten momentu horretan txosnen ardura zuten bi emakumek eta larrialdi zerbitzuak Ertzaintzaren esku-hartzea bideratu. Ertzaintzako bi agente bertaratu ziren eta, hauen arabera, Mugimendu Feministako bi kideek haien lana «oztopatu» zuten.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburu eta Lakuako Gobernuko bozeramailea ere mintzatu da honen inguruan: «Zabarkeriaz jokatu eta biktimaren osasuna arriskuan jarri zuen. Horregatik, bi pertsona horiek desobedientzia larriko delituari egin behar diote aurre». Delitu horrengatik ikertzen ari dira bi kideak.

Algortako Mugimendu Feministak, bere aldetik, bi kideen aurka «egindako salaketak eta zabaldu diren gezurrak» salatzeko oharra egin du publiko. «Epaituak izango diren bi kideak izan ziren uneoro erasoa jasan zuen neska artatu zutenak, 112ra anbulantzia eske deitu zutenak, gurasoak jakinaren gainean jarri zituztenak eta Ertzaintzarekin ondorengo urratsak koordinatu zituztenak», esplikatu du talde feministak.

Hortaz, argi utzi nahi izan dute «inork» ez zuela «inongo momentuan» oztoporik jarri eta, beraz, «egin diren adierazpen faltsuak deuseztatzea eta bi kideen aurkako salaketak bertan behera uztea» exijitu dute.

Egoera salatzeko prentsaurreko jendetsua eskaini du asteazken honetan Algortako Mugimendu Feministak Portu Zaharreko eskaileretan.

Donostia eta Bilbon arazoa denik ukatu dute

Zenbait hedabidetan asko zabaldu da Erkorekaren bertsioa, beste aldearena aipatu gabe. Honekin nolabaiteko talka irudikatu nahi izan da ziztaden trataeraren inguruan, erakunde eta herri mugimenduen artean. Baina Eneko Goia Donostiako alkateak esan du bere hirian ez dela honelakorik antzeman, eta Udala Donostiako Piratekin elkarlanean ari dela auzi honi aurre egiteko asmoz.

«Eskutik ari gara, helburu berbera dugulako: gauza hauek ez gertatzea, eta gertatu ezkero erantzun egokia izatea», txalotu du Goiak.

Bilbon ere giro nahasia sortu du ‘El Correo’k argitaratutakoak, ustezko desadostasunen ondorioz. Konpartsek goitik behera ukatu dute Lakuako Gobernuak ezer helarazteko deitu dienik, eta beti egin duten modura jokatuko dutela esan dute: txosnagunean zerbait gertatu ezkero Udaltzaingoari deituko diote.

Are gehiago, Itziar Urtasun Udal Gobernuko Jaietako arduradunak bide beretik hitz egin du, konpartsekin inolako arazorik ez duela espero esanez: «Txosnetan honelako arazorik gertatu denean beti pertsona arduradun batzuk egon dira, eta kasuak Udaltzaingoari jakinazi zaizkio. Aurten ere horrela izango da, ez da arazorik izango», ziurtatu du.

Donostia

Testinguru honetan, Donostiako Piratek jakinarazi dute Aste Nagusiak hasi zirenetik jada sei pertsona kanporatu behar izan dituztela jaigunetik eta pertsona batek ziztada bat salatu duela.

Ohar baten bidez, salatu dute gertatutakoa «larria» dela, baina «ez gaitezen beldurraren zurrunbiloan erori», galdegin dute piratek. «Egoerari duen dimentsioa ematen saiatu behar dugu, baina alarma sozialean erori gabe», adierazi du. Hori dela eta, «zurrumurruak» ez hauspotzeko deia egin dute.

Donostiako Kursaaleko terrazetan gertaera nahasia izan da astearteko gau honetan. Gizon bat ziztadak egiten ari zela zabaldu da sare sozialetan eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bertan aurkitu dute, baina ez omen zuen ziztadak egiteko inolako tresnarik.