Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Mailari eustea ziurtatzeko azken tenkada Zarauzko olatu bizien artean

Soilik bi puntuko aldea dago Euskotren Ligako hirugarren eta laugarren postuen artean eta Zarauzko Banderako bi estropadekin bukatuko da liga erregularra. Donostiarrak edo Tolosaldeak, bietako batek, jokatuko du jaitsierako play-offa.

Tolosaldeko trainerua, Ondarroako estropadan.
Tolosaldeko trainerua, Ondarroako estropadan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Gogotsu gaude», adierazi dio NAIZi Ane Egues (Elduain, 2001) Tolosaldeko arraunlariak Zarauzko estropadak jokatu bezperan. Nerea Perez (Tolosa, 1997) Donostiarrako patroia ere ez da atzean geratzen: «Zarautzen bi final jokatuko dira eta biak irabazten saiatu behar dugu».  

Kaiarribako trainerua hirugarrena da Euskotren Ligan, 19 punturekin. Bi gutxiagorekin daude goi mailan estreinatu diren tolosarrak. Alegia, Zarautzek erabakiko duela jaitsiera zeinek jokatuko duen. Indarrak zeharo parekatuta daude; Tolosaldeak  jokatu diren hamabi estropadetatik bost donostiarren aurretik amaitu ditu; gainontzeko zazpi probetan, alderantziz gertatu da. «Behetik gora dator Tolosaldea», onartu du Perezek. Aurreko igandean Castron estropada ona egin ez zutelako penatuta agertu da, baina, era berean, gogoratu du zenbait jardunalditan Arraun Lagunakekin lehia estua izan dutela: «Sentsazio onekin atera garen estropadetan ondo ibili gara eta, beraz, Zarautzen horren bila atera behar dugu».

«Ikusten dugu beste traineruen artean sartzeko aukera badaukagula. Ez dugu ikusten galdutzat dugunik», azaldu du ziurtasunez Elduaingo arraunlariak. Galtzeko ezer gutxi eta irabazteko asko dauka Tolosaldeak. Azken bi estropadetan Donostiarra baino postu bat hobea lortuz gero, 25 punturekin berdinduta bukatuko lukete liga erregularra, «eta horren bila goaz», ziurtatu du.

«Bihar [gaur] bai edo bai beraien aurretik bukatu behar dugu igandean beste lasaitasun batekin ibiltzeko», nabarmendu du, bestalde, Perezek. Ziurtatu du estropada bakoitzean ateratzen direla irabaztera, «zaila den jakitun izanda ere», eta Zarautzen ere irabaztera aterako dira. «Egia da Tolosa ere hor dagoela, borrokan, eta horrek ere eragiten du».

Euskotren Ligako irabazlea guztiz erabakita izanik –Oriok irabazi du nagusitasun ia osoz, Arraun Lagunakek soilik bi garaipen erdietsi baititu–, jaitsiera nork jokatu borrokak bereganatuko ditu foku guztiak.

Gertu

Denboraldian zehar indarrak inoiz baino parekatuago egon izanak eragin du jaitsierako play-offa nork jokatuko duen azken unera arte ez erabakitzea. «Ez da ikusi azkenaren eta lehenengoaren artean 30 segundoko errentarik», iritzi du Eguesek eta, ondorioz, bere taldeak eginiko lana goraipatu du. «Gure debuta izan da, eta ikusi da beraiekin borrokan aritzeko gai garela. Orio, Arraun Lagunak eta Donostiarra, guretzako idoloak izan direnak, arerio gisa ikustea, hain gertu ikustea... motibazio handia da guretzat», xehatu du Elduaingoak. «Lanak ondo egiten baditugu, ikusten dugu ez garela hain urrun geratzen lehendabiziko postuetatik. Horrek gogoa ematen digu jarraitzeko», gaineratu du.

Aurreko urteetan jaitsierako play-offa jokatu behar zuen trainerua nor izango zen asmatzea errazagoa izan da. Hondarribiak koska bat gora egin zuen iaz, baina ezin izan zuen jaitsierako play-offa saihestu; are, Tolosaldeak bertan aurrea hartu eta maila galdu zuen. Aurten, ordea, bi traineru daude jaitsiera saihesteko borrokan. Perezek uste du bere taldea esperientziadun jende gutxiagorekin geratu dela arraunlari garrantzitsuak galtzearen ondorioz, eta horrek «konfiantzan eragin» diela: «Nerbioekin ateratzen gara eta horrek kalte egiten digu».

Donostiarra (irudiaren ezkerrean), aurrean aritu diren Arraun Lagunak eta Orioko traineruekin.

25 urte eskasekin eskarmentu handiko arraunlaria da tolosarra (San Juan, Hondarribia eta Donostiarra), eta aurtengoan gazteenen “irakasle” izatea egokitu zaio: «Urte guztiak ezberdinak dira. Hain jende gaztearekin beste modu batean hartu behar duzu; behetik, jubenil asko datoz eta oso onak. Hurrengo urtera begira lanean jarraitu behar da».

Ane Eguesek aurten egin du debuta maila gorenean, baina jada bederatzi urte daramatza arraunean, azken bostak traineruan: «Bilakaera naturala izan da. Zortea izan genuen trainerua osatzera zihoazenean lehiatzeko adinean geundela. Ia talde osoa mantendu dugu, elkarrekin ikasi dugu arraunean eta elkarrekin ari gara hazten. Sekulakoa da traineru barruan beraiekin borrokan aritzea».

Baldintzak

Donostiarrak jaitsiera jokatzea ez litzateke porrota, Nerea Perezen aburuz. «Hainbeste aldaketekin inork ez zuen espero goi-goian izatea. Play-offera joaten bagara, irabazten saiatuko gara», ziurtatu du. Era berean, taldekideei beraien gaitasunean «sinetsi» dezatela adierazten die, «uste duguna baino gehiago garelako».  

Zarauzko olatuek ere izango dute zeresana asteburu honetan. Perezek aurreratu du itsaso mugitua espero dutela, bi metroko olatuekin, eta, beraz, erabakigarria izan daiteke hori. Ane Eguesek ere ziurtatu du estropada bakoitza baldintzatzen duten zenbait xehetasun daudela, onerako eta txarrerako. Dena dela, baldintza guztien gainetik, dena emango duten traineruen borroka ikusiko da Zarauzko uretan.