Arnaitz Gorriti

Zarauzko Ikurrineko bigarren estropadako emaitzen aurka, Urdaibairen helegitea

Bermeoko taldearen ustez, GPS bidez ezarritako helmuga marra ez dago ondo kokatuta eta ondorioz, "Bou Bizkaiak" irabazi zuen igandean eta ez Hondarribiak. Lehiaketako Epaile Bakarrak tramitera onartu du Urdaibairen helegitea eta azken emaitza, beraz, azken honen behin betiko erabakiak finkatuko du.

Urdaibairen iritziz, larunbatean bezala, Bermeoko ontziak igandean ere denborarik onena egin zuen Zarautzen.
Urdaibairen iritziz, larunbatean bezala, Bermeoko ontziak igandean ere denborarik onena egin zuen Zarautzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zarauzko XLV. Ikurrina joan zen asteburuan jokatu bazen ere, Eusko Label Ligako domekakko estropada oraindik ez da amaitu, nonbait. Jakina da bi ehunenekoren aldeagatik Hondarribiak eraman zuela Zarauzko estropadako bigarren jardunaldia, nahiz eta behin behineko denboren arabera Urdaibai izan zen garaile. Bada, igandeko estropada horren harira Urdaibaiko traineruak helegitea aurkeztu du Lehiaketako Epaile Bakarraren aurrean.

Bermeoko taldeare aburuz, erreferentziatzat erabili zen helmugako marra birtual hori ez zegoen behar bezala ezarrita. «Gure ustez, GPS bidez ezarritako helmuga marra ez dago ondo kokatuta, buietatik oso urruti, eta hori sekulako akatsa da», iritzi dio Agustin Aranburu, Urdaibaiko presidentearen hitzetan.

«Zer dela-eta ezarriko zen bestela hasiera baten 19 ehunenekoren tartea gure alde, gero azkenean bi ehuneneko atzetik amaitu genuela adierazteko? Nola egon liteke 21 ehunenekoen aldea erabaki batetik bestera», gaineratu du Aranburuk.

Hondarribia Arraun Elkartetik ezer ere ez dute san kontu honen inguruan, eta bitartean Epaile Bakarraren aurrean dagokion dokumentazioa aurkeztu du klub bizkaitarrak. Azken erabakiaren faltan, gutxienez tramitera onartu du eta hurrengo egunetan emango du aditzera azken erabakia.

Aintzat hartu beharreko kontua da berau Eusko Label Ligako sailkapen nagusiari begira. Azken baten, hiru segundutik gorako aldeari eutsi zion Urdaibaik Zarauzko XLV. Ikurriña irabazteko, baina ez da gauza bera Eusko Label Ligako sailkapen nagusian lider den Urdaibaik bigarren postuan doan Hondarriibiari hiru puntuko aldea –unetan dagoen moduan: 172-169 bizkaitarren alde– edo bostekoa ateratzea, Liga amaitzeko lau estropada falta direnean.

Hiru hautagai postu bakarrerako

Bestalde, jakina da datorren urtean Euskotren Ligak zortzi partaide izango dituela, lau bakarrik izan beharrean. Dagoeneko zazpi lehiakidek badute 2023ko Euskotren Ligan aritzeko txartela: Orio, Arraun Lagunak eta Donostiarra aurtengo Euskotren Ligako hiru onenak izateagatik; Hondarribia eta Hibaika ETE Ligako aurreneko bi postuetan amaitzearren; eta Galiziako Ligako bi onenak: alegia, Cabo eta Chapela.

Bada, txartel bakarra geratzen da banatzeko eta hiru hautagai daude. Irailaren 17 eta 18ko play-offetan erabakiko diute datorren urteko Euskotren Ligan ariko den zortzigarren ontziaren izena. Batetik Tolosaldea dago, aurtengo Euskotren Ligako laugarren sailkatua; Deustu, ETE Ligako hirugarrena; Mugardos azkenik, Galiziako Ligako hirugarren sailkatua.