Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Suizidioaren aurpegiak bistaratzen dituen kanpaina

Beren buruaz beste egin zuten 50 laguni ateratako azken argazkiak erakutsi ditu kanpaina batek Londresko kaleetan. CALM GKEak jarri du martxan proiektua, suizidioari buruzko estigmak eta aurreiritziak borrokatzeko. «Suizidioak ez dauka beti suizidioaren itxurarik», ohartarazten du kanpainak.

Norbaitek bere buruaz beste egin aurretik azken argazkiak biltzen ditu kanpainak. CALM
Norbaitek bere buruaz beste egin aurretik azken argazkiak biltzen ditu kanpainak. CALM

Bere buruaz beste egin duen pertsona batek bizi zituen azken egunak nola irudikatzen ditugu? Kopetilun, gaixo-antz, herioaren harrapakin? Pertsona horren azken argazkia, artean bizi zela egindako azken irudia, nolakoa imajinatuko genuke? Irribarrerik gabeko argazkia? Minaren isla betierekotua? Ezinegonaren keinu tolestu bat? Suizidioaren aurpegia? Bada, suizidioak ez du beti suizidioaren itxura izaten eta hori ulertaraztera dator Britainia Handiko CALM (Campaign Against Living Miserably) GKEaren kanpaina gogorra.

Hain zuzen, ez da horrelako ezer ikusten "The Last Photo" kanpainan. Irribarreak, ospakizunak, txantxak, festak, agertzen dira argazkietan. adam&eve DDB izeneko konpainiak garatu du ekimena aipatu GKEarentzako, eta beren buruaz beste egin duten pertsonen azken argazkiak baliatzen ditu –familiek emanak–, erakutsi asmotan suizidioa maiz ezin dela aurreikusi, ezta aurpegietan irakurri ere.

Kanpaina abiatzeko, ekainean, 50 erretratu irribarretsu biltzen zituen instalazio bat jarri zuten Londresko Southbanken, begitarte alaia eta ustez zoriontsua zuten pertsonen argazkiak, argitu gabe zertan zen ekimenaren xedea. Bi egun geroago, kanpainaren benetako izaera “This Morning” telebista programan argitu zuten zuzenean: erretratu horiek, hain zuzen, beren buruaz beste egin zuten pertsona batzuen azken argazkiak dira.

Gerora, hiriko eremu desberdinetara zabaldu zituzten erretratuok, soilik esaldi birekin lagunduta. Bat, esanez argazkia egin eta zenbat egunera egin zuen bere buruaz beste protagonistak –«hiru egun beranduago, Ross-ek bere buruaz beste egin zuen», adibidez–. Bestea, kanpainaren leloa: «Suizidioak ez du beti suizidioaren itxurarik».

Londonen dagoen kanpaina 50 irudi irribarretsuk osatzen dute. CALM

Senideen testigantzak

Kartelek, gainera, CALMen webgunea bisitatzera gonbidatzen ditu ikusleak eta bertan beren buruaz beste egin duten pertsonen senideen testigantzak aurki daitezke.

Ciaranek, kasurako, 28 urterekin egin zuen bere buruaz beste. Bere seme jaioberriarekin agertzen da argazkian, irribarretsu. Horrela hitz egiten du berari buruz bere familiak: «Ciaran pertsona atsegina, samurra eta dibertigarria zen, eta aita izan nahi zuen [...]. Lagunak, bere txoria eta bere haur txikia maite zituen. Ciaranek beti esan izan zuen aita izan nahi zuela. Berak eta bere bikotekideak negar egiteraino barre egiten zuten esnatzen ziren momentutik lotara sartzen ziren arte. Ezin da hitzekin esplikatu zenbat dugun faltan».

50en arteko beste protagonistetako bat: Peterrek 58 urte zituen, harik eta bere buruaz beste egin zuen arte. Bere azken argazkian txantxazko keinu batekin ageri da. Horrela hitz egiten du Lisak, bere alargunak, Peterri buruz. «Argazki hau Bartzelonan egin genuen, gure ezkontzaren 33. urteurrenean (ia 40 urte lehenago ezagutu genuen elkar, nerabe ginela!). Elkarrekin egin genuen azken festa izan zen. Peter itxaropentsu zegoen 2018aren hasieran, baina etsipenera egin zuen argazkia hau atera, oporrak amaitu eta gutxira. Hilabete bat geroago, suizidio saiakera bat egin zuen, eta, azkenik, abenduaren 29an amaitu zuen bere bizitza. Familia, lagunak eta lankideak hunkituta geunden galdu genuelako; umore garratza zuen pertsona zen. Guk, Peter aita maitagarri eta aitona dedikatu bezala oroitzen dugu. ‘Babbo’ esaten zioten gure bilobek».

Suizidioaren inguruko aurreiritziez gizartea kontzientziatzea du helburu CALMen kanpainak, eta suizidioa saihesteko aholkuak eta tresnak ematen ditu bere webgunearen bitartez, nabarmenduz sufrimenduaren edo suizidio arriskuaren seinaleak ez direla beti nabarmenak izaten. Datu batzuk emateko ere aprobetxatzen du kanpainak: kasurako, Britainia Handian astero 125 pertsonak egiten dute beren buruaz beste.

Egoeraren neurria gure errealitatean doitu nahi bada: Eustat-en eta Nafarroako jokabide suizidak prebenitzeko eta artatzeko Erakunde arteko Koordinazio Batzordearen (Napresui) datuei erreparatuta, 2021ean 206 pertsonak egin zuten beren buruaz beste Hego Euskal Herrian.

Alta, datuek baino gehiago esaten dute argazkiek, izenek eta testigantzek, horra CALMen kanpainaren funtsa eta indarra. Hitz egiten da heriotza tasen eta zenbakien inguruan, baina ez hainbeste Adam (18 urterekin egin zuen bere buruaz beste), Samantha (21 urte), Alexander (20 urte), Ravi (30 urte), Simon (63 urte), Will (42 urte), Alex (19 urte) edo Bethanyren (17 urte) inguruan.

Hitz egin daiteke, kasurako, Sophie-ren inguruan. Gazte erabaki baitzuen Sophiek bere bizitza etetea, 29 urterekin. «Sophie pertsona irekia, zoriontsua, oso lagunkoia zen», diote senideek berari buruz. «Taldekoia zen, oso dibertigarria, eta irribarre bat egin zezakeen beti. Soph gazte ederra zen, atsegina, maitekorra eta ezagutzen zuten guztiek maitatua. Oso gustuko zuen kalean egotea [...]. Sophiek bere buruaz beste egin baino 4 hilabete lehenago egin zioten argazki hau. Bere suizidioa erabateko sorpresa izan zen guretzat, gutako inork ez zuen espero. Sophiek gutako edozeini nola sentitzen zen esan izan balio, ahal genuen guztia egingo genuen laguntzeko, baina berak ez zigun aukera hori eman».