Realak eta Alavesek jokatuko dute Euskal Herria Kopako finala

Donostiarrek Athletic gainditu dute (3-1) eta talde arabarrak Eibar mendaratu du (0-3). B mailan, Bizkerrek eta San Ignaciok jokatuko dute finala.

Oihane eta Jensen golegilea, Berazubin jokatu den finalerdiaren jokaldi batean.
Oihane eta Jensen golegilea, Berazubin jokatu den finalerdiaren jokaldi batean. (Andoni Canellada | Foku)

Final berria izango du Euskal Herria Kopak bere 12. edizioan. Alavesek bigarren aldiz jarraian jokatuko du baina, iaz Athleticen kontra galdu ondoren, oraingoan gainontzeko final guztiak lehiatu dituen Reala izango du aurrean.

Denboraldiko lehen derbi handiak ekarri ditu gaur Euskal Herria Kirolak antolatutako txapelketak. Eguerdian, maila galdu duen Eibarrek eta Alavesek jokatu dute Mintxetan lehen finalerdia eta Elba Verges armagin oihak (37. eta 90. minutuetan) eta Carla Armengolek (52. minutuan) sartutako golei esker, Mikel Cresporen taldeak garaipena (0-3) eta, ondorioz, finala jokatzeko txartela eskuratu du.

Tolosako Berazubik hartu du, bere aldetik, Realaren eta Athleticen arteko neurketa. Donostiarrek irabazi dute (3-1) hasi bezain laster desorekatu duten partida, Vanegasek 11. minutuan sartutako golari esker. Iraia Iturregiren taldeak egoerari aurre egin izan ahal dio, Tolosara gerturatutako zaleei partida borrokatu eta parekatua eskainiz, baina Realak jo du kolpea berriro ere bigarren zatiaren hasieran. Jensenek sartu du bere taldearen bigarren gola (53. minutuan). Zuri-gorrien minutu onenak etorri dira eta Azkonaren golak saria eman dio bere taldeari. Beste pare bat aukera garbi izan ditu nafarrak baina norgehiagoka amaitzeko zazpi minuturen faltan, Eizagirrek finalerdia erabaki du bakarkako jokaldi batekin.

Finala datorren igandean jokatuko dute Realak eta Alavesek, Azkoitian. Bigarrena izango da gasteiztarrentzat eta hamaikagarrena txapela hiru aldiz jantzi duen talde donostiarrarentzat.

Asteburuan jokatuko da baita ere hamabi taldeek azken bi asteotan lehiatu duten B mailako finala. Bizkerrek eta San Ignaciok jokatuko dute.