Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Muga Gotortua auzolandegia: gazteak memoria berreskuratzen, etorkizuneko tresna delako

Ia ziurra da Berako Argaitza harrobia dela Nafarroan jende gehien hil zuten lekua. Errepresio frankistaren memoria guneetako bat da. Omenaldi ekitaldia egin dute bertan eta agintariekin batera ahantzien senideek eta Etxalar eta Berako bunker eta barrakoiak txukundu dituzten gazteek hartu dute parte.

Argaitza harrobiko lurra bildu dute, Iruñean eraikiko den memoria zentrora eramateko.
Argaitza harrobiko lurra bildu dute, Iruñean eraikiko den memoria zentrora eramateko. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Memoria eta gazteak batzen ditu ‘Muga gotortua’ izeneko auzolandegiak. Abuztu amaiera honetan gauzatu dute Bera eta Etxalar artean, eta egitasmoa biribiltzeko ekitaldi bat egin dute astelehen honetan. Nafarroako memoria guneen sarearen parte da proiektua, eta bultzatzaileen artean du, udalekin batera, Nafarroako Gobernua. Horregatik, bertan izan dira, bertzeren artean, Javier Remirez lehendakariordea eta Ana Ollo Herritarren Harremanetako kontseilaria.

Ollok nabarmendu duenez, «memoria etorkizuneko tresna bat da, ezinbestekoa, gizarte zuzenagoa, etikoagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko». Beraz, gazteek frankismoko egiturak garbitzeak berebiziko balioa du, eta lagungarri izanen da oroimena belaunaldiz belaunaldi transmititzeko. Gainera, bertakoek eta bisitariek aukera izanen dute iragan hurbil baina ezkutuko honetara hurbiltzeko.

Estatu frantsesaren eta espainiarraren arteko muga indartzeko, milaka bunker jarrarazi zituen Francok Kantauriko kostaldetik Mediterraneoraino, 1939 eta 1950 bitartean, eskulan behartua erabilita. Pirinioetako Defentsa Antolakuntza deitu zitzaion, eta bertako egiturak berreskuratu dituzte herrialde ugaritako gazteek auzolandegian. Eraikitzera behartu zituzten pertsona horiek guztiak oroitzeko modu bat izan da.

Zehazki, Berako Suspela inguruan aurkitutako barrakoiak eta metrailadore-habia bat txukundu dituzte, eta bertze bi metrailadore-habia Etxalarreko Lizarrieta aldean. Ekitaldian, mendiko egitura horiek bisitatzeaz gain, omenaldi hunkigarri bat egin dute Berako Argaitza harrobian. Jende aunitz elkartu da, errepresaliatuen familiak, agintariak, herritarrak, eta ekimenaren protagonista diren 18 eta 24 urte bitarteko gazteak.

Nafarroan jende gehien hil zuten lekua

Aitor Elexpuru Berako alkateak ongietorria egin die guztiei, eta Argaitzaren historia itsusia ekarri du gogora: dozenaka lagun fusilatu zituzten bertan 1936ko udazkenean, gehienak Donostiako Ondarretako kartzelatik ekarritako presoak.

«Ez dugu datu zehatzik, ederki arduratu baitziren dokumentazio guztia suntsitzeaz, arrastorik gera ez zedin, baina, Fernando Mikelarena historialari beratarraren datuei segituz, ia seguru dakigu harrobi hau dela Nafarroan jende gehien erail zuten lekua», azpimarratu du.

Hainbat lekukotzak gertaera lazgarri horietara garamatzate. Carmen Barojaren ‘Recuerdos de una mujer de la generación del 98’ liburuko pasarteek, errate baterako. Hemen kontatzen denez, harrobi gainean bizi ziren baserritarrak etxetik ateratzen ziren gauetan, metrailadore eta ahuenik ez aditzeko. Herriko haurrak lurrean aztarrika ibiltzen ziren eta gerrikoen hebillak eta supiztekoren bat aurkitzen zuten.

Memoria gune bat Iruñean

Ekitaldian, harrobiko lurra jaso dute urna batean, aurrena senideek, gero gazteek eta erakundeetako ordezkariek. Kontseilariak azaldu duenez, memoria zentro bat eraikitzekoak dira Iruñean, elkarbizitzarako eta gogoetarako agora antzeko bat, justu zezen plazaren eta Eskolapioen parean. San Cristobaleko gotorlekua ere ikusiko da bertatik. Asmoa da hilketak gertatu ziren toki guztietako lurra bertara eramatea, sinbolo gisa.

Lurra biltzeaz gain, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin dute. Han izan dira, hunkituta eta adi-adi, auzolandegian ibili diren 25 gazteak ere, tartean Ana Anton, Alakanteko 18 urteko ikaslea. Bigarren Batxilergoa bukatu berri du eta historia pasio du, bertzeak bertze aparteko irakasle bat egokitu zaiolako. «Klase bakoitza disfrutatu dugu berarekin eta historia zer den konturatu gaitezen lortu du», adierazi dio NAIZi.

Bakarrik etorri zen auzolandegi honetara eta bi aste «intentsoren» ondotik lagun eta jakintza handiak eramanen ditu etxera. «Hagitz talde ona egin dugu, antzeko zaletasun eta kezkak ditugu, historia hurbila, gurea dena, ezagutzea, nahiko ezezaguna dena eta eskoletan irakatsi beharko litzatekeena».

Iritsi zirenean hainbertze landare zegoen, «benetan hemen bunker bat dagoela? Txantxetan ari zarete» erraten zuten. Landare horiek guztiak kenduta eta egiturak garbituta sekulakoa da aldea. «Plazer bat da jendeak bisitatu eta ezagutu ahal izatea. Naturan daude eta natura eta historia uztartuz nondik gatozen kontzientzia hartzea ederra da», defendatu du.