Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bera Bera eta Zuazo, bakoitza bere mailan urrats bat aurrera egiteko prest

Barakaldarrek eta donostiarrek etzi hasiko dute liga denboraldi berria oso arerio indartsuen aurka, Rocasa eta Malaga, hurrenez hurren. Bi taldeek atzo egin zuten denboraldiko aurkezpena eta azken urteetako lana hobetzea dute xede.

Bera Berak Donostiako Miramar jauregian egin zuen taldearen aurkezpena.
Bera Berak Donostiako Miramar jauregian egin zuen taldearen aurkezpena. (Jon URBE | FOKU)

Asteburu honetan hasiko da eskubaloiko Ohorezko Maila eta berritasun handiena, gorengo mailan hiru euskal talde lehiatuko direla izango da. Beti Onakek asko dauka esateko, baina baita Bera Bera eta Zuazok ere. Donostiarrek eta barakaldarrek atzo aurkeztu zuten beraien «irudia» denboraldi berrira begira eta biek ala biek ideia komun bat erabili zuten: «Urrats bat aurrera egitea». Nola ez, talde bakoitzak bere mailan.

Europa dauka begiz jota talde donostiarrak. Hala onartu zuen Alba Menendez kapitain zarauztarrak Donostiako Miramar jauregiko lorategietan egindako adierazpenetan –sudurreko hezurra puskatuta, ezin izango du jokatu lehen jardunaldietan–. «Helburuetako bat hori da, azken denboraldietan erakutsi baitugu gure lekua egin dugula Europan». Azaroan hasiko da gipuzkoarren ibilbidea EHF European League txapelketan eta azken urteetan baino gertuago izango dute multzoen fasera sailkatzea, soilik kanporaketa bati egin beharko baitiote aurre. Horrek, nola ez, itxaropenerako tarte gehiago uzten du, baina baita konplitu beharraren presio gehiago ere.

Nolanahi ere, denboraldia liga txapelketarekin hasten da eta ez edonolako partidarekin. «Iazko lehen sailkatua bigarrenaren aurka», Esther Arrojeria bigarren kapitainak ohartarazi legez. «Ez dago partida hoberik ligari hasiera emateko. Hemendik, jendea animatzeko mezua helarazi nahiko nuke, engantxatzeko partida egokia baita», bota zuen usurbildarrak.

«Une egokia»

Bera Berako kapitainen ostean, entrenatzaileak hartu zuen hitza. «Ilusio» handiarekin ekiten dio talde donostiarra zuzentzen duen seigarren denboraldiari Imanol Alvarezek –bosgarrena jarraian–. «Talde konpletoa» duela iruditzen zaio. Hiru fitxaketa egin dituzte gipuzkoarrek: Ane Erauskin, Giuliana Shula Gavilan eta Paula Arcos. Albiste txarra Malena Cavoren lesioa izan da, argentinarrak ezin izango baitu jokatu lehen bizpahiru hilabeteetan meniskoa hautsi ondotik.

Alvarezek uste du «une egokia» dela Malagaren aurka indarrak neurtzeko. Denboraldiaurrean sentsazio onak izan ditu Bera Berak, soilik partida bat galduz, eta berau nazioarteko talde baten aurka, Danimarkako Ikast, alajaina. Gainontzeko partidetan nagusi izan dira donostiarrak eta martxa berean jarraitzea dute xede. Horretarako, «jendearen beharra daukagu. Historia egin dezakegu edo, behintzat, urrats bat aurrera egin».

Iazko bide beretik

Zuazok Rocasa izango du aurrean ostiral honetan, Kanarietan. Alde horretatik, Joseba Rodriguez Haito teknikariak onartu zuen zaila izango dela ezustekoa ematea, baina basauriarraren ustetan «unerik egokiena» da kanariarrekin indarrak neurtzeko. «Oso desberdina litzateke partida etxean balitz, azken bi urteetan berdindu egin baitugu beraien aurka eta han, berriz, jipoia jaso izan dugu. Baina tira, zerbait positiboa ateratzeko aukerarik badago, orain da».

Zuazoko jokalari eta entrenatzaileak, Lasesarren eginiko «media day» ekitaldian. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Barakaldarrek ere ilusioz begiratzen diote sasoi berriari. Bost fitxaketa egin dituzte: Nerea Gil, Sara Moles, Andrea Zaldua, Ane Valero eta Paula Molano. Hasierako hirurek esperientzia daukate Ohorezko Mailan eta taldeari «gehigarri» bat eskain diezaieketelakoan dira bai teknikaria eta baita Alba Sanchez kapitaina ere. Batez ere, defentsan «altuera» eta erasoan «mugikortasuna» irabazten dutela nabarmendu zuten biek ala biek.

Helburuei dagokionez, play-offetan sartzea dute xede. Aurten, liga txapelketaren formatua berritasunekin dator eta lehen zortzi sailkatuek kanporaketak jokatuko dituzte liga garaikurra xede. «Azken urteetan taldea urratsak egiten joan da eta lesioek errespetatzen bagaituzte eta erregularragoak bagara, lortuko dugu», esan zuen Rodriguezek. Sanchezen ustez, berriz, formatu berri honekin «liga politagoa izango da, baina baita gogorragoa ere. Bizpahiru talde daude gainontzekoen gainetik, baina beste guztiak aurrez aurre lehiatuko gara».