Azken txanpan murgilduko da Saison Quebec-Pays Basque kultur egitasmoa

Bi urteko ibilbide oparoa ixtear da udazkenarekin batera Saison Quebec-Pays Basque kultur egitasmoa. Jakintza eta sorkuntzaren trukea sustatzeko bokazioa du eta Quebec da horretarako plaza. Bertara joango dira diziplina anitzeko euskal sortzaileak, atondu den programazioan parte hartzera.

Etxepare Euskal Institutuak Tabakaleran egin du aurkezpen ekitaldia.
Etxepare Euskal Institutuak Tabakaleran egin du aurkezpen ekitaldia. (NAIZ)

Etxepare Euskal Institutuak zailtasun handiak gaindituta jarri ahal izan zuen martxan su txikian eta mimo handiaz antolatu zuen egitasmoa: Saison Quebec-Pays Basque. Iaz hasi zen programazioa garatzen, Quebec hirian, bertako errealitate kulturalak eta soziolinguistikoak ematen zituen aukerak aprobetxatuz.

Egitasmoaren bokazioa kultur trukea da, eta horretarako antolatu zituen, besteak beste, euskal sortzaile eta egileen egonaldiak, erakustaldiak, hitzaldiak eta hainbat parte-hartze dela letretan, dantzan, zein musikan. Diziplina anitzeko kultur programa da, eta udazken honetan, iraila honetatik aurrera, azken txanpan murgilduko da. Abenduarekin batera emango zaio amaiera abenturari.

Abentura, bai, izan ere denbora tarte honetan guztian, ia bi urte, 90 profesional eta akademiko hurbilduko dira Quebecera. Guztira, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak ostegun honetan aditzera eman duenez, egitasmoak bost sorkuntza-egonaldi, arte eszenikoei buruzko nazioarteko lau hitzordu, hiru literatura-jaialdi, bi zinema-ziklo, lau musika-bira, arte garaikideko bi jardunaldi, erakusketa bat, mintegi akadmeiko bat eta euskal ikasketen katedra berri bat, Elbira Zipitria izenarekin, egingo dira denera.

Donostiako Tabakaleran egin den aurkezpen ekitaldian, azken programazioari buruzkoa, Bingen Zupiria Kultura sailburuak esan du, Quebecen izatea ez dela kasualitatea, hiria leku «estrategikoa» delako. «Kulturak leku propioa du eta hizkuntzak berebiziko espazioa du», erantsi du.

Lakuako ordezkariaren iritziz, «Quebec eta Euskal Herria beren hizkuntzez harro dauden lurraldeak dira, eta hango hizkuntza politikak beti izan dira guretzat erreferentzia».

Dantza Quebec eta Montrealen

Programazioaren funtsa nagusia Quebec hirian garatuko bada ere, Montreal ere hartuko du egitasmoak. Bertan irailero egiten den Quartiers Danses jaialdiak euskal sorkuntza garaikidean jarriko baitu arreta aurtengo edizioan, eta Basque Focus atalean lau euskal konpainia, bederatzi ikuskziun eta 15 emanaldi eskainiko dira.

Malandain Ballet Biarritzek zabalduko du, hilaren 8an, Montrealgo antzoki nagusian, Maisonave-n. ‘La pastorale’, ‘Nocturnes’ eta ‘Mozart a deux’ ikuskizunak eskainiko ditu hiru egunez. Thierry Malandain konpainiako zuzendaria pozarren agertu da parte-hartzearekin.

Jaialditik ere pasako dira Judith Argomanizen Lasala konpainia, Jaiotz Osa eta Xabier Mujika (Osa + Mujika bikote artistikoa), Proyecto Larrua eta Telmo Esnal. Dantzari lotutako ekitaldiak euskal dantzaren transmisioa ardatz duen ‘Soka’ erakusketarekin borobilduko dira.

Zinemari ere errreparatuko zaio, eta 80. hamarkadatik gaurdaino egindako lanetako batzuk eskainiko dira. Oraingoan elkarbizitza, bakea eta euskal gatazka ardatza izanik, Quebeceko Filmategiak ‘La fuga de Segovia’, ‘Yoyes’, ‘La pelota vasca’, ‘Asier eta biok’, ‘Lasa eta Zabala’, ‘Negociador’ eta ‘Maixabel’ proiektatuko ditu.

Letren eta musikaren diziplinak

Arlo akademikoak ere badu bere espazioa, eta jakintza hau Elbira Zipitria andereñoa izan zenaren katedraren bueltan hezurmamituko da. McGill Unibertsitateak eskainiko du, Garbiñe Iztueta euskara sustatu eta hedatzeko Etxepareko zuzendariak zehaztu duenez.

Ardatza izango dira euskal kultura eta kultur berrikuntza, eta irailaren 9an zabalduko da egun osoko egitarauarekin. Fokua hizkuntzan jarriko da, bau euskal ikuspegitik zein quebectar ikuspegitik. bertako adituez gain, Euskal Herritik joango dira Idoia Fernandez eta Miren Azkarate UPV/EHUtik eta Paulo Suberbiola Soziolinguistika Klusterretik.

Urtea amaitu bitartean, ordea, beste hamaika ekintza daude antolatuta, eta Larrazak eman ditu zenbait zertzelada. Batzuk aipatzearren, Itxaro Bordaren parte-hartzea Trois Rivieres nazioarteko poesia jaialdian, Xabi Aburruzagaren hiru kontzertuak Quebecen edo Mikel Etxekopar eta Claudine Arhancet abeslari xiberutarren egonaldi artistikoa.

Saison Basque-Pays Basque programaziotik at, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Danele Sarriugarte Torontoko Festival of Authors jaialdian egingo dira literatura eta bertsolaritzaren inguruko mahai inguru batean solasteko.