Iñaki  Soto
GARAko Zuzendaria / Director de GARA

Agian, fikzioak ez du beti errealitatea gainditzen

Sobietar armategi nuklearraren eraisketa, arriskuak, eta hauek murrizteko itunak; demokraten eta errepublikanoen arteko polarizazioa; muturreko eskuin arrazistaren eta biolentoaren indartzea; homofobia instituzionalizatua; Auzitegi Goreneko epaile izateko hautagaien zerrenda eta «Roe vs Wade» auziari buruz duten jarrera; epidemiak eta sendagai generikoak Afrikan; unibertsitateko ikasleen zorra… Gaur egungo egunkari estatubatuar baten berriak dirudite, baina ez dira.

Horiek guztiak ‘West Wing’ telesailaren lehen denboraldietan aipatzen diren auziak dira. Telesailak Jed Bartlet (Martin Sheen) buru duen AEBetako administrazio demokrata berria boterera nola iristen den irudikatzen du. Etxean berriro ikusten ari gara, eta harrigarria egin zait politikagintzaren zenbat gai errepikatzen diren. Atzean, aktorez aldatzen den baina iraun egiten duen agenda dago. Dena historikotzat jotzen dugun garaiotan, agian dena idatzita dago, honezkero. Pentsa, bigarren denboraldiaren hasieran, Ukrainako oposizioko politikari batek AEBetako presidentearen babesa bilatzen du.

Kontua ez da gaurkotasuna baretu dela. Duela gutxiko gertaera txundigarriak aipatzearren, talibanak Kabulera itzuli dira tropa okupatzaileak kanporatuz. Duela zortzi urte, misil batek hegazkin komertzial bat bota zuen Europa erdian 298 hildako eraginez, tartean GIBari buruzko munduko aditu ospetsuenak zirela; eta, hala ere, ez zen gerra orokorrik piztu. Orain, ordea, lurralde horretan bertan gerra badago, eta duela 50 urte baino gehiagotik ezagutzen ez zen mehatxu nuklearra dakar. Garai hartan inork ez zuen pentsatuko faxista talde batek Kapitolioa okupatuko zuenik, baina hala gertatu da.

Telesailean, inperialismoaz gain, politikagintzaren bi ikuspuntuk atentzioa ematen didate: alde batetik, intrigazkoa eta, bestetik, kooperatiboa. Talde lana eta sorkuntza lana ederrak dira. Azpijokoa, ordea, politikaren alderdirik pobreena da, zalantzarik gabe. Han eta hemen.

Gauza gehiago egin zaizkit harrigarriak bigarren ikustaldi honetan. 1999an emititzen hasi zen telesaila ikusita, sinestezina da zein normalizatuta dauden emakumeekiko eguneroko tratu txarrak, inpertinentziak eta haien lanaren gutxiespena. Ez da bakarrik postu apalagoak dituztela –nahiz eta sarritan toki horretatik pisu handiagoko pertsonaiak sortu–, baizik eta misoginia kasualki eta modu ulergarrian aurkezten dela. Ez dago ageriko borondate matxistarik, agian guztiz kontrakoa, eta, hala ere, ezinezkoa da patriarkatua etengabe funtzionatzen ez ikustea. Zintzoak bagara, esan behar lehen ez genuela berdin ikusten, ez zitzaigula hain deigarria egiten. Gutako inori ez, zintzoak bagara.

Amaitzeko, bitxikeria bat eta ohar bat. Bartlet presidentearen alaba Elisabeth Moss gazte batek antzezten du. Aktore hori ‘Neskamearen ipuina’ telesaileko protagonista da, June Osborne. ‘Mad Men’-eko Peggy Olson ere bada. Generoaren ikuspegitik, telesailen ordena kronologiko horretan aztergai interesgarria dago.

Hain zuzen ere, ‘Neskamearen ipuina’-ren denboraldi berriaren zain, ‘West Wing’ ikusten hasi ginen. Telesail klasikoetara beti itzul zaitezke eta, orain, beste begi batzuekin ikusten dituzu. Adibidez, zu nola aldatu zaren eta aldi berean mundua ez dela hainbeste aldatu erakusten dizute. Tarte horretan begirada aberastea heltzearen seinalea dela uste dut. Edo hori sinistu nahi dut.