Manex Altuna

Aldaketekin asmatzea eta pazientzia gehiago izatea, lehen porrotaren irakaspenak

Espanyolen kontra Valverdek bigarren zatian egindako lau aldaketek ez zioten batere lagundu Athletici. Are gehiago, taldeak okerrera egin zuen zelaian, urduritasuna nagusitu zen zuri-gorrien artean eta Diego Martinezen jokalariak hobeago moldatu ziren.

Valverde jokalariei aginduak ematen Espanyolen kontrako partidan.
Valverde jokalariei aginduak ematen Espanyolen kontrako partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Valverdek bost aldaketekin jokatzera ohitu beharra daukala aitortu zuen Espanyolen kontrako partidaren atarikoan. Pandemia garaian ezarritako araua berritasun bat da berarentzat. Ligako lehen lau jardunaldietan 22 jokalari erabili ditu entrenatzaile gasteiztarrak. Hamaikakoak oso antzekoak izan diren bitartean, aulkitik ateratako jokalariekin modu ezberdinean hartu ditu erabakiak gidoiak hala eskatuta.

Badirudi, aldagelan giro ona eta lehiakortasuna bultzatzea izan dela bere helburua. Lesionaturik egon direnak kenduta -Iñigo Martinez, Agirrezabala eta Balenziaga- edo heldu berria den Herrera, beste guztiek minuturen bat izan dute.

Mallorcaren aurka esaterako, hainbat mugimendu egin zituen erasoko jokoa suspertu eta gola egiteko. Aulkian zeukan guztia atera zuen: Raul Garcia, Guruzeta, Nico Williams, Zarraga eta debuta egin zuen Malcom Adu Ares ere.

Valentziaren kontrakoan garaipena defendatu beharra zegoen eta taldea sendotu zein denbora galtzeko aldaketak egin zituen. Zarraga, Vencedor eta Raul Garcia zelairatu zituen lehendabizi eta luzapenean Morcillo eta Capa.

Cadizen erabakigarriak izan ziren bigarren zatian irten ziren jokalariak. Azpimarratzekoa Gorka Guruzetak lortutako bi golak eta Morcillok emandako pasea. Raul Garcia eta Dani Garcia ere atera ziren eta Aitor Paredesek lehen minutuak izan zituen.

Azken garaipena lortu zuen hamaikako bera errepikatu zuen Valverdek Espanyolen kontra. Ondo egindako lana saritu nahi izan zuen. Bederatzi jokalari berdinek hasieratik jokatu dute lau partidetan. Unai Simon izan da atezaina. De Marcosek, Vivianek eta Yerayk partida guztietan osatu dute defentsa, zelai erdian Vesga, Sancet eta Muniain izan dira eta goian Berenguer eta Iñaki Williams. Lehen jardunalditik sartu diren bakarrak Nico Williams, Villalibreren ordez, eta Lekue, lesionaturik dagoen Yuriren postuan, izan dira.

Valverderen hautua eraginkorra izan da. Taldeak itxura ona eman baitu eta emaitzak ere lortu ditu. Zazpi puntu pilatu dituzte dagoeneko eta sailkapenaren goikaldean kokatu dira Liga hastapenean. Espanyolen kontrako lehen zatian ere txukun aritu ziren zuri-gorriak. Boxeo borroka bat izango balitz, puntutara irabazten ari ziren.

Bigarren zatian okertu zen norgehiagoka. Vesgak, Sancetek eta Muniainek osatzen duten hirukoak zeukan kontrolari zailtasunak jartzeko Diego Martinezek aulkia mugitu zuen. Keidi Bare albaniarra sartu zuen zelai erdian, Edu Expositoren lekuan, eta Espanyolek jokoa gehiago trabatzea lortu zuen. Bare lesionatu egin zen eta 17 urte bakarrik dituen Keddari atera zen bere tokian. Harrobitik igotako beste bi jokalarik ere egin zuten debuta San Mamesen eta ilusio horrek indar gehiago eta kemena eman zion Espanyoli.

Hiru erdiko atzelarirekin jokatzera pasatu zen, eta galtzeko beldurra eragin ordez, erosoagoa sentitzen joan ziren zelai gainean. Athleticen aldiz, urduritasuna gailenduz zihoan. Valverdek 55. minutuan sartu zuen Gorka Guruzeta. Donostiarra erdiko aurrelari gisa kokatu zen eta Iñaki Williams eskuin hegalera igaro zen. Ulergaitza izan zen Nico Williams zelaitik hain astiro irtetzen ikustea. Batez ere, taldeak garaipenaren golaren bila joateko asmoa erakutsi zuenean.

Villalibre, Zarraga eta Herrera aulkian

Zuri-gorriak nahi eta ezin ari ziren. Ez zuten minik egiten erasoan eta Espanyol hazten ari zen. Unai Vencedor eta Raul Garcia zelairatu zituen Valverdek. Egindako lanari jarraikortasuna eman ezin da, pazientzia galtzen hasi ziren eta presak beren kontra jokatu zuen. Aldi berean, sormen falta nabari zen. Batez ere, freskotasuna eta erabakiak hartzeko bizitasuna. Beroak ere eragin zuzena izan zuen.

Braithwaiten gola Errekaldeko erdilariak galdutako baloi baten ondorioz iritsi zen. Talde osoa aurrera begira zegoen eta defentsa ezustean harrapatu zuten sakonean bidalitako baloi batekin. Vivianek ez zuen jokaldia gelditu eta Yerayren akatsak aurrelaria Unai Simonen aurrean bakarrik utzi zuen. Erdiko atzelari biak bikain aritu dira denboraldi hasieran, baina beraiek egindako huts egiteak lehen gola eta lehen porrota eragin zituen.

Ander Herrera aulkian zegoen eta, harritzekoa bada ere, entrenatzaileak ez zion aukerarik eman. Jon Morcillo izan zen laugarren eta azken aldaketa. Zornotzarra ezker atzelari moduan sartu zen. Ezer gutxirako balio izan zuen. Gol aukera bakarra Yeraik errematatutako falta batean heldu zen luzapenean.

Denboraldi-aurrean maila ona emandako Oier Zarraga eta Asier Villalibre ere jokatu gabe geratu ziren beste aldaketa bat egiteko aukera zegoenean.

Igandean Elx taldea bisitatuko dute zuri-gorriek. Sailkapenaren zuloan dago etxeko taldea puntu bakar batekin. Athleticek ere beste aurpegi bat erakutsi nahiko du. Ikusteko dago aldaketak hamaikakoan edo aulkitik ateratzen direnekin emango diren. Lanean jarraitu eta asmatzea izango da gakoa, beti ere pazientzia galdu gabe. Valverdek esan zuen bezala, zaila da Lehen Mailan partidak irabaztea eta aurkari guztiek gola egiteko gaitasuna daukate.