NAIZ
Donostia

‘Irati’ filmeak irekiko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astea

Paul Urkijok zuzendutako bigarren film luzea, ‘Irati’ (2022), izango da datorren urriaren 28an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Asteari hasiera emango diona. Berri honekin batera, Sail Ofizialeko hainbat film luzeak eman dira jakitera.

Nagore Aranburu eta Ramon Agirre, ‘Irati’ filmean.
Nagore Aranburu eta Ramon Agirre, ‘Irati’ filmean. (FILMAX)

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astea urriaren 28tik azaroaren 4ra bitartean garatuko da Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia Antzokian eta hiriko beste eszenatoki batzuetan. ‘Iratiren’ aurreneko proiekzioa izango da Euskal Herria, Sitgeseko Zinemaldiaren Sail Ofizialean izango duen estreinaldiaren ondoren.
 
Paul Urkijok berak idatzia da –bere lehenengo film luzeak, ‘Errementarik’ (2017), urte hartako Astea inauguratu zuen ere– eta hauek dira bertan protagonista: Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Elena Ruiz, Iosu Eguskiza, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe, Iñigo Aranburu eta Ramón Agirre.

VIII. mendea. Kristautasuna Europan zehar ari da zabaltzen sinesmen paganoak galdu ahala. Pirinioak zeharkatuz, Karlomagnoren tropak aurrera doaz. Hala, haraneko buruzagiak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati. Odol-itun baten bitartez etsaia suntsitzen du trukean bere bizitza emanda; aurretik, ordea, agintarazi egin dio bere seme Enekori bere herria babestu eta bertan bera izango dela buru aro berrian.

Urte batzuk geroago, Enekok misio batekin egiten dio aurre agindu horri: bere aitaren gorpua berreskuratzea, modu pagano batean Karlomagnoren altxorraren ondoan lurperatua. Kristau fededuna izan arren, Iratiren laguntza behar izango du: inguruko neska bat, paganoa eta enigmatikoa. Bi gazteak baso arrotz eta babesgabe batean barrena sartuko dira, non “izena duen guztia existitzen den”.

Irati Zinema A. I. E.k (Bainet, Ikusgarri Films, Kilima Media) produzitu du ‘Irati’, La Fidèle Productionekin koprodukzioan. Azaroaren 18an estreinatuko da zinema-aretoetan, Filmaxek banatuta.

Sail Ofizialean, Heidi distopiko bat

Beldurrezko Astearen Sail Ofizialeko zenbait film luzeen tituluak aurreratu dira era berean astelehenean.

Esaterako, ‘American Carnage’ (AEB, 2022) filmea. Diego eta Julio Hallivis anaia mexikarrek Estatu espainiarrean filmatutako beldurrezko filma hau AEBko immigranteentzako atxilotze-zentroetan inspiratua dago.

Hauxe istorioa: Riversideko bizitza amesgaizto bihurtzen da paperik gabeko immigranteentzat, gobernuaren agindu batek haiek berehala atxilotzea erabakitzen duenean. Handik irten eta herrialdean geratzeko aukera bakarra AEBn jaiotako seme-alabek dute, eta beren familiekin biltzeko adinekoentzako egoitzetan lan egin beharko dute. Juan Pablo, beste gazte latino batzuekin batera, Owl Cove zentrora bidali zuten, eta han laster ohartuko ziren gauzak ez direla diruditenak.

‘Fumer fait tousser’ (2022, Estatu frantsesa) filmean, dortoka deabrudun baten aurkako borroka latz baten ondoren, ‘Tabac Force’ izenez ezagun diren bost justiziariok erretiro espiritual batera joateko agindua jasotzen dute, taldearen kohesioa indartzeko. Antza, Quentin Dupieuxek –‘Mandibules’ (2020) filmaren egilea– bere burua gainditzen jarraitzen du film berri bakoitzarekin.

‘The Lair’ (2022, Erresuma Batua) Afganistanen dago kokatuta. Lurpeko bunker batean  lozorro luze batetik esnatu berri diren izaki ikaragarri eta boteretsu batzuek eraso diote britainiar soldadu talde bati. ‘Dog Soldiers’ (2002) eta ‘The Descent’ (2005) bere lehenengo filmen lurraldera itzuli da Neil Marshall ekintzazko eta beldurrezko film izugarri honekin.

Johanna Spyrik sortu eta Isao Takahatak zuzendutako 70eko hamarkadako telesail japoniar ospetsuak ezagun egindako pertsonaien berrikuspen zoratzailea da Johannes Hartmannen ‘Mad Heidi’ (2022, Suitza). Hemen laburtuta: Heidi gaztea Alpeetan bizi da, Suitza distopiko batean. Hogei urtez geroztik Meili (Casper Van Dien) gaztagile eta presidenteak gobernatzen du herrialdea modu diktatorial batean. Heidi pozik eta herrialdea jasaten ari den egoeraz jabetu gabe mendialdean bizi da bere aitonarekin eta bere mutil-lagun Pedro ahuntzainarekin, zeinak klandestinitatean trafikatzen duen berak egindako gaztarekin. Egun batean mutila aurkitu eta exekutatu egiten dute. Heidik borrokari ekin beharko dio diktadore faxistaren mendetik bere herrialdea eta bere gazta askatzeko.

‘Project Wolf Hunting’ (2022, Hego Korea) Koreako ekintza-zinemarik onenaren adibidea omen da. Zuzendaria Kim Hongsun da eta 19 preso daramatzan kargaontzi arriskutsu batean sartuko gaitu.

‘Shin Ultraman’ (2022, Japonia) filmean Shinji Higuchi eta Hideaki Anno (produktore eta gidoilari) beteranoek, ‘Shin Godzillaren’ (2016) zuzendariek, eraman dute pantaila handira Ultraman pertsonaia mitikoa, 1966an hasi zituena bere ibilerak telebistan.

‘Vesper’ (2022, Lituania-Frantzia-Belgika) Kristina Buožytėk eta Bruno Samperrek sinatzen dute.  Lurreko ekosistemaren kolapsoaren ondoren, 13 urteko Vesper gaixorik dagoen aita zaintzen ari da, eta ahal duen moduan dirau bizirik lur etsai eta arriskutsu batean. Egun batean Camellia gazte eta misteriotsuarekin topo egiten du, aireko istripu bat izan ondoren desorientatua dabilena, eta bera izango da aurreneko aldiz bere bizitzan agertuko zaion aukera etorkizun hobeago bat izateko.

‘Viejos’ (2022, Estatu espainiarra) filmean Manuel da protagonista. Bere seme Marioren eta haren familiaren etxera joan beharrean izango da bizitzera, gertaera izugarri batek emaztea hil ondoren. Lan honekin, Raúl Cerezo eta Fernando González Gómez Donostiako Astera itzuli dira, iazko ‘La pasajera’ (2021) filmaren proiekzioaren ondoren.

Jacques Molitorrek zuzendu du ‘Wolfkin / Kommunioun’ (2022, Luxenburgo). Elaine, ama ezkongabea, kezkaz ari da ikusten nola hasi den bere seme Martin modu arraro batean jokatzen nerabezarora hurbiltzean. Bere ikaskide bati hozka egiten dionean, Elainek, erantzun baten bila, aitaren aldeko aitona-amonen etxera joatea erabakitzen du, inoiz ez baitute haurra ikusi, eta haren berri ere ez baitakite. Haien etxe handian dela, familiaren benetako izaera ezagutuko du, baita bere semearena ere.