Maider Iantzi Goienetxe

Gerraosteko emakume langileen testigantzak jaso ditu Jon Abrilek ‘Isildutako eskuak’ liburuan

‘Isildutako eskuak’ liburuan, Jon Abril Olaetxeak gerra ondoko Euskal Herriko 14 emakume langileren kontakizunak bildu ditu, haien ekarpen sozial eta historikoa ikusgarri egiteko eta aitortzeko. Aditzea izan da idazlearen lana. «Bada erreparazioa egiteko modu bat», adierazi du aurkezpenean.

Jon Abril Olaetxea ‘Isildutako eskuak’ liburua aurkezten, Donostian.
Jon Abril Olaetxea ‘Isildutako eskuak’ liburua aurkezten, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

«Memoria ariketa bat izan da, isilaraziak izan direnei ahotsa eman nahi izatea, ikusezina agerian paratzea, ikusten ez dena ez delako existitzen neurri batean», azaldu du Jon Abril Olaetxeak ‘Isildutako eskuak. Emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian’ liburuaren aurkezpenean. Debako Udalak ematen duen Tene Mujika Saria irabazi zuen proiektuak iaz, eta urtebeteko lanaren ondotik orain argitaratu du beratarrak, Elkarrekin.

«Gizonok idatzi eta kontatu izan dugu historia. Gizon baten eskua badago hemen, baina protagonismo osoa emakumeei eman nahi izan diet, ahantziak izan direlako, zer erranik ez etxetik kanpoko lanei lotuta». Kontakizun nagusi horretatik ihes egin eta gure historia guk geuk osatzeko beharra dugula defendatu du Abrilek. Tene Mujika bekak horretan laguntzen du, hain zuzen.

Donostiako Udal Liburutegian egindako ekitaldian, Xabier Mendiguren editoreaz gain, Aritz Larrañaga Debako Udaleko zinegotzia izan du lagun egileak. Bi proiektu on zeudela ikusita, bi sari eman zituztela oroitu dute, diruaren bikoitza jarrita. Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren ‘M ama eme ume’ eta ‘Isildutako eskuak’ hau izan ziren sarituak, emakumezkoen eta feminismoaren ikuspegitik eginak biak. Lehena bere bidea egiten ari da arrakasta handiz, eta Abrilena ere emankorra izatea espero dute.

Euskal Herri osoan barnako bidaia bat

Abrilen hitzetan, «ahizpatasuna» sortzen du kontakizunak, eta emakume langileen errealitatea hurbiletik ezagutzeko parada.

«Aditzea» izan da egilearen lana eta «plazera». 14 emakume elkarrizketatu ditu. «Euren bizipenak, errealitateak aditu ahal izan ditut; bada erreparazioa egiteko modu bat».

«Hagitz barneratua dugu gure gizartean emakumeak ez zirela ia etxetik kanpo lanean aritu. Uste hori ez da kasualitatea; frankismoak eraiki zuen, lege bat ere ezarri zuen ezkondutako emakumeen presentzia lan merkatuan murriztu edo debekatzeko», oroitu du idazleak.

Liburuak bere mugak dituenez, 11 lanbide aukeratu ditu, Euskal Herriko geografiarekin lotuta, lekuaren arabera ogibideak ezberdinak izan direlako. Ogibideekin mapa bat osatu eta bidaia bat egin du ahalik eta geografia zabalena islatzen saiatuz.

«Neskatoak» abiapuntu

Inspirazio iturri izan zuen 2016an estreinatu zuen ‘Neskatoak’ dokumentala; liburuaren lehen atala haiei eskainia da. Emakume aunitz joan zen filma ikustera, Euskal Herriko 80 herritan izan zen eta guztietan emakumeak azaltzen ziren bizipenak kontatu nahian, neskato ibiliak eta bertze ogibide batzuetan ere bai.

11 lanbide eta 14 bizitza historia biltzea hortik dator.

Bertzeak bertze, Seaskako lehen andereño izan zen Libe ageri da; eta Milagros Otsagabiko emakumea, 8 urterekin unai lanetara bidali zutena mendira; Mercedes eta Rosario, Atarrabiako paper fabrika batean bi aldi ezberdinetan aritu zirenak; Fina eta Belen, Lodosa eta Ondarroako kontserba lantegietan aritutako bi emakume, barazkiekin bata eta arrainekin bestea; Pilar Gasteizko Areitioko kremailera fabrikako langilea, Martxoaren 3ko borroketan zuzen inplikatua; Marta Trapagarango multinazional bateko borrokalari sutsua...

36ko gerra garaian hasi eta 80. hamarkada arte lan mundura sartu ziren emakumeak dira. Euren historiek bide eman diote Abrili gauza gehiago kontatzeko: ikastolen sorrera, gerran nola atera zituzten haurrak, Pirinioaren hustutzea, frankismoaren kontrako borroka, lehen sindikatuaren legeztatzea, mugimendu feministaren hastapenak...

«Liburuak agerian paratzen du frankismoak eta elizak bereziki emakumeengan eragin zuten errepresioa. Gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala agertzen da, emakumeek etxetik kanpo lan egin behar ote duten eztabaida. Oraindik ere bereizten ditugu gizonen eta emakumeen lanak», nabarmendu du beratarrak.

Prest eta harro

Emakumeen prestutasuna «erabatekoa» izan da hasieratik. Gehienetan zuen harreman sarea baliatu du Jon Abrilek haiek topatzeko. Bertze batzuetan ikerlariekin harremanetan paratuz aurkitu ditu. «Pare bat kasutan itsu-itsuan ibili behar izan dut emakume horien bila; hori ere aberatsa izan da. Bi emakume soilik ezagutzen nituen aitzinetik, gainerakoak elkarrizketa egunean bertan ezagutu nituen», kontatu du.

2021eko neguan hasi zen elkarrizketak egiten. Adin bateko emakumeak direnez elkarrizketatuak eta pandemian geundenez oraindik, terrazetan egin zituzten, batzuetan maskara eta guzti. Baina hori ez zen traba izan. «Hagitz erraza izan da haien kontakizuna agertzea. Materiala hain barrenekoa zen, hori paperera eramatea erraza egin zait».

Emakume batek erraten zion izugarri lotsatia dela baina uste duela egin beharrekoa dela kontatzea. «Ahaztuak izan direla sentitzen dute, euren lanak eta borrokak galdu egin direla. Batzuek etsipenez ikusten dute lan merkatua nola dagoen, emakumeen egoera zein den. Zer borroka latzak izan zituzten sistema osoarekin, hasteko familiekin, lankide gizonekin. Hori dena ikusaraztea eta aitortzea esker onekoa izan da haientzat».

«Nire historiak balio al du zerbaiterako?» zalantzarekin hasi ziren arren, gero ikusi zuten baduela zentzua osotasun baten barrenean.

Izen-abizenekin ageri dira emakume guztiak, eta harrotasuna erakusten du horrek Abrilen iritziz. Batzuk argazkietan ere azaltzen dira eta ez daudenak ez da ez zutelako agertu nahi baizik eta ez zutelako euren ogibidean erakusten dituen argazkirik.

Ostegun honetan, 19.00etan Deban aurkeztuko du ‘Isildutako eskuak’ Jon Abrilek, eta ostiralean, ordu berean, Beran.