NAIZ

Bi urteko etenaren ondoren, San Fermin Txikik Iruñeko Alde Zaharreko kaleak hartuko ditu berriz

Bi urteko etenaldia pairatu ondoren, ostiralean San Fermin Txiki jaiei hasiera emango dien suziria piztuko da. Asteburu osoan zehar Alde Zaharrreko eragile, auzokide, merkatari eta tabernen laguntzaz antolaturiko jaiak itzuliko dira.

Corazonistasen piztutako suziriaren ondoren, erraldoiak Alde Zaharreko kaleak alaitu dituzte. 2019ko irudia.
Corazonistasen piztutako suziriaren ondoren, erraldoiak Alde Zaharreko kaleak alaitu dituzte. 2019ko irudia. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Bi urteko geldialdiaren ondoren, Iruñeko Alde Zaharreko kaleetara itzuliko dira San Fermin Txikiko jaiak. Hilaren 23tik 25era izanen dira «jarduera herrikoi, xume, euskaldun, berdinzale eta integratzailez betetako egitarau batekin». Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatu ditu auzoko festa autofinantzatu hauek, hainbat eragileren, auzokideren, merkatariren eta tabernen laguntzarekin, eta, Iruñeko Udalaren laguntza geroz eta txikiagoarekin.

«San Fermin Txikikoak auzotik eta auzoarentzako egindako festak dira, bertan bizi diren pertsona guztiei eskainitako jarduerez beteak. Baina badira ere Alde Zaharrera jende asko dakarten festak. Horrek auzokideongan eragiten duen ezinegona baretzeko, Jai Batzordeak Auzogunearen aldeko apustua egin du beste behin ere. Aurreko urteetan bezala, Santo Domingoko baratzeetan kokatuko da, eta auzoko gune populatuak arintzea izango du helburu. Jai Batzordeak, gainera, etxeetako atariak eta bertan bizi direnak errespetatzearen garrantzia azpimarratu nahi du, festetarako jarriko diren komun publikoak erabili daitezen deia eginez. Komun horiek, bide batez esanda, Jai Batzordeak berak ordaindu behar izan ditu, Udalak gastu horri aurre egiteari uko egin ostean», azaldu dute antolatzaileek.

Suziria, ostiralean

Irailaren 23an, ostirala, botako da suziria Corazonisten plazatik, 12:30ean, korporazio txikiaren eskutik. Ekitaldi horrekin abiatuko dira hiru festa egun. Goiz horretan txikientzako jarduerak egongo dira, puzgarriak Auzogunean, edota erraldoi txikien eta kilikien kalejira, auzoko kaleetan barna. Indarrak hartzeko, herri bazkariak eta Auzogunean egingo den gazte bazkaria izango dira. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien konpartsak auzoko kaleak zeharkatuko ditu, eta txikiek pilota txapelketako finala jokatuko dute, Mañuetako frontoian. Arratsaldean txiki zein helduentzako jarduera gehiago izango dira, eta iluntzean, auzokideek kalera aterako dituzte mahaiak, afari autogestionatuez gozatzeko. Gauean, 22:30ean, bingo handia izango da Nabarreria plazan, eta hainbat kontzertu eta musika emanaldi ere izango dira auzoan zehar, lehen festa eguna osatzeko.

Larunbatean, dianek eta kaleetako hamaiketakoek emango diote hasiera festa egunari, eta 11:00etan abiatuko da Alde Zaharreko erraldoien konpartsa, Plazara!-tik. Goizean zehar hainbat taldek musika eta dantzak aterako dituzte kalera. Eguerdian, Santa Ana plazan kaldereteak prestatzeko aukera egongo da, bai eta Auzogunean zein kale ezberdinetan antolatu diren herri bazkarietan parte hartzeko aukera ere. Festek musikarekin, kirol ekintzekin eta txikientzako jarduerekin egingo dute aurrera; gauean, berriz, musika egongo da Auzogunean, bai eta Alde Zaharreko taberna eta bestelako guneetan ere. Giro zaratatsuenetik aldendu nahi dutenek ere izango dute horretarako aukera. San Jose plazan, Errefuxiatuen Txokoa jarriko du Zaporeak elkarteak, eta Piparrika baratz komunitarioan haurrentzako ipuin-kontalaria izango da, 13:00etan. Larunbateko egitarauan, bada nabarmentzeko hutsune bat ere: aurten, 39 edizio eta gero, ez da Zaharren Krossa delakoa egingo: lau hamarkadetan, aldaketa asko izan dira auzoko bizimoduan, eta bada garaia Alde Zaharreko historiaren parte den jarduera maitagarri honi agur esateko.

Festek igande goizean segituko dute, San Jose plazan jarriko den artisautza azokarekin. Aldapako San Ferminen prozesioak auzoko kaleak zeharkatuko ditu, eta jota jaialdia ere izango da Nabarreria plazan. Arratsaldean, Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien konpartsarekin gozatzeko azken aukera izango da, Plazara!-tik abiatuta. 19:00etan, gurpildun zezentxoen elkarretaratzea
izango da Santo Domingo aldapan. 20:00etan, hirugarren entzierro txikia abiatuko da Corazonistas plazatik, eta azken zezensuzkoa, aldiz, 20:30ean.

Suziria baino lehen

San Fermin Txikiko festen aurretik, jarduerez betetako aste oso bat izango da. Irailaren 16an, 11:30ean, korporazio txikia hautatuko da Burgoen Plazan. Larunbatean, hilak 17, kalejira izango da auzoan barna, egitaraua banatzeko. Asteartean, hilak 20, autodefentsa feminista ikastaroa
izango da, eta asteazkenean, hilak 21, Auzoenearen 30 urteei buruzko dokumental bat proiektatuko da. Ostegunean, 18:30ean, Auzogunea irekiko da. Gainera, aste osoan zehar, auzoko herri mugimenduari buruzko argazki erakusketa ikusi ahal izango da Matalazen.

San Fermin Txikiko festetan ez da inolako jarrera matxista edo homofoborik onartuko, ez eta edozein pertsona edo kolektiboren kontrako erasorik ere. Jai Batzordeak, mugimendu feministarekin eta auzokideekin batera, erantzun protokolo bat osatu du, eta egitarauaren barruan, autodefentsa feministarako tailer bat antolatu da, irailaren 20an, bai eta etxeratze kolektiboak ere, Auzogunetik, ostiraleko eta larunbateko gauetan.

San Fermin Txikikoak festa herrikoi eta autogestionatuak dira, eta jende askoren lana eta babesa behar dute, egin ahal izateko. Laguntza oro da beharrezko. Horregatik, Jai Batzordetik, Alde Zaharreko auzokideei deia egiten zaie, Auzogunearen muntaian (irailaren 21ean, asteazkena)
zein desmuntaian (irailaren 25ean, igandean) parte hartu dezaten. Horretarako, aski da auzogunetxandak@gmail.com helbidera idaztearekin. Zezentxoak edo kilikiak eramateko, itsulapikoak banatzeko edota bestelako lanetarako, azjaiak@gmail.com helbidera idatzi beharko da.