Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘El suplente’, konpromiso sozialari bai ala ez esateko bidegurutzea

Ingurukoek bizi dituzten zailtasunen aurrean inplikatu, bai ala ez? Hauxe Diego Lermanen ‘El suplente’ filmean protagonistak hartu beharko duen erabakia.

‘El suplente’ filmaren lantaldea.
‘El suplente’ filmaren lantaldea. (Jorge FUEMBUENA | ZINEMALDIA)

Toronton estreinatutako filma lehian da Zinemaldiko Sekzio Ofizialean. Larunbat honetan aurkeztu dute hedabideen aurrean Lermanekin batera Juan Minujin, Alfredo Castro, Barbara Lennie, Renata Lerman –zuzendariaren alaba– eta Maria Merlino aktoreek.

Drama soziala eta thrillerra uztartu ditu zuzendari argentinarrak lan berrian. Lucio (Juan Minujin) Literatura irakaslea da Buenos Aireseko Unibertsitatean. Gauzak ez doazkio ondo bizitza pertsonalean. Hori gutxi ez eta bizitza akademikoak ez dio irrikarik pizten dagoeneko.

«Krisian dagoen adin ertaineko gizonezkoa da. Aitarekin, emazte ohiarekin eta alabarekin dituen gatazkak ere kudeatu behar ditu», adierazi du Lermanek.

Hiriko auzo baztertu bateko ikastetxean ordezko lanpostua onartuko du. Ondo ezagutzen du gunea. Han hazi zen. Umetan familiarekin bizi izandako auzora itzuliko da. Aitak bertan jarraitzen du, adinean aurrera doa eta osasunez pattal egon arren jantoki sozialaren ardura du bere gain. Atzean utzitakoarekin berriz aurrez aurre egingo du topo.

Ingurunea bai, ezaguna du, baina ez ikasleek bizi duten egunerokoa: bortxakeria, drogak, nekea... Dylan ezagutuko du bertan, lotura berezia sortuko da bien artean. Narko talde bat atzetik du. Eta hari lagundu nahian ataka estuan sentituko da Lucio.

Bere lan metodoa eta planteamendua bakarrik ez, bizitzaren aurrean duen jarrera ere aldaraziko dio.

Ordezko izatetik titular izatera

Ordezko lanpostua du ikastetxean eta aita desagertzean hark urte luzez bete duen konpromiso sozialarekin zirt edo zart, hautua egin beharko du. «Aitak legatua utziko dio eta futbolean bezala «ordezko izatetik titular izatera igaroko da», esan du.

Juan Minujin berehala erakarri zuen gidoiak eta batez ere «pertsonaiak zuen intepretazio-arku osoak. Baita hezkuntza sistemaren testuinguruak ere».

Filmean parte hartu duten ikasle gazteak ez dira aktoreak. Casting prozesua ere ez zen erraza izan. «Eskola bateko errealitatea ezagutu nuen eta inplikatzen diren eta absente dauden irakasleak aurkitu nituen bertan», kontatu du Lermanek.

«Aktore naturalak dira, ez dute ikasketarik baina konpromisoa izatera eta inprobisazioa lantzera behartu gaituzte gu geu», nabarmendu du Aldredo Castrok.

Berak jokatu du protagonistaren aitaren papera. «‘Inor ez da bakarrik salbatzen’ da filmaren mezuetako bat eta asko gustatu zait, are gehiago bizi ditugun garai indibidualista hauetan. Selfietatik taldeko ekimenetara pasatzeko unea da».

Ez da film korala, baina aktore dezentek parte hartu du eta inprobisazioak paper garrantzitsua jokatu du lan prozesuan. «Askatasuna eman digu zuzendariak», kontatu dute aktoreek.  

Lermanek ikastetxe batera jo zuen dokumentazio bila. Elkarrizketa ugari egin zituen gidoia idatzi aurretik hezkuntza alorrean lanean ari diren irakasleekin eta ikasleekin. Lan nekeza izan du. «Asko kosta zait filma egitea, pentsatzea. Fede sakona izan nuen, premia ikusten nuen era honetako filma egiteko. Zailtasunaren erdian lanean ari diren irakasleak ikusgai egiteko nahia ere banuen», esan du.

Barbara Lennie sartu da Lucioren emazte ohi Marielaren larruan eta Renata Lermanek jokatu du Lucioren alabaren papera. Pozik agertu da berriz Lermanekin lan egiteko aukera izan duelako. «Zinema egitea familia sortzea da eta berriz elkartu naiz lehen ezagutu nuen harekin. Izan ere, gure identitatea besteekin ditugun harremanen bidez osatzen dugu», esan du.

Zuzendariak aitortu du «beldur handia» sentitu zuela aktoreen artean alaba zuelako.

Lermanek ibilbide luzea du ikus-entzunekoen alorrean. ‘Una especie de familia’, ‘La mirada invisible’ eta ‘Refugiado’ dira bere izenburuetako batzuk.