Ekain Garmendia (Logika eta Zientziaren Filosofiako irakaslea EHUn)

Saul Kripke ‘filosofoen filosofoa’ zendu da

Saul Kripke ‘filosofoen filosofo’ izan zen. Alegia, nahiz eta filosofia sailetako korridoreetatik harago inor gutxik ezagutuko dituen bere izena eta obra, bere eragina izugarria izan zen azken 50 urteotako filosofia analitikoan. 1940an jaio zen New Yorken, eta irailaren 15ean hil zen, 81 urterekin.

Saul Kripke 1940an jaio zen New Yorken, eta Nebraskako Omahan hazi. Pasa den ostegunean hil zen, irailaren 15ean, 81 urte zituela.
Saul Kripke 1940an jaio zen New Yorken, eta Nebraskako Omahan hazi. Pasa den ostegunean hil zen, irailaren 15ean, 81 urte zituela. (WIKIMEDIA)

Ura H2O da, hala ikasi genuen eskolan. Ura H2O da, baina izan zitekeen bestela; izan ere, ura H2O dela aurkikuntza zientifiko bat da, ikerketa enpirikoaren oinarrian ikasi genuen zerbait eta, aurkikuntza hori baino lehenago, ez genekien ura H2O ote zen, edo beste zerbait—ura printzipioz ia edozer gauza izan zitekeen. Beraz, bai, badakigu ura H2O dela, baina izan zezakeen beste egitura kimiko bat. Gauzek badauzkate propietate eta izateko moldeak (Pintto zakurra da, Puppy lorez eginda dago, Bernardo Atxaga Joxe Irazu da), baina izan zitezkeen bestelakoak (Pintto izan zitekeen zaldia, Puppy burnizkoa, Bernardo Atxaga izan zitekeen Joseba Sarrionandia Joxe Irazuren ordez). Gauzak diren ez bezalakoak izan zitezkeelako, dauzkaten propietateak kontingenteki dauzkatelako, munduari begiratu beharra diogu, eta ikertu, nolakoak diren jakiteko.

Edo horrela pentsatzen zuten behintzat filosofo gehien-gehienek 1960ko hamarkada inguruan. Saul Kripke ez zegoen ados. Bere iritziz, ura H2O bada, orduan derrigorrez da hori horrela, eta ura ezin zitekeen H2O ez beste ezer izan (Pintto derrigorrez da zakurra, Puppy ezin zitekeen burniz egin, eta beharrezkoa da Atxaga Irazu izatea). Egia da gauza horiek ezagutzeko ikerketa enpirikoa behar dugula, ezin ditugula jakin munduari begiratu gabe, baina, halere, zioen Kripkek, ezin ziren bestela izan.

Alegia: gauzek badauzkatela beharrezko propietate esentzialak, eta zientziak sarri ikergai dituen gauzen esentziak berak deskubritzen dizkigula. Nahiz eta munduari begiratu behar diogun gauzak nolakoak diren jakiteko, batzuetan, gauzak ezin zitezkeen bestela izan. Halako metafisika esentzialistak, berriak izan gabe, erabat alboratuta zeuden XX. mendeko filosofia akademikoan, Kripke (eta beste batzuk) iritsi arte.

Saul Kripke ‘filosofoen filosofo’ deitu ohi diren horietakoa izan zen. Alegia, nahiz eta filosofia sailetako korridoreetatik haratago inor gutxik ezagutuko dituen bere izena eta obra, bere eragina izugarria izan zen azken 50 urteotako filosofia analitikoan, eta bazeukan izar edo mito estatusa halako gaietan aritzen diren filosofo akademikoen artean (komunitate txiki horretan inork halako estatusik baldin badauka). Kripkek ez zuen etika, politika, estetika, filosofia kritiko edo feministarik egin; logika formala, modalitate epistemiko eta aletikoen teoria, erreferentziaren teoria, gogoaren filosofia eta metafisika bezalako alor lehorragoetan aritu zen. Horietan, hori bai, jokoaren arauak aldatzera iritsi zen.

Denok kontatzen dugu anekdota bera akademia kanpoko norbaiti Kripke nor zen azaltzerakoan. Antza, 1950eko hamarkada erdialdean, Harvarden irakasle zen Quine logikari eta filosofoak gutun bat jaso zuen. Gutuna logika modalari buruzkoa zen, logika formalean ‘beharrezko’ eta ‘posible’ bezalako operatzaileak sartzen dituen arlo horri buruzkoa (Quinek kritika gogorrak egin zizkien logika mota horiei). Eta gutunean proposatzen omen ziren planteamendu eta esploratzeko bide berri eta orijinalak.

Saul Kripke izeneko batek sinatzen zuen, ez zuen inork ezagutzen Harvardeko filosofia eta matematika sailetan, segituan gonbidatu zuten Harvarden hitzaldi edo eskolaren bat ematera. Ezaguna da Kripkeren erantzuna: «Nire amak esaten dit aurrena institutuko ikasketak bukatu beharko nituzkeela»: hamahiru urte omen zeuzkan Quineri idatzitakoan. Hamazazpi urterekin hasi zen logika modalari buruzko artikuluak argitaratzen aldizkari zientifikoetan, Harvardera matematika ikasketak egitera joan zenean. Oraindik graduko ikaslea zela, MITeko eta Yaleko master programetan irakasle aritzen zen jada.

‘Naming and Necessity’ren oihartzuna

Filosofian ezagunen da 1970ean Princetonen eman zituen hiru hitzaldirengatik, ‘Naming and Necessity’ izenburupean argitaratu ziren geroago. Hitzaldiotako bigarrena euskaraz argitaratu genuen iaz ‘Gogoa’ aldizkariko ‘Naming and Necessity’ri buruzko ale berezi batean (Kripkeren ‘Identitatea eta Beharrezkotasuna’ ere badago euskaraz, Agus Arrietak itzulita). Ez da azaltzen erraza, honelako testu labur batean, zergatik izan zuen halako oihartzuna ‘Naming and Necessity’k, zergatik liluratu duen hainbeste filosofo eta zergatik egin zuen Kripke ‘filosofoen filosofo’.

Mundu posibleak eta horietaz aritzeko dauzkagun adierazpen motak hartu zituen abiapuntu, lehenago logika modalen semantiketan garatutako erremintak, eta horiek erabili zituen bestelako filosofia-alorretan posizio berriak defendatzeko. Horri adibide eta intuizioetara jotzeko zeukan modua gehitu, eta badago hor filosofia egiteko molde berri bat. Honela, izen propioak eta klase natural terminoak designatzaile zurrunak direla erakutsi zuen, gauza berberari egiten diotela erreferentzia mundu posible orotan eta, beraz, halakoekin osatutako identitate-perpausak beharrezkoak direla egiazkoak izatekotan.

Horregatik, zioen Kripkek, ura H2O dela beharrezkoa da egiazkoa bada, nahiz eta hori a posteriori bakarrik ezagut dezakegun, munduari begiratuta. Ez zen Naming and Necessityn defendatu zuen posizio bakarra: beharrezko a posteriori horiez gain kontingente a prioriak ere badaudela esan zuen, izen propioen teoria deskriptibistaren aurka egin zuen, izen baten erreferentzia determinatzeko mekanismoak hiztunen burutik atera zituen, eta gogo-gorputz materialismoaren aurkako argudio kartesiarraren bertsio berritu bat proposatu zuen, besteak beste.

‘Naming and Necessity’z gain, idatzi zuen liburu txiki bat Wittgensteinen hizkuntza pribatuen aurkako argudioari buruz, eta artikulu ugari idatzi zituen logika, uste-atribuzio, deskripzio definitu edo fikziozko entitateen ontologiari buruz.  

Saul Kripke 1940an jaio zen New Yorken, eta Nebraskako Omahan hazi. Pasa den ostegunean hil zen, irailaren 15ean, 81 urte zituela.