Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Talentu berrien «inkubagailuan», emakume zuzendariak nagusi

Zinemaldia «gaztetu» egiten da Tabakaleran, mundu osoko zinema eskoletako ikasleak biltzen direlako Nest izeneko film laburren nazioarteko lehiaketan. Beste giro bat dago, berezia oso. Lehian dauden 13 lanen artean, aurrenekoz, euskarazko bi film labur, biak emakumeek eginak.

Mikele Landa Tabakaleran, Nest barnean, ‘Noizko basoa’ filmaren estreinaldian.
Mikele Landa Tabakaleran, Nest barnean, ‘Noizko basoa’ filmaren estreinaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tabakalerako zinema aretoa lepo dago asteazken goizean. Agian ikusleen artean eta filmen aurkezpenetan gehien entzuten den hizkuntza ingelesa da. Baina pantaila handian islatzen den hizkuntzen eta paisaien mapa zabalagoa da: esaterako, goiz  batean, Hegoafrikatik (Advik Beni hegoafrikarrak zulueraz grabatu du ‘Ilanga Alikho / The Sun Is Missing’ lana), Korsikara bidaiatu dugu (Marie Sizornen ‘Après le rouge’ film laburra) eta, berriz, Euskal Herrira itzuli gara (Mikele Landa Egigurenen ‘Noizko basoa’ filmarekin)

Zinemaldiko Nest Zinema Ikasleen Film Laburren Topaketaren 21. edizioan gaude, mundu osoko zinema eskoletako ikasleak biltzen dituena. Hautatutako 13 lanen artean, zinema eskoletako ikasleen artean aukeratutako epaimahai batek Nest saria emango dio hautatutako proiektuaren zuzendariari. 10.000 euro, ez da sari makala.

Lehiaketaz aparte, solasaldiak eta industria profesionalen klase magistralak jaso ditzakete egun hauetan. Elkar ezagutzeko aukera, munduko beste toki batzuetan zer «egosten» den ikusi eta datozen proiektuetarako lagungarri izan daitezkeen kontaktuak egiteko parada izango dutelako egun hauetan.

Dolua, mendia, natura, euskara

Kritikari batek dioskun bezala, topagune hauek kabi bat bezala irudikatu daitezke; etorkizuneko zinema egileen «inkubagailuak» izango balira bezala. Nest talentu berrien hazitegia baita hein handi batean.

Eta nondik nora joko dute hurrengo urteetan pantaila handia «elikatuko» duten sortzaileek? Aurten, aurrenekoz, euskarazko bi film labur dira lehian. Biak euskaraz grabatutakoak. Eta egileak, bi emakume. 

Nagore Muriel Letamendia villabonatarrak ‘Erro bi’ aurkeztu zuen asteartean eta, halere, Mikele Landa bizkaitarraren aurkezpenera gerturatu da. Bidean Maider Oleaga zinemagilearekin egin dugu topo. ‘Kuartk Valley’ dokumental ederra eta bitxiaren egilea da Oleaga, eta Zinemaldiaren edizio honetan Kimuak sailean, film labur bat aurkezteaz aparte, sari paralelo bateko epaimahaikidea da. Are gehiago, zinemagilea Mikele Landaren tutorea izan da ikasturte honetan Elias Querejeta Zinema Eskolan.

«Urduritasuna kenduta, aurkezpena nahiko berezia izan zen, familia eta lagunartekoak etorri zirelako eta niretzat laburra pantaila handian ikusten nuen lehen aldia zelako. Berezia, hunkigarria izan zen», dio Nagore Murielek ‘Erro bi’ lanaren estreinaldiari buruz. Heriotza batetik abiatuta, gai desberdinak jorratu ditu. Horietako bat, baserrien desagerpena. «Bada baserritik hirira joatean gaia, baina heriotza da gai nagusiena –argitzen du–. Denok bizi izan dugu heriotza gertutik eta nire familian izan da, orduan min horretatik sortutako laburra izan da».

UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko baliabideak lagunduta sortu du ‘Erro bi’ lana Nagore Murielek. Ez baita erraza proiektu bat ateratzea: zinema egitea garestia da oso. «Unibertsitateak emandako materialarekin eta kontaktu pertsonalen bitartez filmatu dut, baina sartu dut ere nire dirua. Azken finean proiektu bat aurrera ateratzeko diru asko behar da eta ez dauzkagu erraztasunak dirua lortzeko. Diru-laguntzak badaude, baina guk ez ditugu jasoko ez dugulako atzean ekoizle eta enpresa bat, eta ahal dugun moduan atera dugu aurrera. Mila euroren bueltan erabili ditut».

Mikele Landak Elias Querejeta eskolaren baliabideak izan ditu eskura, ikasle izan bitartean gauzatutakoak. «Eskura nuenarekin egin dut. Analogikoan filmatu dut  [16mm-ko kamera txiki batekin] eta garestiago da, baina eskolaren baliabideak izan ditut. Dena eskuekin egin dut, egin dut oso ‘manuala’ eta ez dut gastatu dirurik. Baionan egon nintzen egonaldi batean eta han jaso nuen saria, 1.000 eurokoa, eta hori erabili dut postprodukzio faserako, soinu teknikariari ordaintzeko [(Xanti Xalbador; garrantzi handia du soinuak filme poetiko honetan]... Dirua galtzen ez gara atera!», dio.

Ea bizkaitar herrian baso bat landatzearen ekimen herritarra martxan jarri zenean sortu zitzaion istorioaren hazia Mikele Landari. Film honek ura, lurra eta hizkuntza oso era poetikoan «korapilatzen» ditu, irudia eta soinuaren bitartez, sentimenduak sortzeko ahalmenarekin. Mezua argi dago, bukaerako kantak dion legez: ‘Zaindu natura’.

Eta ez al dago emakume asko euskal zinemagile berri hauen artean? Mikele Landa: «Aitortu behar dut orain, eskolan, emakumeok gehiengoa garen arren, hain justu zuzendaria izateko egiten diren ikasketetan emakume gutxiago gaudela. Hori adierazgarria da, nire ustez. Badago bultzada bat eta guk zinema egiten jarraituko dugu, baina kontua da oraindik egoera ez dela parekidea. Gauza txikietan ere nabaritzen da eta, ikasketetan ikusten bada, imajinatu ezazu benetako arlo profesionalean!».

«Gure hastapeneetan emakumeok zergatik egon gara dokumentalei lotuta? Nik asko maite ditut dokumentalak, jarraitu nahi dut egiten, baina askotan emakumeok behartuta ikusten gara gertuko baliabideak eta istorioak kontatzera, hor dago arazoa. Era beran, uste dut hori lotuta dagoela talde handien gidaritzan oraindik ez dela emakume bat ikusten. Tristea da, iraganeko gauzak ematen dutelako, baina horrela da. Eta gero eta talde handiagoak eta proiektu handiagoak izan behar dituzu azpian... Orduan, hori oso adierazgarria da. Halere, uste dut zinema egiteko moduak aldatzen ari direla emakumeon presentziari esker», bukatu du.

Maider Oleagak zera gehitu du: «Aurten Kimuak-en aukeratutako zazpi film laburretik sei emakumeak zuzendutakoak dira. Horrek adierazten du emakume asko gaudela zinema egiteko gogoarekin, baina badago hor arlo bat non emakume gutxiago iristen den». Zein da, bada, arlo hori? Zuzendaritza, noski. Parekotasuna ez da zinemara iritsi, beste arlo askotara bezalaxe. «Hau estrukturala da, oraindik ere emakume batek egin nahi badu aurrekontu handiko pelikula bat kristoren trabak izaten ditu. Diru gutxiago ematen digute eta gero film intimistak egiten ditugula esan digute».