Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Ardo botila hustu osteko egunerokotasunaren une zehatzenak harrapatzen ditu ‘Walk Up’ filmak

Hong Sang-Soo zuzendari hegokorearraren ‘Walk Up’ Donostiako Zinemaldiaren Atal Ofizialean lehiatuko da. Irudien indarrak eta elkarrizketa luzeek jantziko dute detaileez filmak jasotzen duen erakin baten solairuetan jazoko den egunerokotasun soila.

Kwon Hae-Hyo, Cho Yun-Hee, Song Sun-Mi eta Kim Minhee aktoreak Hong Sang-Soo zuzendariarekin batera.
Kwon Hae-Hyo, Cho Yun-Hee, Song Sun-Mi eta Kim Minhee aktoreak Hong Sang-Soo zuzendariarekin batera. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Orain hilabete batzuk epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuen Berlinalen ‘The Novelist's Film’-ekin, eta ostegun goiz honetan ‘Walk Up’ aurkeztu du Donostiako Zinemaldian Hong Sang-Soo Hego Koreako zuzendariak, Urrezko Maskorrarengatik lehiatzeko.

Zuri-beltzezko lan honek proposamen intimista eta bisuala dakar eta zuzendariak aurretik erabilitako pertsonaia eta paisaia batzuk berreskuratu ditu pantailan. Ardo kopa ugariren bueltan berotutako elkarrizketak dakarzki zuzendariak, prentsa aurrean argitu duenez, batzuk berak izandakoak, beste batzuk kanpoan entzundakoak. Bereak diren jarrera edo ohituretatik ere badu filmak. Horregatik «kopiatzeagatik» edo «alferra» izateagatik kritikatu izan dutela esan du Hong Sang-Soo-k prentsaurrean, baina zuzendariak berean segitzen du: «Atzo pasatu zitzaidan zerbait erabil dezaket pelikulan».

Bere pelikulekin lortu nahi duena sinplea izanagatik ere, ez da erraza: edertasuna lortzea. «Emaitzak dotorea izan behar du, hori da ikusi nahi dudana», esan du.

Hau kontatzen du ‘Walk Up’-ek: Bost urteetan ikusi ez diren aita-alabek bisita egiten diote zinema zuzendaria den aitaren (Kwon Hae-Hyo) lagun zahar bati, barnealdeko diseinatzailea (Cho Yun-Hee), alabari (Kim Minhee) ofizioa ikasten lagundu diezaion. Diseinatzaileak soilairuz soilairu egin dituen berrikuntzak erakusten dizkie eta hirurak solairu bakoitzeko geletan sartzen dira, begiratu bat ematera. Filma horrela hasten da, eta, ondoren, atzera ere behera egin eta pisuz pisu igoko dira protagonistak. Gora-behera horretan ezagutuko du zinema zuzendariak eraikineko jatetxeko sukaldaria (Song Sun-Mi).

Egunerokotasun soilaren momentu intimo, eder edo melankoniatsuak destatu eta zehatz harrapatzen ditu kameran Hong Sang-Sooren pelikulak. Solairuz soilairu aldatuko dira pertsonaiak, paisaiak –beti eraikinaren barruan edo haren kanpoaldean– eta denborak eta, horri esker, zerbait berria gertatuko da uneoro. Begetarianoa izatetik haragia hozkatzera igaroko da Kwon Hae-Hyo-ren pertsonaia, alkohola uztetik ardoa errekuperatzera eta, atzetik, soju botila hustera. Iritsiko da jendearen artean bakarrik sentitzera eta bakarrik egoteko gogoa izatera.

Gai batetik bestera –izan erlijioa, zinema egiteko zailtasunei kritika edo pandemiari buruzko iruzkinak– saltoka igaroko dira elkarrizketa luzeak, hasieran hotz, ardo botila hustu ahala bero.

Gidoiarenak

Berezia da Hong Sang-Soo, eta aktoreak modu berezian jartzen ditu lanean. ‘Walk Up’ prestatzeko ez dute gidoia osorik jaso, egunean egunekoa soilik. «Goizean grabatzen dugun tokira iristen ginen, egun horretako gidoia jasotzen genuen eta lanera. Horrek kontzentrazio maila altua eskatzen du. Baina lagundu dit nire burua ezagutzen eta pertsona nahiz aktore gisa hazten», esplikatu du Song Sun-Mi aktoreak prentsaren aurrean.

Kontzentrazioari eusteko estrategiarekin bat egin dute aktoreek: alkohola edatea. «Askoz gehiago kontzentratzen naiz era horretan. Beste aktore batzuek beharbada ura edaten dute, baina nik ez, nik alkohola hartzen dut», esan du barrez Kwon Hae-Hyok.