NAIZ

Elixabete Etxanobe, emakume bat EAJren Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaia lehen aldiz

Elixabete Etxanoberen aldeko apustua egin du EAJk Bizkaiko ahaldun nagusi izateko, Unai Rementeriak karguan ez duela jarraitzeko asmorik iragarri ostean. Lakuako Gobernuan sailburu izan da eta Bizkaiko Aldundian ere ardurak izan ditu.

Elixabete Etxanobe, Lakuako Gobernuan sailburu izandakoa.
Elixabete Etxanobe, Lakuako Gobernuan sailburu izandakoa. (Irekia)

Elixabete Etxanobe Landajuela izango da EAJren zerrendaburua Bizkaian, ostegun honetan ‘Deia’ egunkariak jakinarazi duenez eta alderdiak gero baieztatu duenez. Bezperan jakitera eman zen Unai Rementeriak ez duela ahaldun nagusi karguan segitzeko asmorik eta erabaki honekin (oraindik berretsia izan beharko dena) lehenbiziko aldiz emakume batek hartuko du Bizkaiko jeltzaleen zerrendaren lehen postua.

Lakuako Gobernuan zein Bizkaiko Aldundian bigarren mailako ardurak izan ditu Etxanobek. Besteak beste, Segurtasun arloko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea izan da, Josu Erkoreka buru duen taldearen barruan.

Etxanobe, eskubidean Erkorekarekin batera, Segurtasun arloan sailburuorde lanetan.

Zuzenbidean lizentziatua da Elixabete Etxanobe. Bere jaioterria den Otxandioko Udalean egin du lan aurretik, bai eta Durangokoan ere.

EAJko alderdikide da 2006tik, eta Otxandion zinegotzi izan zen legegintzaldi batean. Gaur egun, udalerri horretako Udal Antolaketako idazkaria ere bada. Euskaraz, bere ama hizkuntzan, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten eta idazten du, alderdiak nabarmendu duenez.

Rementeriaren erabakiak orain arteko joera zuzentzeko aukera erraztu dio EAJri, erakundeetako ardura nagusiak beti gizonengan jarri dituelako (EAEko lehendakaria, ahaldun nagusiak eta hiriburuetako alkateak). Legealdi honetan ere zazpi postu horiek gizonezkoek bete dituzte.

Gipuzkoan ere gerta liteke emakumezko bat zerrendaburu jartzea, Unai Rementeriak egin duen bezala alde batera egingo duelako orain arte ahaldun nagusia izan den Markel Olanok.

Bide batez, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari izateko hautagaia ere jakinarazi du EAJk: Ana Otadui izango da.