Asier Robles

Kultur kudeaketa feminista baterako bidea marrazten

Eusko Ikaskuntzak antolatutako Bilboko Sinposioaren 26. edizioak kultur politika feministen beharra eta haien indar soziala nabarmendu ditu. Oraindik bide luzea dagoela adierazi dute, baina taldean eta elkarri babestuz lanean aritzea «funtsezkoa» dela nabarmendu dute.

Kultura kudeaketa begirada feminista batetik’ sinposioa.
Kultura kudeaketa begirada feminista batetik’ sinposioa. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Zein pausu eman beharko genituzke kultur kudeaketa begirada feminista batetik egiteko? Nola lortu berdintasuna kulturarako sarbidean, ekoizpenean eta bizitza kulturalaren erabateko gozamenean? Ba al dago Euskal Herrian bide hori jorratzen ari denik? Zein muga eta zein indargune izan dituzte ekimen horiek?

Galdera horiek mahaigaineratu dute ostegun honetan Eusko Ikaskuntzak antolatutako Bilboko sinposioaren 26. edizioan. 'Kultur kudeaketa begirada feminista batetik' izenburupean, Bilboko Udala eta Emakunderen laguntza izan duen jardunaldiak profesionalen, ikasleen eta gizarte-eragileen parte-hartze zabala izan du.

Kultura-politika feministetarako bideak aztertu dira, kultura-bizitzan, sorkuntzan eta ekoizpenean eta kultura-gobernantzan genero-desberdintasunik eta diskriminaziorik gabe parte hartzea bermatzeko.

Taldean eta elkarri babestuz

Haizea Barcenillak eman du hasierako konferentzia eta ondorengo galdera egin du: Kultur kudeaketa feminista, utopia ala helburu?. UPV-EHUko irakasleak kulturaren esparruan hainbat modutan eta kokapenetan jarduten duten emakumeen esperientzia eta estrategien bilduma aurkeztu du. Elkarrizketa- eta truke-lan luze baten ondoren, sei eremutan bildu dituzten ondorioen berri eman du: prekarietatea, denboraren kudeaketa, ikusgarritasuna, autoritatea, balioztatzea eta espazio seguruak eta saretzekoak bermatzea. Haizea Barcenillaren ustez, oraindik bide luzea dago kultur kudeaketa feminista lortu arte, baina «funtsezkoa da taldean eta elkarri babestuz lanean aritzea».

Sinposioan solasaldi sortzaile bat izan da Ainara Azpiazu (Tupust!Kolektiboa) eta Ane Labakaren (Bertsolari feministen sarea) partaidetzarekin. Eta Artaziak Taldeak kultur kudeaketa feministaren ahulguneak eta indarguneak lantzeko tailerra gidatu du.

Ondoren, Jardunbide egokiei buruzko mahai-inguru bat izan da, Oskia Ugarte (Huarte zentroa), Miren Jaio (Bulegoa) eta Usue Arieta (Tractora) partaide izan direlarik. Hirurek deskribatu dute beren ibilbidea mundu artistikoan eta gaur egun lan egiten duten proiektua.

«Tractora makina bat da. Haren kide diren artistak erabili egiten dute garatzeko beraien proiektuak. Ez da kolektibo bat, artisten kooperatiba bat da. Momentu bakoitzean Tractora osatzen duten artisten nahi dutena da kooperatiba hau. Hainbat proiektu ezberdin atera dira azken urteetan», azaldu du Usuek. Bide beretik, artisten burujabetza garrantzitsua dela nabarmendu du.

Prekarietatea eta burokraziaren kontra

Ugartek azpimarratu du kultur munduan dagoen den prekarietatearen eta gehiegizko burokraziaren aurka borrokatu behar dela, «askotan lana oso zaila egiten baituelako».

Jaiok taldean lan egitearen aberasgarritasuna goraipatu du eta hurrengo baieztapena utzi du: «Kontua ez da feminismoak kudeaketa kulturalean egon behar duela, kudeaketa kulturalak feminista izan behar duela baizik». Bestalde, belaunaldien arteko lotura ez galtzearen beharra azpimarratu du.

Amaitzeko, Virginia Imaz artistaren 'Clownclusiones' emanaldia izan da, ondorio nagusiak umorez bildu dituena.

Emakundek, sinposio honen laguntzaileetako bat, hurrengoa adierazi du: «Andozentrismoa eta emakumeen aurkako indarkeria sinbolikoa nagusi da gizarte batean bizi gara. Horregatik, kultur kudeaketan ere, errealitate sinboliko berri bat eraikitzeko, begirada feminista egotea beharrezkoa da».