Nagore Belastegi

Sortuk «itxaropenerako leihoa» zabaldu du, «etsipenari aurre egiteko»

Borondaterik egon ez arren, gauzak aldatzeko aukera badagoela azpimarratu du Sortuk gaur Tolosan egindako ekitaldian, Txiki eta Otaegiren heriotzaren urteurrenaren harira. Egungo gatazkak gainditzeko indarrak batzeari garrantzia eman diote, baikortasunez betetako mezu baten bidez.

Arkaitz Rodriguezen hitzaurrearen ostean ‘Eusko Gudariak’ abestu dute denak batera.
Arkaitz Rodriguezen hitzaurrearen ostean ‘Eusko Gudariak’ abestu dute denak batera. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Nehork ez dio eguri itxaropena kenduko’ lelopean, Sortuk ekitaldi jendetsu eta hunkigarria egin du Tolosako Leidor aretoan, Txiki eta Otaegiren heriotzaren 47. urteurrenaren harira (asteartean izango da). Horiek gogoan izan ditu Sorturen idazkari nagusiak, Arkaitz Rodriguezek: «Europako edozein herrialdetan omenaldi instituzionalak egingo lizkiekete Txiki eta Otaegiri, baina hemen haien memoria kriminalizatu egiten dute, frankismoarekiko haustura demokratikoa oraindik egin ez den seinale», eta gogoratu du egun Euskal Herriaren egoera hobea dela beraiek egindako lanari esker.

Hala ere, bizi dugun garaia erraza ez dela ere kontutan izan du. Izan ere, klima larrialdia, klaseen arteko arrakalaren handitzea eta gatazkak egunero irentsi. behar ditugu albisteetan daude, baita «erregai fosil merkeen amaiera eta inboluzio politikoa eta faxismoaren mehatxua». Kontraz, azpimarratu nahi izan du «albiste oso on bat» dagoela; guztia aldatu daitekeela. Izan ere, Rodriguezen ustez, «badago alternatiba, ez dagoena borondatea da».

Bizi dugun garai nahasien errudunek «izen-abizenak» dituztela azpimarratu nahi izan du Sorturen bozeramaileak, eta horiek seinalatu ostean –«IBEX-35a, industria armamentistikoa, putre funtsak, banketxeak, Iberdrola, Petronor, elite ekonomiko eta finantziaroak, politika neoliberalak, kapitalismoa»– aurrera indarrez ekiteko deia egin du: «Etsipenaren aurrean, jaso dezagun esperantza aktiboaren bandera; antolakuntzaren eta borrokaren bandera; Txiki, Otaegi eta beste askok jasotako hura. Soilik herri antolatuak lor baititzake beren helburuak. Eta herri honek bere helburuak lortzeko determinazioa duelako. Borroka luze honetan jardun dutenei zor diegu, baina batez ere geure seme-alabei zor diegu», aldarrikatu du.

Senideei eskainitako eguna

Ekitaldi politikoa izan arren, orain arte Euskal Herriaren alde borrokan bizitza galdu dutenen senideei eskainitako momentua izan da, omenaldi txiki bat. Frankismo garaiko titularrak jarri dituzte bozgorailuetan, eta argiak itzaltzen zituzten heinean, geroz eta albiste berriagoak entzuten ziren, baina ez horregatik baikorragoak.

Itxaropenaren eta etsipenaren arteko elkarrizketa. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Itxaropenaren eta etsipenaren arteko elkarrizketa. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Eustakio Mendizabal «Txikia» poetaren testuek garrantzia handia izan dute ekitaldi osoan zehar. Zati batean itxaropenaren eta etsitasunaren arteko norgehiagoka irudikatu dute, egunerokotasunean guztien ahotan dabiltzan arazoak aipatuz (matxismoa, krisi ekonomikoa, gerra, migrazioak...), atzean bina lagunek sokaren mutur batetik eta bestetik tiratzen zuten bitartean.

Bideo txiki bat ere proiektatu dute, garai ilunak baina baita ere baikortasunez jositako ekimenak erakutsiz, gure herrian azken urteetan sortutakoak.

Ekimenaren beste une indartsua izan da Ernaiko ordezkariek taularatu direnean, Ane Alava buru zutela. «Gazte borrokak zerbait izan badu, hori anbizioa baita. Eta hori zugandik ere ikasi dugu, Eustakio. 28 urte zenituela erail zintuzten, eta ordurako herri honen historiaren hainbat pasarte idatzi zenituen. Helburu handiak jartzen zenituzten, asko ez zenituzten beteko, baina batzuk bai. Eta horrela egin zuen gure herriak aurrera, euskal gazteriaren anbizioari esker: gazteak ziren herri hau iluntasunetik atera eta matxinada bat abiatu zutenak; gazteak ziren debekuen gainetik lehen ikurrinak atera zituztenak; herriarentzako alternatibak sortzeko espazioak zabaldu zituztenak; gaztetxeak sortu zituztenak; feminismoa lehen lerrora ekarri zutenak; sexu askapenaren aldeko borroka abiarazi zutenak... Gazteak ziren eta gaur ere gazteak gara», adierazi du gazteak.

Ernairen ordezakariak; erdian, Ane Alava. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Ernairen ordezakariak; erdian, Ane Alava. (Andoni CANELLADA / FOKU)