NAIZ

Leitzako Udalak eraso faxisten aurkako elkarretaratzea deitu du datorren ostiralerako

Leitzako Udalak azkenaldian herrian gertatutako eraso faxistak salatu ditu eta datorren ostiralean elkarretaratzera deitu du.

Erasotuetako bati autoan jarritako oharra, ikur nazi batekin.
Erasotuetako bati autoan jarritako oharra, ikur nazi batekin. (erran.eus)

Azkenaldian Leitzan jazotako hainbat eraso faxista jakinarazi eta salatu ditu Udalak. Hori dela eta, datorren ostiralerako, hilak 30, elkarretaratze bat deitu dute ‘Eraso faxistarik ez!’ lelopean.

Izandako lehenengo erasoak Leitzako Pestetan izan ziren. Udalak jakinarazi duenez, bitan mehatxu faxistak agertu ziren beheko txosnan, abuztuaren 9an eta 15ean, hain zuzen ere. Bigarrenean, gainera, herritar bat zuzenean mehatxatua izan zen. Honen ondorioz 150 pertsona elkartu zituen kontzentrazioa gogorarazi dute, ‘Faxismoari stop’ lelopean egin zena.

Urriaren 3an, bestalde, Leitzako beste herritar bati autoko gurpil batean labanaz ebakia egin eta kristalean «Fuera de Leiza putos monos!» zioen oharra jarri zioten leihoan. Mehatxu oharrean, gainera, ‘SS’ ikur nazia ere ageri da, Alderdi Naziaren talde paramilitarra izan zenaren siglak.

Gertatutakoa ikusita, Leitzako Udalak honako erabakaiak hartu ditu: «identitate, izaera, jatorri zein bestelako aniztasunagatik bere eskubideak urratzen zaizkion eta mehatxua jasotzen duen orori» elkartasuna eta babesa ematea; eraso faxistak salatzea «inpunitatez pasa ez daitezen eta berriro gerta ez daitezen», eta «gizarte aske, anitz eta berdinzale bat eraikitzeko konpromisoarekin» lanean jarraitzea.

«Leitzan ez dugu inolako eraso faxistarik onartzen ezta onartuko ere. Hau argi eta garbi adierazi eta ekintzen bidez azpimarratzen jarraituko dugu. Euskal Herriko etorkizuna kolorez marraztuko dugu, aniztasunean eta errespetuz», azpimarratu du Udalak.