Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

‘Txiki’ eta Otaegi gogoratzera batu dira dozenaka lagun eta haize bolada bat

Jon Paredes ‘Txiki’ren panteoiaren aurrean, ‘Txiki’ eta Otaegiri omenaldia egin diete irailaren 27. honetan Zarauzko hilerrian, fusilatu zituzteneko 47. urteurrenean.

Aurreskua eta lore-eskaintza tradizionala egin dute senideek ‘Txiki’ eta Otaegi oroitzeko
Aurreskua eta lore-eskaintza tradizionala egin dute senideek ‘Txiki’ eta Otaegi oroitzeko (Gorka RUBIO | FOKU)

Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldi batek Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegi ETAko militanteak oroitu ditu haien heriotzaren 47. urteurrenean, Gudari Egunean, urtero bezala.

Zarauzko hilerrian elkartu da hainbat pertsona, senideak tartean, ‘Txiki’ren hilobiaren aurrean. Oinez egin dute gehienek hilerrirako bide aldapatsua. Helduak ziren gehienak, baina gazteak ere baziren, belaunaldi berrienak ere bai, kotxe kapotan ala aitaren soinari itsatsita. Gakoa da zer iritsiko zaien hauei hemendik urte batzuetara, artean memoria garatu ez dutenei, zer den ez dakitenei. Haizeak zakar egin du une batzuetan. ‘Txiki’ren hilobian idatzirik, hauxe: «Haizea balez gelditu nahi ukan dute».

Jendea iristerako hilobiaren gainean etzanda ziren ikurriña eta bandera errepublikarra. Paredes zarauztarraren eta Otaegi azpeitiarraren argazkien ondoan, beste hiru, Xose Humberto Garcia Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo FRAPko kideenak, bostak elkarrekin fusilatu baitzituzten Franco diktadorearen erregimenak 1975eko irailaren 27an. Irailak agurtu zituen eta irailero oroitzen dituzte senide, lagun eta herritarrek. Hala izan da astelehen eguerdi honetan ere.

Atzerago ziren ‘Piru’, ‘Tapi’ eta ‘Xenki’ren argazkiak ere, fusilamendua ez beste modu batera hiltzeak ez baitu esan nahi erregimen frankistaren biktimak ez direnik, Martxelo Alvarez 1936-1977 elkarteko kidearen hitzetan. Lorez atondu dituzte zortzien argazkiak, «askoz gehiago» direla jakin arren.

Zortzi militanteen argazkiak, ikurriña eta bandera errepublikarra, ‘Txiki’ren panteoian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Zortzi militanteen argazkiak, ikurriña eta bandera errepublikarra, ‘Txiki’ren panteoian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Horien artean, «Xenki» eta «Murgi», Guardia Zibilak hil zituen ETAko militanteak. Historia hauen atzean urtea askoan mantendutako isiltasuna gaitzetsi du Alvarezek, baina ospatu du gauzak aldatzen ari direla. «Orain, jendearen, memoria elkarteen, alderdien eta beste askoren bultzadari esker, gai gara hitz egiteko, gertatu zena argitara ateratzeko eta kontaketa ofiziala goitik behera gezurtatzen duen kontaketa bat eraikitzeko», agertu du.

Balio horiek

«Garai aztoratuak bizi ditugu», aipatu du Alvarezek, hala Estatu espainiarrean, nola Europan eta munduan, eta zehatzago eta berriago, Italian. «Ikusten ari gara gaindituta uste genituen balio eta egoerak berriro agertzen ari direla. Hain justu, pertsona hauetako bost fusilatu egin zituzten orain dela 47 urte, hain zuzen egun indartzen ari diren balio horietan oinarritzen zen erregimenaren kontra borroka egin zutelako», nabarmendu du.

Hain zuzen, erregimen frankistaren izaera faxistan egin du azpimarra Alvarezek, «hari kontra egiten zion oro sarraskitzen zuelako» eta hargatik fusilatu zituzten ‘Txiki’, Otaegi, Garcia Baena, Garcia Sanz eta Sanchez Bravo. «Gudariak ziren, gutarrak ziren», agertu du.

Astearte honetan bezala, 1975eko irailaren 27 hartatik urtero egiten diren ekitaldien garrantzia nabarmendu du Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak. «Horrelako ekitaldien bitartez geure burua aldarrikatzen ari gara», esan du.

Ohi bezala, kantuz gogoratu dituzte Zarauzko hilerrian militante independentistak, eta aurreskuarekin omendu. ‘Eusko Gudariak’-ekin, azken irrintzia itzaltzearekin batean, amaitu da ekitaldia. Loreak gelditu dira Jon Paredes ‘Txiki’ren panteoiaren altzoan.