NAIZ

Unai Lasok azkenean atzean laga du mokorreko lesioa eta Lau eta Erdikoan izango da

Aurrelari nafarrak Olaizola II.arekin entrenatu ostean erabaki du jokatzeko moduan dagoela. Urriaren 4an jantziko ditu praka zuriak estrainekoz hilaren 7tik hona jokatu gabe egon eta gero. «Kaiola» barruko txapelketan hasi aurretik bi partida jokatuko ditu Lasok.

Berriz ere praka zuriz eta gerriko gorriz ariko da Unai Laso frontoietan.
Berriz ere praka zuriz eta gerriko gorriz ariko da Unai Laso frontoietan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ez al du gintonic bat eskuan ospatuko Unai Lasok frontoietara itzultzea! Bizkarreta-Gerendiango aurrelaria hilaren 7tik hona jokatzeke zegoen ikusleren baten zurrutari atxikitako izotz pusketa urtu batekin laban egin eta aldakan min hartu ostean. Alabaina, astearte honetan Olaizola II.arekin frontoian proba egin du aurrelari nafarrak eta, halakoren baten, baiezkoa eman du. Ondorioz, Lau eta Erdiko txapelketan aritu ahal izango da.

«Proba hau nahiko gustora egin dut, ez baitut molestia handirik izan. Aldakarekin nahiko gustora amaitu dut ere», adierazi du Unai Lasok berak Baiko enpresako webgunearentzat eskainitako adierazpenetan.

Aimarrekin –Olaizolarekin– Lau eta Erdiko frontoiko ariketa batzuek egin ditut eta nahiko pozik amaitu dut. Egia da erritmo falta nabaritu dudala baina ongi, era berean», gaineratu du.

Hala, Buruz Buruko frontoi osoko txapeldunak berriz ere praka zuriak eta gerriko gorria jantziko ditu, Lau eta Erdiko txapelketan parte hartzen hasi aurretik bi jaialditan ariko baita. Hasteko, urriaren 4an Aguraingo herriko frontoian Fernando Eginoren omenaldiko jaialdian parte hartuko duela, Altuna III.a eta Zabaletaren aurka, Mariezkurrena II.a duela bizkarzain. Atzelari berberaren laguntzarekin, urriaren 7an, ostiralez, Ezkurdia eta Martija izango ditu aurkari Atarrabiako pilotalekuan.

«Ea bi partida hauetan erritmoa hartu eta Lau eta Erdirako ondo jartzen naizen», amaitu du Unai Lasok bere adierazpena. Bere hobebeharrez, ez dadila behintzat gintonic baten ingurura hurbildu ere egin.