Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Amal Txikia, haur errefuxiatuen sinboloa munduari biraka

Amal Txikia ez da txotxongilo soil bat. Siriako haur errefuxiatuen sinbolo bihurtu da. 2021eko uztailaren 27an, Turkia eta Siria arteko mugan dagoen Gaziantepetik atera zen bere amaren eta etorkizun hobe baten bila. New Yorkera iritsi berri da 85 hiritatik pasatu ostean.

Amal Txikiak 12 herrialde eta 85 hiri igaro ditu jada errefuxiatuen mezua hedatzen.
Amal Txikiak 12 herrialde eta 85 hiri igaro ditu jada errefuxiatuen mezua hedatzen. (EUROPA PRESS)

Amal Txikia 3,5 metroko altuera duen txotxongiloa da. Siriarra da jaiotzez, baina gerraren ondorioz Turkian errefuxiatuentzat zabaldutako kanpaleku batean bizi da. Amarengandik banandu behar izan zuen, eta haren bila dabil orain mundu zabalean. Hala, 2021eko uztailaren 27an, Gaziantepetik –Turkia eta Siria artean– atera zen 9 urterekin eta geroztik 8.000 kilometro baino gehiago egin ditu. Hamabi herrialde zeharkatu ditu jada, hala nola Belgika, Suitza, Alemania, Frantzia, Grezia eta Italia, non Aita Santuak berak harrera egin zion. Berak ere Poloniako tren geltoki batean harrera egin zien gerratik ihesean iristen diren errefuxiatu ukrainarrei. Orotara, 85 hiritan egon da eta 190 ekitaldi baino gehiagotan esku hartu du. Milioi bat lagunek izan dute bera ikusteko aukera.

Irailaren 14an New Yorkeko JFK aireportura iritsi zen, eta harrera beroa egin zioten. Hirian urriaren 2ra arte egongo da eta ordura arte 55 ekimenetan esku hartuko du New York osatzen duten bost barrutietan. Guztiak doakoak izango dira, heldu nahiz umeei zuzendutakoak. Leku turistikoak bisitatzeaz gain —Times Square, Grand Central Station, Historia Naturaleko Museo Amerikarra eta Parke Nagusia, besteak beste—, Manhattan ezagunetik urrun dauden komunitateetara ere joango da, hala nola Corona Queens auzora eta Bedford–Stuyvesant Brooklynera.

Washington Heights-en saltsa dantzatu, Coney Island-eko itsas pasealekutik ibili, Jackson Heights-eko bateria jotzaileak entzun edo Geltoki Nagusi Handian oinezkoak agurtu eta horiekin argazkiak egin... horiek izango dira egingo dituen beste ekintza batzuk.

New Yorkeko alkatea

«New York hiri interesgarria da, desplazamendu, migrazio behartu eta migraziotik abiatuta eraikitako hiria delako. Sormenaren, berrikuntzaren eta ausardiaren motor oso interesgarria da. Horregatik, egitasmo hau hona ekartzea berezia da guretzat», adierazi du Amir Nizar Zuabik, The Walk-eko zuzendari artistikoak.

EUROPA PRESS

Eric Adams alkateak ongietorria egin dio. «Hiritar guztion izenean, ongietorria eman nahi diot. New York etorkinen hiria da; gutako bakoitza beste leku batetik gatoz, hori da hiri honen magia: jatorri desberdineko pertsonak elkarrekin bizitzen leku berean. Ez du inporta gure arbasoak Mayflowerretik, gerraren batetik ihesean edo gaur goizean Texasetik iritsitako autobus batean etorri diren. Elkartasuna, laguntza eta ulermena zor diogu elkarri eta errefuxiatuen krisia edonor konprometitzen duen krisialdia da. Ez du inporta krisialdi hori Europan, Asian edo Ameriketan bada. Mugak apurtzen dituen krisialdia da. Amalek erakutsi digu egoera ilunenean ere esperantza badagoela. Oso harro gaude Amal gure artean izateaz eta ongietorria ematen diogu New Yorkeko bost barrutietara. Besoak zabalik hartzen dugu ekartzen digun mezua, gizatasunez eta duintasunez beterikoa», plazaratu du Adamsek Twitterren zabaldutako mezu batean.

«Amalek indarkeriaren edo beste arrazoi batzuengatik beraien bizilekuak utzi behar izan dituzten munduko haur guztiak irudikatzen ditu», azaldu du Yazmany Arboleda kolonbiarrak, New Yorkera 3,5 metroko altuera duen txotxongilo honen bisitaren ekoizle artistikoak.

Narratiba aldatu

Amal Good Chance antzerki konpainiak Handspring Puppet Company txotxongilo taldearekin lankidetzan martxan ipini zuen «The Walk» (Bidea) izeneko proiektuaren baitan kokatzen da.

«Munduaren arreta gaur egun beste leku batean dago, baina inoiz baino garrantzitsuagoa da errefuxiatuen krisiari buruzko elkarrizketa berpiztea eta narratiba honen inguruan jartzea. Errefuxiatuek janaria eta mantak behar dituzte, baina duintasuna eta ahotsa ere behar dituzte. The Walk-en helburua errefuxiatuaren potentziala nabarmentzea da, ez bakarrik haren inguruabar beldurgarriak. Amal Txikiak 3,5 metro neurtzen du, mundua bera agurtzeko adina haztea nahi dugulako. Amal inspirazio iturri bat izatea nahiko genuke, pertsonei pentsarazten diena eta ekintzak egitera bultzatzen dituena», nabarmendu du Zuabik. «Migrazioaz eta errefuxiatuez hitz egiten dugunean, ahaztu egiten zaigu erdiak baino gehiago umeak direla», gaineratu du txikienen egoeraz.

EUROPA PRESS

«Amalen ibilbidea Turkian hasi nahi genuen herrialdeak errefuxiatuen krisian izan duen rolarengatik. Turkiako kultura egitura milaka urtez bi kontinenteen arteko zubi izan da eta etorkinak, errefuxiatuak... hartzen tradizio handikoa da», azaldu du. Arabieraz, amal hitzak «itxaropena» esan nahi du, eta hori eraman nahi du txotxongilo honek Europa osora, lekualdatutako milioika haur errefuxiaturen istorioez kontzientziatzeko.

Bere ama berriz ikusi, eskolara joan eta bizitza berri bat hasi nahi duen neska bat da, baina lortuko al du? Hori da The Walk-ekoek luzatu duten galdera eta hausnarketa.