NAIZ

Euskok 61.281 euro eman dizkie 58 elkarteri, «%3ko emaitza» baliabideari esker

Euskoren ‘%3ko emaitza’ baliabideari esker, orotara 61.281 euro eman zaizkie euskotan 58 elkarte hartzaileri. «Tokiko monetaren izaera solidarioa berresten da errekor berri honekin; izan ere, iazko 50.540 euroak aise gainditu dira aurten», adierazi dute euskal monetaren arduradunek.

Larunbat honetan Biarritzen egindako ekitaldia.
Larunbat honetan Biarritzen egindako ekitaldia. (EUSKAL MONETA)

Berrogei bat elkartek parte hartu dute gaur Eusko Elkarteen Egunean, Biarritzeko Surfrider Foundation-en egoitzan. Bertam Regis Enerizek ‘Euskoren %3ko emaitza’ baliabidea aurkeztu du eta erakutsi du «tokiko monetaren erabilerak lurraldeko elkarteei arras konkretuki laguntzen diela». Izan ere, 2013az geroztik, 250.000 eusko eman zaizkie hainbat arlotan –ingurumena, hezkuntza, elkartasuna, euskara, kirola, kultura eta abar– lanean ari diren 70 elkarteri.

Emaitza honen hartzaileek txeke sinbolikoa jaso dute. Hartzaileen artean, besteak beste, Angeluko Kimua ikastola dago. Honek, bigarren urtez jarraian, bere emaitzaren zenbatekoa bikoiztu du: 417 eusko jaso zituen 2020an, 1.021 2021ean eta 2.126 aurten.

«Duela bi urte, Ikastolaren baitan, Eusko batzordea berpiztu genuen. Konturatu ginen jende guztiak Euskoa ezagutzen zuela eta bere baloreekin bat egiten zuela, baina pedagogia apur bat eta aurrera pausoa emateko aukera falta zela. Beraz sinpleki, gogo eta motibazioarekin, informazio mahainak antolatu genituen ikasleen gurasoentzat, kurtsoak eta gero edo gure ekitaldietan. Horri esker, kotizazioen ordainketa moneta lokalean egitea ahalbidetu dugu, eta gure hornitzaileak aldatu ditugu gure euskoak berrerabiltzeko: material pedagogikoa, hornidurak, askariak, ogia, fruitu eta barazkiak, eta abar. %3ko sistemari esker, gure ikasleen ikasteko baldintzak hobetzea lortu dugu, eta urtez urte hobetzen ikustea bikaina da, onuragarria baita gure Ikastolarentzat, euskararen normalizazioarentzat eta Euskal Herriko ekonomiarentzat!», adierazi du Laura Urtasun Akerreta, Kimua ikastolako Eusko arduraduna.

Bizi! elkartea ere bertan izan da. Larrialdi ekologikoaren eta justizia sozialaren alde egiten duen elkarteak, aurten, 4.250 eusko bildu ditu, hots, hartzaileen artean emaitzarik handiena. Halere, tokiko moneta diru-laguntza soila baino askoz gehiago da: «Harriturik gaude emaitzaren zenbatekoaz. Iaz baino 1.000 eusko gehiago bildu ditugu! Eskerrak ematen dizkiegu gure babesleei, tokiko moneta erabiliz gertakariak eta komunikazio-ekintzak finantzatzeko ahala ematen baitigute. Baina, hori baino gehiago, arras kontent gara ekonomia birkokatzeko, inpaktu ekologikoa murrizteko eta Bizik daraman lurralde burujabe baten aldeko proiektua den Euskoren garapenaz», nabarmendu du Jeremie Bude.

«Elkartasuna da Euskal Herriko tokiko monetaren balio nagusietarik bat, eta %3ko emaitza da horren adibide zehatza. Bavariako Chiemgauer tokiko monetak inspiraturiko sistema honen abantaila da denentzat onuragarria dela. Elkarteendako finantzamendu osagarri bat da, eta jendea akuilatzen du Euskoa erabiltzera. Hala, elkarte bat hautatu eta babestuz gero, lurraldearen interes orokorraren alde ere egiten da», ohartarazi du Xebax Christy Euskal Moneta elkarteko lehendakariak.

Gaur egun, 3,5 milioi eusko dabiltza eskuz esku, 4.000 partikular eta 1.300 profesionalen artean. 
«Europako tokiko monetarik handienak garatzen segitzen du, eta emaitza-errekor berri horrekin, erakusten du erabili nahi den moneta hautatzea elkartasun-ekintza arras konkretua dela», azpimarratu dute.