Jon Ormazabal

Jon Guridiren ekarpena; korrika asko baino, egoki eta zentzuz egindakoa

Azpeitiarrak 13,235 kilometro egin zituen asteleheneko Cartagenaren aurkako partidan, aurtengo denboraldian Bigarren Mailan egin den markarik onena, baina bere ekarpena askoz harago doa. Igande honetan Ponferradinaren aurka lehiatuko da Alaves (16.15etan, Mendizorrotzan).

Jon Guridi Huescaren aurkako partidan, Mendizorrotzan.
Jon Guridi Huescaren aurkako partidan, Mendizorrotzan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Boza Maljkovic entrenatzaileak bere Gasteizko etapan utzitako perlen artean, bada bat, politikoki batere zuzena ez izateaz harago, gaur egungo dena datuetan azaldu beharraren moda honi zuzenki kontra egiten ziona. «Estatistikak hondartzan bikini bat bezalakoak dira, gauzak ikusten uzten dute, baina ez beti garrantzitsuena». Zitaren egokitasuna alde batera utzita, horixe izan daiteke Jon Guridirekin aste honetan gerta daitekeena.

Izan ere, Marko seme jaio berria errekor batekin etorri zitzaion azpeitiarrari, Alavesek bere sare sozialetan jakitera eman zuenez, azpeitiarrak Cartagenaren aurka jokatutako partidan 13,235 kilometro egin omen zituen korrika, Bigarren Mailan aurten inork gainditu ez duen marka. Uka ezina da, iaz Realarekin denboraldi hasieran izandako arazo fisikoak gaindituta, azpeitiarra ahalmen fisikoko jokalari bat izatera heldu dela, bere garaian Mirandesen edo aleka Realean –Athleticen aurkako 2020ko San Mameseko derbian esaterako– erakutsi moduan.

Zenbaki honek argi uzten du azpeitiarrak zuen dena utzi zuela zelaian babazorroek puntu bat urratzeko, baina Diego Garcia maitagarriaren oinordeko izateko Azkoiti-Azpeitiko Xeye klubean hautagai hobeak badirenez, Jon Guridiren bikinia erantzita askoz gehiagorekin egingo genuke topo. Izan ere, Alavesen urteroko birmoldaketan, babazorroen zelai erdiko erreferentzia nagusia izateko asmoarekin heldu zen Mendizorrotzara. Realean zuen 2024ra arteko kontratua eten eta Imanolek ematen ez zizkion minutu eta konfiantzaren bila. Eta lehen egunetik Luis Garcia Plazaren ezinbesteko horietako bat bihurtu da. Korrika asko egiteaz harago, lerro artean jokatzeko, area zapaltzeko eta duen mugikortasunari etekina ateratzeko eskatu zion entrenatzaileak, aurrelariaren atzetik jokatuz.

Momentuz, golaren azterketa geratzen zaio gainditzeko, baina bere lana erabakigarria izaten ari da bai defentsan, 21 baloi berreskuratu ditu %87,5eko eraginkortasunarekin eta 141 pase eman ditu, %79,4ko egokitasunarekin eta horietako 9 funtsezkoak izan dira taldekideren batek gola sartu ahal izateko.

Zenbat korrika egin dezake futbolari batek?

Baina hasierako estatistika deigarri horretara itzuliz, zenbat korrika egin dezake futbolari batek partida batean zehar? Zalantzarik gabe, partiden intentsitateak eta futbolari bakoitzak zelaian duen postuak eragin handia dute, baina gaur egungo futbolari batek, gutxi gora behera 8 eta 12 kilometro artean egiten ditu neurketa bakoitzeko. Alor honetan garapena izugarria izaten ari da eta gainontzeko kirol gehienetan bezala, atleta handiak izatea funtsezkoa da, gainerako alor teknikoak alde batera utzita. UEFAren zenbait ikerketen arabera, 50eko hamarkadako futbolari batek 4-5 kilometro egingo zituen partidako, 70 hamarkada hasieran 6 inguru eta 80ko hamarkadan distantzia 8 kilometrotara igo zen.

Eta nola banatuko litzateke korrika egindako denbora hori? Gaur egun zelai guztietan dauden kamerei esker datu hauek guztiak oso xehatuak daude eta Donald T. Kinkerdallen "Exercise and sport science" ikerketaren arabera, futbolari batek %66 eta %72 artean oinez emango luke, %18 eta %20 ingurua emango luke korrika txikian eta %7 eta %8 artean sprintean. Zehatzagoak izanda, 800 bat metro egingo lituzkete korrika bizian, ohikoena 10 eta 40 metro inguruko korrikaldi laburretan.

Baina Jon Guridiren zenbakietara itzuliz, eta Cartegenakoa ohikoaz harago dagoen zerbait dela jabetzeko, gaur egun dagoen txapelketarik fisiko eta exijentziarik handienekora jo genezake, Champions Leaguera eta UEFAk emandako datuen arabera, Bayern Municheko Kimmich da orain arteko bi jardunaldietan kilometrorik gehien egin duen futbolaria, denera 25,8; hau da bi partida jokatu dituenez, 12,9ko bataz besteko bat.